euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurten ere Baztango Eguna Mexikora heldu da eta ehun lagundik gora bildu ditu DFko Euskal Etxean

2012/05/08

Mexiko DFko Euskal Etxearen frontoia jendez lepo izan zen aurten ere, Baztango Eguna ospatzeko (argazkia MCArrechea)
Mexiko DFko Euskal Etxearen frontoia jendez lepo izan zen aurten ere, Baztango Eguna ospatzeko (argazkia MCArrechea)
2004az geroztik Mexikoko baztandar komunitateak urtero ospatzen du Baztango Eguna, Nafarroako bailara ederraren jai nagusia. Maiatzaren 1ean egiten da besta eta gaur egun DFko Euskal Etxearen hitzordu arrakastatsuenetakoa bihurtu da: giro ona, bazkari ederra eta baztandar eta baztandarren lagun mordoxka biltzen dira bertara, egunaz gozateko irrikaz. Aurtengo edizioan 130 lagundik gora parte hartu zuten. Euskal elkarteko presidente Lourdes Arrecheak jaiaren kronika egin du EuskalKultura.com-entzat.

Mexiko Hiria, Mexiko. Iragan maiatzaren 1ean Baztango Eguna ospatu zen Mexikoko Euskal Etxean. Jai honen antolatzaileak baztandarrak dira gehienak, baina euren artean badira ere bailara horretakoak ez diren euskal mexikarrak. Alta, harro daude denak bestak duen arrakastaz eta buru belarri aritzen dira urtero jaia antolatzen eta bazkaria prestatzen. "Maite Arrieta eta brere neba Juan Jose dira sukaldean nagusi, baina laguntzaile finak dituzte: Ramon Irigoyen, Jose Antonio Zugarramurdi, Mauricio Rivera edo Josetxo Garaicoechea, batzuk aipatzearren. Denen artean 132 lagunentzako bazkaria prestatu eta zerbitzatu zuten", azaldu du Lourdes Arrechea presidenteak, bere ere baztandarra eta antolakuntza kide.

Baztango Eguna 2012 (2)

[Mexikoko Euskal Etxeko frontoiak itxura eder hau zuen Baztando Egunean, jendez mukuru eta Baztango armarriarekin atondua (argzkia MCArrechea)]

“Urtetik urtera errazagoa da menua egitea eta hainbeste lagun zerbitzatzea; izan ere, honezkero bakoitzak badaki zein den bere lana, eta horrek dena errazten du", esan dute antolatzaileek. Aurtengo bestaren menua honakoa izan zen: Baztan-zopak, piperrada, arkumea txilindron erara (edo azpizuna), eta postrea (pastela izozkiarekin). Giroa ederra izan zen eta barreak eta umorea ona nagusi izan ziren euskal etxean egun osoan zehar.

Baztango Egunan 2012 (4)

[Eskubian, Lourdes Arrechea, Euskal Etxeko presidentea, antolakuntzan laguntzen (argazkia MCArrechea)]

Baztango Eguna 2012 (3)

[Antolakuntza taldeko kide batzuk sukaldean jo eta ke lanean (argazkia MCArrechea)]

Bazkari honen aurreneko edizioa 2004ean egin zen eta harrezkero baztandarrek ez dute sekula huts egin. Elkarteko besta jendetsuenetakoa da eta urte askoan horrela izaten jarrai dezan lan egiteko prest agertu dira antolatzaileak: "Baztango Eguna prestatzen gozatzen jarraitzen dugun bitartean, jaia egiten jarraituko dugu", agindu dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia