euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bahia Blancako Union Vasca, 32 urtez jarraian hiriko Nekazaritza Elkarteko Erakusketan partaide

2017/10/11

'El Quincho de los Vascos' Bahia Blancako Nekazaritza Elkartean
'El Quincho de los Vascos' Bahia Blancako Nekazaritza Elkartean

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintziako euskal etxe zahar eta aktiboenetako bat da Bahia Blancakoa. Azken aste hauetan bere betiko ekintzak –dantzak, euskara, kirola...– garatzeaz gain, Uzturre Munduan euskal elkarteko ordezkariekin batera dantza eta musika tailerrak antolatuditu. Bere egoitzatik kanpo ere aritzen da euskal etxea. Hiriko Nekazaritza Elkarteko Erakusketan ‘Quincho de los Vascos’ izenekoa muntatu du aurten ere, hogeita hamabi urteko ohiturari eutsiz.

Bahia Blanca, Argentina. Lan talde polita osatzen du urtero Union Vasca-k hiriko Nekazaritza Erakusketaren baitan ‘Quincho de los Vascos’ euskal standa montatzeko. Asteburu osoan zehar, adin guztietako dantzariek, dantza zuzendariek, batzordeko kideek eta etxeko lagunek bat egin dute aurten ere janari tipikoak eta mota askotako mokaduak prestatu eta saltzeko. Union Vascako lehendakari Juan Manuel Lopeteguik EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “duela 32 urte garai hartako dantzari baten aita Nekazaritza Elkarteko batzordean zegoen eta gonbidatu gintuen stand bat antolatzera. Hortik aurrera urtero egin izan dugu; oso ekintza polita da taldearentzat eta oso lagungarria baita ere erakundearen mantenurako”.

Standean, euskal janariaz gain Euskal Herriko hainbat ikur, tartean ikurrinak eta lauburuak, jarri ziren apaingarri.

Uzturre Munduan

Iazko esperientzia arrakastatsua errepikatu dute aurten ere, Euskal Herritik etorririk, Uzturre Mundua elkarteko hiru ordezkarik Bahia Blancan. Irailaren 12tik 17ra dantza, musika, eta oro har euskal kultur tailerrak eskaini zizkieten gazteek euskal etxeko kide eta lagunei. Ekitaldi astea bukatuta, afari ederra antolatu zuten bahiatarrek bisitariei eskerrak eman eta agur esateko.

Datozen asteetan, Euskal Astera bidaiatuko dute Union Vascako lagunek; dantzariek ez ezik, laguntzaile talde jendetsu batek ere hartuko du parte San Nicolaseko Euzkal Etxea prestatzen ari den jaian. Eta 2017a bukatu aurretik, urte amaierako jaia egingo dute. “Seguru asko, abenduaren hasieran, Euskararen Egunarekin batera ospatuko dugu”, aurreratu digu Lopeteguik.

Union Vascari buruzko berriak https://unionvasca.weebly.com  webgunean edota Unión Vasca Facebook kontuan.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia