euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurten ere giro bikainarekin ospatu zuten Baztango Eguneko jaia Mexikoko baztandarrek hiriko Euskal Etxean

2011/05/05

Euskal Etxeko frontoiak itxura hau zuen, Baztango armarriaren irudi erraldoia eta guzti (argazkia MCArrechea)
Euskal Etxeko frontoiak itxura hau zuen, Baztango armarriaren irudi erraldoia eta guzti (argazkia MCArrechea)
Mexikoko baztandarrak eta baztandarren lagunak Euskal Etxean bildu ziren aurten ere, Baztango Eguna ospatzeko, iragan maiatzaren 1ean. Nafarroako bailara honetan jatorria duen euskaldun asko dago DFn eta, urtero lortzen duten giro ederraz gozatu ostean, odolez ez baina bihotzez Baztani lotuak sentitzen diren euskal mexikar gero eta gehiago dago. Aurtengo edizioak, baina, alde samina ere izan zuen, Diaspora baztandarraren ikertzailea izan den Alberto Aldayren tupusteko heriotza dela eta.

PUBLIZITATEA

Mexiko DF, Mexiko. "Sekulako arrakasta", horrela deskribatzen dute jaiaren antolatzaileek Baztango Egunaren 2011eko edizioa. Mexikoko baztandarrentzat 'galdu ezineko' hitzordua da hau, eta urtetik urtera, komunitateko lagun asko bildu dira jaira. Joan den igandean, maiatzaren 1ean, 150 lagun baino gehiagok bete zuten Euskal Etxearen frontoia. Aurten, baina, jaiak ukitu triste bat ere izan du, ostiralean Bilbon tupustean hil zen Alberto Aldayren heriotza dela eta. Alday Mexikora etorritako baztandar emigrazioaren ikertzailea zen eta lagun asko zituen euskal etxean (Euskalkultura.com-en argitaratu genuen artikulua, hemen).

"Beti esaten zidan egunen batean Baztango Egunera etorriko zela, eta, nahiz eta heriotzak, fisikoki etorri ahal izan aurretik eraman duen, ziur nago izpirituan gurekin egon dela eta hemendik aurrera Baztango Egun guztietan gurekin izango dela", adierazi du baztandarren ondorengoa den Mari Carmen Arrechea mexikarrak, hitzordua antolatu zuten taldeko kide denak, eta albiste honetan agertzen diren argazkien egile ere badenak.

Menu baztandarra

Aurtengo Baztango Egunean azpimarragarria izan da haur zein nagusien parte hartzea. Bazkarian baztandar estiloko menua dastatu zuten bertaratu zirenek: baztanzopak, piperrada, arkumea txilindron erara, azpizuna zainzuri saltsarekin eta bukatzeko, sagar tarta bainila izozkiarekin. Antolatzaileek gogotik egin zuten lan sukaldean, baina platerak prestatzen eta zerbitzatzen joan ahala topa egiteko astia ere aurkitu zuten.

Baztango Eguna 2011 (1)

[Ezkerrean, Juanjo Arrieta, sukaldari bolondres taldeko burua, Osasuna zaleak direla agerian uzten duen mantalarekin (argazkia MCArrechea)]

Baztango Eguna 2011 (2)

[Bazkarian zerbitzatu zuten piperrada ikusgarria (argazkia MCArrechea)]

Gazteak gogotsu

Bazkalostean, urtero bezala, mus txapelketa jokatu zen. Hamasei bikote aritu ziren lehian, eta tarte batean behintzat, mus, ordago eta enbidoz bete zen Euskal Etxea. 

Baztango Eguna 2011 (3)

[Muslari gazteek onena eman zuten aurtengo mus txapelketako partidetan (argazkia MCArrechea)]

 

Arratsaldeko kantu, dantza eta bestaren ostean, gazteek eta parrandazaleek ogitarteko afari goxoa egin zuten, indarrak berreskuratu eta gaueko ordu txikiak arte jai giroan jarraitu ahal izateko.

Baztango Eguna 2011 (4)

[Belaunaldi gazteak ere Baztandar Egunaren zale porrokatuak dira jada, eta oraindik garaiz eta txintxo-txintxo etxeratzen dira gurasoekin, arratsaldeko ogitartekoekin afaldu ondoren (argazkia MCArrechea)]

Argazki gehiago Facebook-eko Dina Leku orrian, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia