euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako 'euskalakari'en babesa izan zuen Korrika 17k bai Donostiako helmugan eta baita munduan ere

2011/04/19

Eguraldia makurra izan bazen ere, New Yorkeko Korrilakariek tinko eutsi zioten Korrikaren lekukoari (argazkia Koitz)
Eguraldia makurra izan bazen ere, New Yorkeko Korrilakariek tinko eutsi zioten Korrikaren lekukoari (argazkia Koitz)

PUBLIZITATEA

Igandean heldu zen Korrika 17 Donostiako helmugara, eta azken kilometroetan bertatik bertara jaso zuen Diasporako euskaldunen babesa, izan ere Europako bost euskal etxek lekukoa eraman baitzuten kilometro batez Kontxako pasealekuan. Baina Donostiara ez ezik, munduko beste zenbait bazterretara ere heldu zen Korrika azken txanpa honetan: asteburu honetan Korrika ekitaldiak egin dira New Yorken, Mexiko hirian eta Buenos Airesen, besteak beste. Jarraian ekitaldi desberdinen argazkiak eta Frantziako Tolosako euskaldunek egin zuten bideo bat jasotzen ditugu. Segituko dugu berri ematen, datozen bi asteotan Necochea (Argentina) eta Boise (AEB) bezalako Korrikako ekitaldiak gelditzen baitira.

Donostia-San Sebastián. Euskal Herriko zazpi probintzietako milaka euskaltzalek bete zuten igandean Donostia, Korrika 17ren helmugaratzea ospatzen. Tartean bazegoen zortzigarren probintziako euskaldunik ere, baina Diasporak presentzia sendo eta instituzionala agertu nahi izan zuen eta Bartzelona, Erroma, Londres, Paue eta Suitzako euskal etxeetako ordezkariek Kontxako pasealekuan hartu zuten Korrikaren lekukoa 2.448 kilometroa euskal diasporaren izenean egiteko.

Hori Donostian bertan. Baina Donostiatik milaka kilometrotara ere makina bat 'euskalakari' aritu zen korrika, lasterketarekin bat eginez. New Yorken adibidez, Brooklyn auzoko Williamsburg inguruan bildu ziren Eusko Etxeak deituriko lagunak eta, eguraldi petralari umore onez aurre eginez, haize ufada eta euri zaparrada artean egin zuten ibilbidea. Ia 50 lagunek parte hartu zuten ekitaldian, McCarren parkea lasterketako abiapuntu.

Korrika 17 New York (1)

[Brooklyneko kaleetan zehar ibili zen New Yorkeko Korrika 17 (argazkia Koitz)]

Korrika 17 New York (3)

[New Yorkeko euskalakariak, Manhattaneko skyline ezagunaren aurrean (argazkia Koitz)]

Buenos Aires eta Mexiko

Argentinan Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiak zenbait ekitaldirekin ospatu zuen Korrikaren Eguna. Egoitza berrian bildu ziren elkarte argentinarreko kideak, euskara ikasleak eta irakasleak, azken finean eurena den --urtean zehar euskararekiko engaiamenduari ohore egiten diotenen, euskara eskolak hartzen eta ematen dihardutenen-- eguna ospatzeko. Eguneko argazki sorta argitaratu du Euskaltzaleakek bere Facebook orrian.

Korrika 17 Euskaltzaleak Buenos Aires

[Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarteko kideak Korrika 17ren helmugaratzea ospatzeko bildu ziren (argazkia Euskaltzaleak)]

Mexikora ere heldu zen Korrika, baina kasu honetan astean zehar. Iragan asteazkenean abiatu zen Mexikoko Korrika UNAM unibertsitatetik, Euskara eta Euskal Kultura irakurle programako irakasle eta ikasleek antolatuta. Gurutzne Etxeberria irakasleak eta zenbait ikaslek eraman zuten lekukoa. Nerea Basterretxea irakurlea argazkilari lanetan ibili zen. VascosMexico taldearen webguneko argazki galerian dira ikusgai argazki guztiak (www.vascosmexico.com).

korrika 17 Mex
[UNAMeko euskara ikasle bat lekukoarekin (argazkia NBasterretxea)]

Frantziako Tolosatik bideoa

Frantziako Tolosan ere, Okzitanian, ibili zen Korrika, nahiz eta bertan ez dagoen euskal etxerik. Alta, bertan bizi diren euskaldunak bildu eta ekitalditxo bat antolatu zuten Capitol plazan. Korrikari buruzko informazioa banatu zuten eta pankarta eta petoak margotu zituzten. Eguerdian indarrak hartzeko piknika egin eta gero, arratsaldeko 4etan abiatu zen lasterketa. Korrikalarien artean "Iparraldeko zein hegoaldeko euskaldunez gain, Benin, Togo, Korea, Tunez, Aljeria, Costa Rica, Txile, Frantzia, Bretainia eta Kataluniako lagunek ere parte hartu zuten", dio ekitaldiaren berri eman digun Iñigo Alberdik. Ez da giro makala!

[Frantziako Tolosako Korrika eguneko argazkiekin eginiko bideo hau bidali digu Iñigo Alberdik]

Madrilgo berri gehiago

Eta bukatzeko, Madrileko Korrikari buruzko berri gehiago bidali digu Karlos Cid-Abasolok, Complutense Unibertsitateko euskara eta euskal kultura irakasleak. Aurtengo edizioan, lasterketa unibertsitatetik atera da lehen aldiz. Hogei bat lagunek hasi zuten korrikaldia, Karlosek bota zuen ongi etorri bertsoa entzun eta gero. Madrilgo Hizkuntza Eskolan korrikalari gehiago lotu zitzaizkion taldeari baina jende gehiena --100 bat lagun-- Montera kaleko San Luis kafetxean zegoen zain (bertan kantatu zuen estreinekoz Jose Mari Iparragirrek 'Gernikako Arbola') euskaldunen ereserki hori abestu eta korrika egiten jarraitzeko.

Madrilgo hartzaren estatua ezagunean "Madrilgo hartza ere euskararen alde" zioen pankarta jarri zuten eta bertatik Euskal Etxera jo zuten korrikalariak. Euskal Etxean Korrika "txikia" hasi zen, larunbateko euskara-klaseetara joaten diren umeek parte hartuta. "Jendearen erreakzioa? Gehienak guztiz harrituta, nor ginen eta zer aldarrikatzen genuen ez baitzekiten, eta batzuk, Madrilera etorritako euskal turistak-eta, animozko txaloak eginez", laburbiltzen du esperientzia Karlosek. 

Madril Korrika 17 Hartza

[Madrilgo euskalakariak Hartza eta Gurbitzaren estatua ezagunaren aurrean (argazkia KCid-Abasolo)]

Amaiera gisa, eskerrak eman nahi dizkiegu munduko hainbeste lekuetatik berri-emaile eta argazki-egile bolondres izan ditugun lagunak. Euren laguntzarik gabe, eta Korrikan antolatzaile, korrikalari edo bestelako laguntzaile gisa aritu direnen hamaika lagunen laguntzarik gabe, ez zen posible izango euskalgintzak aurrera egitea, ezta EuskalKultura.com bezalako proiektu bat ere. Mila esker.

Datozen bi asteetan aipatuko ditugu Diasporan Korrikaren inguruan egingo diren azkeneko ekitaldiak, apirilaren 30a bitartean segituko baitute azkeneko ekitaldiek, esaterako Argentinako Necochean eta Estatu Batuetako Boisen.



Komentarioak

  • Guernica Gernikara

    Agazaki oso politak, Euskaldunak munduan zehar bere aldarrikapenen alde. Guernica margolana Gernikara ekartzeko 11.700 sinadura baina gehiago bildu dira, ea denen artean Guernica etxera ekartzea lortzen degun. Denen laguntza beharrezkoa da aldarrikapen hau aurrera ateratzeko. Utzi zure atxikimendua Web orrian: http://www.guernicagernikara.net/home/?page_id=80

    Guernica Gernikara, 2011/04/19 11:46

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia