euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurten inauteriak inoiz baino goizago datoz; dantzan.com webguneak tokian tokiko ospakizunak bildu nahi ditu

2008/01/31

Abaltzisketako Txantxok (argazkia Dantzan.com)
Abaltzisketako Txantxok (argazkia Dantzan.com)
Aurtengo inauteriak goiztiar datoz, 'toka daitekeen data goiztiarrenetako batean', Dantzan.com webguneko Oier Araolazak gogorarazten digun bezala. Otsailaren 5ean izango da Inauteri Asteartea, eta Ostegun Gizena hil honetan bertan dator, urtarrilaren 31ean. Data hauetarako mozorro eta dantzak inoiz baino azkarrago prestatu beharko ditugu eta herri askotan aurten inauteriekin batera tokatzen diren Santa Ageda edota Kaldereroak bezalako jaiak nola ospatu erabaki beharko dugu.

PUBLIZITATEA

Oier Araolaza dantzariak inauteriak kalkulatzeko prozesua azaltzen du bere artikuluan. Honokoa da, pausuz pausu: 'Udaberriko lehenengo ilargi betea noiz izango de lokalizatu. Udaberriko lehenengo ilargi betearen ondoko lehen igandea identifikatu. Igande hori, Aste Santuko igandea, alegia, Pazko Igandea izango da. Pazko Igandean bukatzen da garizuma, alegia 40 eguneko baraualdi kristaua. Garizuma Hausterre egunean hasten da. Beraz, 40 egun atzeraka kontatu behar ditugu Hausterre eguna lokalizatzeko. Baina erne, kontaketa horretan ez dira igandeak kontuan hartzen. Hausterre eguna da inauterien ondoko lehen eguna, asteazkena, beraz, bezpera Inaute Asteartea izango da, eta aurreko ostegunean hasita egun horretara dira inauterietako egun klasikoak'.

Artikuluan Araolazak azaltzen duen bezala aurten oso goiz tokatu dira Inauteriak. 'Bi gauza gertatu behar dira data horren goiztiarra gertatzeko, martxoaren 21aren ondoren ilargi betea berehala tokatzea eta ilargi betea igandetik hurbil tokatzea, hau da, ostiral edo larunbatean, eta ez adibidez asteartean. Eta aurten biak tokatu dira'.

Data aldaketak?

Inauteriak hortxe daude eta mozorroak eta dantzak prestatzen hasteko ordua heldu zaie Euskal Herriko eta Diasporako hainbat dantza taldeei. Gainera, aurten egutegiko beste jai batzuekin talka egingo dute Inauteriek: Donostiako Kaldereroak, adibidez, aurten otsailaren 2an izango dira eta otsailaren 5ean Santa Agedako erronda, eske eta ospakizunek Inauteriekin topo egin dezakete.

Nola konpondu arazoa? Herri eta inauteri bakoitzak bere datak zehaztu ohi ditu eta litekeena da zenbait inauteritan data aldaketak egitea. 'Altsasun inauteriak astebetez "atzeratuko" dituzte', azaltzen du Araolazak. 'Santa Agedaren inguruan kintoek festa eta tradizio indartsuak dituzte Altsasun, eta biek beren tokia izateko inauteriak astebetez atzeratzea erabaki dute. Beraz, otsailaren 13an, garizuma barruan, kaleratuko dira Altsasun momotxorro beldurgarriak eta bertako inauteriaren gainontzeko mozorro ikusgarriak'. Gauzak horrela Dantzan.com webguneak irakurleen laguntza eskatzen du, tokian-tokiko ianuteriak noiz egingo diren eurei jakinarazi eta zerranda bat osatzeko asmoz.


Lotura interesgarriak

Oier Araolazaren artikulu osoa
www.dantzan.com

Saladilloko Euskal Etxeak Inauteri jaiak itzi zituen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 1ean

J. A. Urbeltz: 'AEBetako dantzariak dantza gose dira'
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urriaren 27an

Inauteriaren oihartzuna Euskal Herrian zehar zabaltzen da
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko otsailaren 22an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia