euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurreko edizio jendetsuetan baino jende gehiagoz, Diasporaren munduko hiriburu izan da Boise Jaialdi garaian

2010/08/03

Jaialdiko festa esparrurako sarrera nagusia, joan den larunbat goizean (argazkia EuskalKultura.com)
Jaialdiko festa esparrurako sarrera nagusia, joan den larunbat goizean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Aste honetan banatuko dira xifra eta datu zehatzagoak, baina Jaialdiko arduradunengandik jaso ditugun lehenengo informazio eta iruzkinak irribarrea ezpainetan eta poz aurpegi nabariz eman dizkigute, balantze ezinhobea eginez amaitu berria den Jaialdiz, aurreko edizioetan lortutako xifrak arrunt gora joan eta biderkatu egin direla esanez. Ez da ofiziala, baina 40.000 eta 45.000 bisitari arteko estimazioa da ahoz aho dabilena. Egia esan, Boise hiriak bere onena eman du euskal kultura ardatz hartzen duen ekitaldi erraldoi honetan eta egun hauetan Boise eta Idahoko komunikabideetan ezezik, Oeste osoko eta nazio zein nazioarteko zenbait hedabidetan ere sartu dira Jaialdi eta euskaldunak berri pozgarri gisa. Boise bertakoetan, hasteko, gehigarri bereziak eta arreta berezia eskainiz nazioarteko euskal elkarretaratze honi.

Boise, Estatu Batuak. Astelehen goizez --zortzi ordu gehiago Euskal Herrian-- ari da kazetaria idazten lerro hauek, Boiseko hotel batean. Atzo igande gauez/gaur astelehen goizaldez bukatu dira Idahoko hiriburuan Jaialdi 2010eko ekitaldiak eta hemen ikusitako eta entzundakoek aurreikuspenik baikorrenen aldera egin dute, eta are gehiago, gainditu ere egin ditu aurtengo partaidetza mailak aurretik esan eta pentsatutakoak. Jaialdiko bost edizioren lekuko izan da lerrook idazten ari den kazetaria, eta zalantzarik ez da euskal festa eta bilkura honek ibilbide erabat hazkorra hartu eta partaidetza maila ere gero eta handiagoa lortzen joan dela urteak pasa-eta; eta, aldi berean, festa iparramerikarra izateari utzi gabe, gero eta gehiago ari dela bilakatzen nazioarteko euskal bilgune, lehengo eta behin asko izan direlako hemen Euskal Herritik --eta zehatzago Bizkaitik-- etorritako partaideak, baina baita ere Estatu Batuetako hainbat puntuetatik iritsitakoak, eta baita beste nazio edo estatuetatik ere, ahaztu gabe ekitaldiak bildu dituen amerikano ez-euskaldunak, talde guzti hauek izan baitira ospakizun honen egile eta osagarri, eta guztiek ekarri baitiote Jaialdi 2010ari hemen aipatzen ari garen arrakasta.

2010 boise jaialdi 006 pilota

[Boiseko Basque Block-eko Anduiza kantxa estalia. Bertan hasi ziren igandez, eta aste osoan garatu, ostiralera arte, nazioarteko goma pala pilota partidak, emakumeentzat; eta NABO txapelketako partidak (argazkia EuskalKultura.com]

Urteroko San Inazio festa ospatzeaz aparte --San Inazioren ohoretan antolatutako festak baitira Boiseko euskal festok--, zeron eta bosten amaitzen diren urte guztietan bezala Jaialdi izan dugu, baina zeron bukatzen diren urteetan ere Jaialdiz aparte NABOk bere Biltzar Nagusia ekartzen du Boisera, Estatu Batuetako euskal etxe edo klubetako ordezkariak eta euren familia eta lagunekin batera. Horrez gain, aurten (Euskadikoek irabazi duten) Nazioarteko Pilota Txapelketa jokatu da Boiseko 'Basque Block'eko kantxan emakumeen kategorian, eta baita NABOko pilota txapelketa ere. Aldi berean, Boise State University-k (BSU) antolaturik, 'Euskal Herria Mugaz Gaindi' kongresu edo mintegi akademikoa ere gauzatu da programa barnean.

2010 boise jaialdi 003 EHMG

[Jaialdi 2010ekin batera, eta Boise State University-k antolatuta, 'Euskal Herria Mugaz Gaindi' (sic) Mintegi edo Biltzarra egin zen. Argazkian, John Ysursa historialari eta irakaslea bere mintzaldian (argazkia EuskalKultura.com)]

2010 boise jaialdi 004 lopez harrera

[Lopez lehendakariak Boiseko eta Estatu Batuetako euskaldunei eginiko harrera ekitaldia (argazkia EuskalKultura.com)]

2010 boise jaialdi  007 fairgrounds

[Larunbat eta igandez Jaialdiren gertaleku eta egoitza nagusi izan ziren Fairgrounds-etako ikuspegia (argazkia Euskalkultura.com)]

2010 boise jaialdi 008 cenarrusa

[Bizkaiko Foru Aldundiak 'Bizkaitar Argia' saria eman zion larunbatean Pete Cenarrusa Idahoko estatu-idazkari ohi eta bere bizitza osoan euskaltzale aktibo izan den Pete Cenarrusa euskal-amerikarrari. Argazkian, Cenarrusa, Bizkaiko diputatu nagusi Jose Luis Bilbao eta foru diputatu diren Josune Ariztondo (Kultura) eta Iosu Madariagarekin (Ingurumena), saria eman berritan (argazkia EuskalKultura.com)]

2010 boise jaialdi 009 prozesioa

[San Inazioren irudia prozesioan ateratzen Boiseko Saint John katedraletik, Oñati eta Oinkari dantza taldeetako dantzariak lagun dituela (argazkia EuskalKultura.com)]

2010 boise jaialdi 010 fairgrounds

[Jaialdiko Larunbat gauez, bertako 'Amuma Says No' talde euskaldunak jotzen zuela egindako berbena (argazkia EuskalKultura.com)]

2010 boise jaialdi 011 txingak

[Euskal herri kirolak: txinga proba erakustaldia (argazkia EuskalKultura.com)]

2010 boise jaialdi 013 dantzariak

[Boiseko Oinkari taldea dantza emanaldietako bat eskaintzen Fairgrounds-etako lehenengo pabilioian, Jaialdiaren ekitaldi esparruan (argazkia EuskalKultura.com)]

2010 boise jaialdi 001 basque block

[Boiseko Basque Block gauez dantzaldia ari dela, bertako 'Amuma Says No' talde euskal-amerikarraren eskutik b(argazkia EuskalKultura.com)]

Eta honi guztiari erantsi behar zaizkio Estatu Batu osotik (16) eta Euskal Herritik (Hendaiako Mutxiko elkartea) etorritako dantza taldeek egindako lana, euskal herri-kirolen arloan Mutrikuko taldeak egindako demostrazio itzela [harrijasoketa, aizkolaritza, lasto altxatzea, lasto botatzea, orga-jokoa, zakua, sokatira..., aurreko azken bi edizioetan lortutako arrakasta berretsiz], bertako Biotzetik abesbatzaren emanaldiak, bertako Txantxangorriak eta Irungo Txorimaloak-enak, Iratxe Ibarra eta Xabi Paya bertsolarien jarduna, Zabaleta Anaiak trikitilariena, 'Amuma says no' talde euskal-boisetarraren berbena eta dantzaldiak, ahaztu gabe San Inazio prozesioa eta meza --euskaraz eta ingelesez-- Saint John Katedralean... Eta aipatu beharko, programan egon gabe, Euskal Herritik euren kasa etorririk, festara musika eta kantua ekarri diztuzten beste batzuk, izan Euskal Herri ekialdeako moldean, ala mendebaldekoan, hala nola azken kasu honetan 'Taberna ibiltaria'ko kideak, Boiseko bazterrak alaitzen eta girotzen etengabe ibili direnak egun hauetan.



Komentarioak

  • Bertso-saio bikaina!

    Zorionak benetan Xabi Payari! Sekula ez dut ikusi halako azalpen ederrik bertsolaritza transmititzeko amerikarrei. This guy should be the next lehendakari!

    Mikel, 2010/08/04 20:56

  • Zorionak!!!

    Diasporan zabiltzaten hainbat eta hainbat euskaldun Ipar-Ameriketan elkartzeagatik! Euskaldun nun nahi izan eta festa giroan elkarteratzeagatik!!! Hurrengoan hobe eta jende gehiago izan daitezela hara arrimatzen direnak!!

    Leire Azurza Sorrondegui., 2010/08/03 19:19

« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia