euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Badator General Las Herasko 5. Euskal Astea-Urte Amaiera Jaia, herri kirolak, pilota, musa eta dantzak barne

2015/11/26

Gral. Las Herasko Zazpirak Batek antolatutako Euskal Astearen afixa
Gral. Las Herasko Zazpirak Batek antolatutako Euskal Astearen afixa

PUBLIZITATEA

General Las Herasko Zazpirak Bat Euskal Etxeak antolaturik, abenduaren 1etik 13ra luzatuko da 2015 honetan Buenos Aires probintziako herri honetako Euskal Astea. Urtero egiten legez, hainbat ekintza burutuko dira programa barruan, guztiak baserri kultura eta ohiturekin lotuta. Gonbitea luzatuta dago eta lehiaketetan edota azken bazkarian parte hartu nahi duenak izena ematea baino ez du.

General Las Heras, Argentina. Urte amaierarekin batera, Buenos Aires probintziako Zazpirak Bat Euskal Etxeak bere Euskal Astera-Urte Amaiera Festara biltzeko gonbitea luzatzen dio komunitateari. Deialdia oso arrakastatsua izaten da beti –iazko herri kiroletan ehundik gora kirolarik hartu zuten parte eta bazkarian, berrehun bat lagunek– eta aurtengoan kopuru berdintzea bederen espero dute antolatzaileek.

Hona abenduaren 1ean hasiko den programa:

  • Asteartea, abenduaren 1a, ordu 2etan:  Pilota Txapelketa, Los Robles Kultur eta Kirol Gunean. Modalitateak: 30 metroko pilotalekuan, gomazko pilotarekin
  • Osteguna, abenduaren 10a, gaueko 9etan: Mus Txapelketa Euskal Etxearen egoitza den Sportsmen Klubean
  • Larunbata, abenduaren 12a, goizeko 11etan: Sega Txapelketa; arratsaldeko 4:30etan, Plater Tiro Txapelketa. Bi ekintzak Echegaray lantegiaren aurrean izango dira. Euskal taberna zerbitzua ere egongo da
  • Igandea, abenduaren 13a, goizeko 11etan: Herri kirolak: Aizkolari eta Trontzalari Txapelketak. Sokatira. Aktibitateak Euskal Etxearen aurrean egingo dira, Lozano kalean. Arratsaldeko ordu 2etan, Bazkaria. Euskal dantza erakusketa herriko dantzarien eta Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeko dantza taldearen eskutik. Lehiaketen sari-banaketa.

Aktibitateei buruzko informazio gehiago eskatzeko edo parte hartzeko izena emateko, zazpirakbat.lh@gmail.com helbidera idatzi



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia