euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bartzelonako Euskal Etxeak bertsoa eta zinema batuko ditu lehenengo BertsoLaburmetrai Lehiaketarekin

2009/02/20

Bartzelonako Euskal Etxearen Zinemaldiaren logotipoa
Bartzelonako Euskal Etxearen Zinemaldiaren logotipoa

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Euskal Etxeak urtero antolatzen duen Zinemaldiak laugarren edizio honetan euskal zinemaren erakusleiho izatetik zentro sustatzaile izaterainoko pausoa ematea nahi izan du, eta asmo horrekin laburmetrai lehiaketa deitu du. Lehiaketa, baina, berezia da, zinea eta bertsoa uztartzen baititu. Andoni Egañak jarritako lau errimatan oinarrituta egin beharko dituzte partehartzaileek laburmetraiak. Irabazleen lanak euskal etxearen webgunean eta Euskal Herriko eta Kataluniako kultur zirkuitoetan izango dira ikusgai.

Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxeak ekimen berria jarri du abian bere Zinemaldiaren barruan. Urtero egiten den euskal zinema jaialdi hau zine erakusleiho izatetik zinea sortzen duen ekitaldi izatera pasatzea nahi dute antolatzaileek, eta horretarako BertsoLaburmetrai Lehiaketa deitu dute. Bideo lehiaketa bat izango da eta jendeak bidalitako lanak euskal etxeak sorturiko webgune batean zintzilikatuko dituzte, jendeak ikusi ahal izateko.

Bertsoak eta zinea batzea izan da erronka, eta elkarteak Andoni Egaña bertsolari ezagunaren laguntza izan du horretarako: Egañak lau errima eman ditu (webgune honetan ikus daiteke Egañaren bideoa) eta partehartzaileek hitz horiek oinarri hartuta gehienez bi minutuko iraupena izango duten lanak egin behar dituzte. Hitzek bideoan agertu behar dute, alegia.

Lanak euskaraz eginak izango dira (irabazle suertatzen diren lanak katalanez azpititulatuko dira, Katalunian hauen banaketa errazteko). Lehen edizio honetako epaimahaikideak Kike Amonarriz, Iban Garate eta Joxerra Gartzia izango dira, bertsolaritza eta irudiaren munduarekin lotura estua dutenak.

Euskal Herrian eta Katalunian zirkuitoa

Hamar lan onenak 2009 urtean zehar bai Katalunia, bai Euskal Herriko hainbat zinema eta kultur gune ezberdinetan ikusi ahalko dira. Edonork parte hartu dezake lehiaketan, baita Diasporako euskaldunek ere. Era berean, kataluniar euskal etxeak deialdi berezia egiten die Euskal Herriko eta Kataluniako kultur elkarte, zinema, zine-klub edo kultur etxe guztiei, bideo hauen emanaldiak antolatzeko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi e-maila hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia