euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

XIX. mendeko euskal partitura bat, Buenos Airesen aurkitua, kontzertuan eman dute, Euskal Echearen eskutik

2011/12/15

J. A. Abbadie-ren  “Israelen esperantza” piezaren eskuizkribua (argazkia Enrique Godoy)
J. A. Abbadie-ren “Israelen esperantza” piezaren eskuizkribua (argazkia Enrique Godoy)

PUBLIZITATEA

2006an, hiriburu argentinarreko San Jose Eskolako kaperan, eskuz idatzitako izen gabeko partitura bat aurkitu zuen Enrique Godoy organogile eta konpontzaileak. Zegozkion ikerketak egin ondoren, obra J. B. Abbadie apaiz, konpositore eta organistarena zela ohartu zen Godoy. Pieza 1862 eta 1908 urte bitartekoa dela ondorioztatu zuen eta dokumentuari lotutako misterio batzuk dirauten arren, Ana Paula Segurola organo-jotzaileari eta Euskal Echea Institutuari esker, bi kontzertutan entzun ahal izan da Buenos Aires hirian abenduaren 6an eta 13an. Ekimenak Argentinako Kultura Idazkaritza Nazionalaren babesa eta Jose Luis Castiñeira Arte Zuzendariaren laguntza izan du.

Buenos Aires, Argentina. “J. A. Abbadie-ren eskuizkribua Buenos Aires hiriburuko San Jose Eskolako kaperan aurkitu nuen, armairu batean utzita”, azaldu dio Enrique Godoy-k EuskalKultura.com-i. 2006an Eskolako organoa konpontzeko deitu zidaten eta lan egiten ari nintzela topatu nuen. Ez da batere arrunta izaten eskuz idatzitako musika aurkitzea; beraz, jakinmin handia sortu zitzaidan. Gainera izengabeko lana zenez, interesgarriagoa beraz”.

Partitura aurkitu zuen Enrique Godoy organogile eta konpontzailea da. Hogei urtez izen handiko hainbat instituziotako organoak konpondu ditu, Argentinan zein Argentinatik kanpo. Konpontzeaz gain, adituak Nuestra Señora de Loreto elizako organoa eta Phil D’ Or taldeko bi erregistroko organoa eraiki ditu. Baina ikertzaile ere ibilia da Godoy. Izan ere, organoaren historia eta garapenari buruzko artikulu anitz idatzi ditu eta lan horiek medio, nazioarteko kongresuetan parte hartzeko aukera izan du.

Dokumentuaren jatorria

Enrique Godoy-ren jardunbideaz jakinda gero, ezin da esan J. A. Abbadie-ren partitura aurkitu eta bere balioaz ohartzea kointzidentzia hutsa izan zenik. Izan ere, adituaren ezagutza eta interesa ezinbestekoak izan ziren eskuizkribua nondik zetorren eta zer zen jakiteko.

“Zorionez, obrek berek, zein organo motatan jo behar diren eta gisa honetako xehetasunak ekarri ohi dituzte. Informazio horrekin erraz jakin daiteke zein tresnatan jotzeko egin zuten. J. A. Abbadie-ren partituraren kasuan, hamabost erregistroko organo erromantiko frantsesarentzat egin zen. Horretaz gain, ia lan guztietan, noiz sortu zuten ere aipatzen da eta datu horrekin egilea noizkoa den ere jakin daiteke”.

“Autorea nor izan zen argitzeko ere ikerketa polita egin behar izan nuen. Partituran J. A. A. sinadura agertzen zen eta oso lagungarria suertatu zen frantsesezko esaldi bat: Notre-Dame du Refuge de Anglet-eko organoaren inauguraziorako idatzia, 1898an.  Anglet-eko komentuko mojekin jarri nintzen kontaktuan eta esan zidaten oraindik ere organo hori bertan dagoela. Are gehiago, organoaren estreinaldiaren egitaraua gordeta zuten eta paper horretan agertzen zen hemen aurkitu nuen lana”.

J. A. Abbadie apaiza, konpositorea eta Notre-Dame de Betharram-eko organista izan zen. "Eskuizkribua Argentinara nola heldu zen… galdera horri ezin diogu erantzun… agian Abbadie Argentinan ibili zen edo agian Argentinara etorri zen Europako lagun bati eman zion… misterio hori ezin izan dugu argitu”. 

Enrique Godoyk argitzen duenez, J. A. Abbadie-ren lan hau 1862 eta 1908 urte bitartekoa da eta urte liturgikoaren une askotarako kantiken bariazio sorta batzuk osatzen dute. Horietako batzuk, 'noëls' izenekoak dira, Gabonetarako alegia.

Abbadie-ren lana Euskal Echea Institutuan

“Urte hasieran, Euskal Echea Institutu kaperako organoa tonuan jartzeko deitu zidaten eta hor Enrique Arambururekin topo egin nuen”, kontatzen digu Godoy-k. Berari komentatu nion San Jose Eskolan aurkitutako partiturari buruz eta oso interesatuta zegoenez, dokumentua doaitzan ematea erabaki nuen baldintza bakar batekin: eskuragai egon dadin”.

Eskuragai ez ezik, musika bera entzungai ipini dute Buenos Aireseko lagunek. Lagun izan dute horretan Euskal Echea institutuko eta Argentinako Udako Euskal Unibertsitateko organo-jotzailea den Ana Paula Segurolaren, hala egin baitu birritan, abenduko lehenengo bi astearteetan.

“Partitura eskuratu bezain laster Ana Paulari eman nion, jo eta presta dezan. Zalantza ugari izan arren, daukagun materialarekin ia ziur gaude J. A. Abbadie apaiza euskalduna zela, Betharram-ekoa zela kontuan hartzen badugu. Beste datu bat ere badugu eta ziur aski ez da kasualitatea izango. 1905. urtetik, Notre-Dame du Refuge de Anglet-eko ahizpak Euskal Echea institutuko nesken hezkuntzaz arduratu ziren, bai hiriburuan, bai Llavallolen. Agian, beste lotura bat dago hor. Bistan da asko miatu behar dugula orandik".

Enrique Aramburu, Argentinako Udako Euskal Unibertsitateko arduraduna, areago doa eta EuskalKultura.com-ekin hitzegiteak ematen dion aukera baliatzen du, deia luzatuz "norbaitek informazio zehatzagoa baldin balu, gurekin harremanetan jar dadin". "Oso baliogarria izango litzaiguke" diosku.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia