euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Baietz' Musika Taldearen eskutik Euskal Herriko soinu tradizionalak entzun ziren San Nicolas hirian

2010/10/29

'Baietz' Musika Taldeko kideek euskal tresnei buruzko tailerrak eskaini zituzten San Nicolasen. Irudian, txistua lantzen.
'Baietz' Musika Taldeko kideek euskal tresnei buruzko tailerrak eskaini zituzten San Nicolasen. Irudian, txistua lantzen.
San Nicolaseko Euskal Etxea antolatzaile eta bertako 501 zenbakidun Arte Eskolaren babesarekin, 'Baietz' Musika Taldeak euskal tresna tradizionalei buruzko tailer eta kontzertuak eman zituen joan den urriaren 22 eta 23an Buenos Aires probintziako hiri honetan. Euskal etxeko kide eta eskolako ikasleen artean harrera paregabekoa izan zuten bi jarduera hauek esperientzia ahaztezina izango dira musikari cordobatarrentzat. "San Nicolaseko Euskal Etxeko lagunek gure proiektuan sinesten dute eta aukera ederra eman ziguten egiten dugun lana erakusteko. Pozik eta eskertuta gaude”, adierazi diote EuskalKultura.com-i 'Baietz'-eko mutilek.

PUBLIZITATEA

San Nicolas de los Arroyos, Argentina. "Kontzertuak eman aurretik, tailer pedagogikoen bidez jendeak, eta zehatz-mehatz San Nicolas bertako musikariek, euskal tresna tradizionalak ikusi eta jotzeko aukera edukitzea zen gure proposamena. Eta ondo asko bete genuen helburua", azaldu diote 'Baietz' Musika Taldeko kideek EuskalKultura.com-i. Izan ere, jendetsuak izan ziren oso tailerrak zein kontzertuak.

Baietz Musika Taldea San Nicolasen 2010 01

[Adin guztietako ikasleek hartu zuten parte tailerretan. Irudian, putz egiten albokari barneko musika ateratzearren]

Lehenengo klasea urriaren 22an burutu zen 501 zenbakidun Arte Eskolan eta berrogeita hamar bat ikaslek hartu zuten parte. Klasearen ondoren, taldeak laurogei ikaslerentzako kontzertua eman zuen eskolan bertan. Baina ekitaldia ez zen hor bukatu. Jankinmin eta interesa handia erakutsi zutenek tailerrekin jarraitu ahal izan zuten biharamunean euskal etxearen egoitzan. Larunbatean, tailer bakoitzean euskal tresna bati buruz hitz egin zuten adituek, besteak beste xirula, ttun ttuna, alboka eta txalapartaz.

Baietz Musika Taldea San Nicolasen 2010 02

[Tailerrak eskaintzeaz gain bi kontzertu eman zituzten 'Baietz' osatzen duten bost musikari corodobatarrek]

Larunbateko errezitalarekin agurtu zuten etxe anfitrioia 'Baietz'ekoek. Euskal Herriko soinuak edergarri izan zituen afari bat konpartitu zuten Cordobako mutilek eta euskal etxeko kideek. "San Nicolasen aurkitu genuena eta ez da leku askotan ikusten. Zoragarria da euskal etxeko kideek elkarlanerako daukaten gaitasuna; eta aipagarria da erakundeko lehendakaria den Damian Cebey-ren engaiamendua", adierazi du Gaspar Jaurena musikariak. "Espero baino askoz gehiago bildu genuen San Nicolasen. Euskal kultura zabaltzeko eta komunitatearekin batera lan egiteko jarrera eredua izan daitezke euskal diasporan", azpimarratu nahi izan dute 'Baietz'-ko kideek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia