euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Auzmendi Kultura sailburuordeak gaur amaituko du DFn AEBetara eta Mexikora egiten ari den bidaia

2012/07/11

Lourdes Auzmendi artxiboko irudi batean (argazkia Zaldi Ero)
Lourdes Auzmendi artxiboko irudi batean (argazkia Zaldi Ero)
Lourdes Auzmendi igandean iritsi zen Mexiko hiriburura Nevadako Elko herritik, Estatu Batuetako NABO euskal etxeen federazioak bertan egindako Biltzar Nagusiaren aurrean mintzatu eta 'Elko National Basque Festival' delako euskal elkarretaratzean parte hartu ondotik. Hiriburu mexikarrean sailburuak zenbait kontaktu eta bilera izan ditu erakundeekin eta hizkuntza indigenez arduratzen diren politikari, teknikari eta ikertzaileekin, mintzatu delarik, besteak beste Antropolgia eta Historiako Eskola Nazionalean eta bilduz, baita ere Mexikoko Euskal Etxeko eta komunitateko ordezkariekin eta Emprebask-ekoekin. Julian Celaya, Jaurlaritzako Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria lagun izan du Auzmendik Elkon zein Mexikon.

PUBLIZITATEA

Mexiko Hiria, Mexiko. Nevadako Elko herritik etorrita eta NABO North American Basque Organizations (Ipar Ameriketako Euskal Erakundeak, NABO) federazioak bertan egindako Biltzar Nagusira bildutako Kanada eta Estatu Batuetako euskal elkarteen ordezkarien aurrean mintzatu ondoren, Elkok National Basque Festival delakoaren baitan, igandetik dabil Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea Mexikon, euskarak bere normalizazio prozesuan eman dituen urratsen eta lan-esparru eta helburu dituen ezaugarrien lekukotasuna eta berri ematen foro eta jendaurre zein erakunde desberdinetan. Interesgarria zaie euskal eskarmentu hori Mexiko bezalako herrialde batean, non erraldoi pausoak eman behar dituzten oraindik bertako hizkuntza indigenek euren etorkizun normalizatuari behar bezala eusteko, adituen esanetan. Bereziki Ameriketako zenbait herrialde eta kulturen kasuan, kontuan hartzeko erreferentzia gisa ari dira hartzen Euskal Herriak hizkuntzaren normalizaziobidean daraman politika, tokian tokiko ezaugarri eta testuinguruak askotan erabat diferenteak badira ere. Aholkularitza lan horretan sinatuak ditu lankidetza akordioak, Txile eta Kolonbian, esaterako, eta bide honi ekin dio orain Mexikon.

Izan dituen elkarretaratze eta agerpenetan, Auzmendik euskararen kasua aipatu du, historikoki, abiapuntu eta bilakaera historikoak emanez, tartean Franco generalak joan den mendean Espainian boterea lortu zuenean euskararen kontra hasitako debeku eta jazarkundea aipatuz, gaur egunera helduz, Eusko Jaurlaritzak beste zenbait erakunde eta euskal eragilerekin batera daraman hizkuntza politikaraino helduz, euskararen ofizialkidetza, euskalduntzea babesten duten neurriak eta euskararen normaltasuna bultzatzea eta ardiestea helburu duten politikak sortu eta aplikatuz.

Mexikon eman dituen hiru egunetan Auzmendi sailburuordea Hizkuntza Indigenen Institutu Nazionaleko ordzkariekin eta Unibertsitate Iberoamerikarrekoekin bildu da, azken hau, gainera, eskaintzen dituen ikastaro eta ikasketen artean euskara eta euskal kultura dituen ikastetxea izanik. Auzmendi Mexiko hiriburuko Euskal Etxeko lehendakari Lourdes Arretxea eta bertako buruzagiekin eta Emprebask-Mexiko enpresaritza arloko elkarteko ordezkariekin ere bildu da; eta hitzaldia eman du, esaterako, Antropologia eta Historia Eskola Nazionaleko (ENAH) hizkuntzalarien aurrean, eta afaria partekatu du baita ere Euskal Etxeko bazkide eta lagunekin.

Sailburuak bat egin du bidaiaren Elkoko partean zein Mexikon Julian Celaya, Kanpoan diren Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendari Julian Celayarekin; eta bidelagun izan ditu bere saileko Xabier Zabaltza hizkuntza arloko aholkularia; Andoni Martin, Kanpo Harremanetarako teknikaria; eta Kinku Zinkunegi, HABEko teknikaria eta Euskara Munduan programako koordinatzailea. Mexikon egon den bitartean, Itzel Olague, Eusko Jaurlaritzaren Mexikoko Bulegoko zuzendaria ere laguntzaile izan du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia