euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Atzo abiatu zen 'Etxetik hurbil', Madrilgo euskaldunak euskaraz egiten hasi diren irratsaio berria

2011/11/22

'Etxetik hurbil' irratsaioa mundu osoan entzun daiteke Internet bidez
'Etxetik hurbil' irratsaioa mundu osoan entzun daiteke Internet bidez

PUBLIZITATEA

Euskaraz eta Madrilen bizi den euskaldun talde batek egina. Horixe da "Etxetik hurbil" irratsaioaren aurkezpena, hitz gutxitan, Lander Arteaga zuzendariak azaldu digunez. Complutense Unibertsitateko Inforadio irratiaren baitan sortu da saio berri hau eta sarearen bidez mundu osoan entzun daiteke. Astelehenero helduko da "Etxetik hurbil" entzuleengana "Euskal Herritik urrun gauden euskaldunei gure musika eta kulturaren egunerokoa hurbiltzeko asmoz". Lehengo saioaren podcasta eskuragarri da jada sarean.

Madril, Espainia. Madrilgo Complutense Unibertsitatearen Inforadio irratiak saio berri bat aireratu zuen atzo: "Etxetik hurbil" programa. Lander Arteaga da saioaren zuzendaria eta EuskalKultura.com-i azaldu dionez "Euskal Herriko kultura eta, gehien bat, musikari buruzko saio bat izango da, Euskal Herritik urrun gauden euskaldun talde batek eginda, eta Euskal Herritik urrun gauden euskaldunei zuzendua, gure musika eta kulturaren egunerokoa hurbiltzeko asmoz. Nola ez, saioa euskaraz izango da, eta hori da bitxitasuna".

Saioaren lehendabiziko emanaldia atzo bertan izan zen: Juan Gorostidi idazleari elkarrizketa. Gorostidik "Lau Kantari" liburua argitaratu du eta elkarrizketan liburuak aipatzen dituen Mikel Laboa, Imanol Larzabal, Beñat Achiary eta Ruper Ordorika izan ziren hizpide. Datozen asteetan 'Hutsa eta doblea' musika taldea eta Madrilgo Euskararen Eguneko ekitaldiak jorratuko ditu saioak.

Erotasun momentu bat

Lander Arteaga zuzendariak aitortzen duenez irratsaioa erokeria momentu bateko fruitu da. "Euskal kultura eta musikari buruzko saioa egin nahi nuen aspalditik. Unibertsitateko irratiari proiektua aurkeztu aurretik pentsatu nuen Madrilen euskal kulturari buruzko saioa nahiko arraroa zela, eta zergatik ez, gainera, euskaraz? Bada, irratiak baietza eman zuen", dio zuzendariak.

Arteaga Madrilen Komunikazioa ikasten ari den amurrioarra da, eta Inforadion lan egiteaz gain, Euskal Etxeko kide da baita ere. Bertako euskaltegian txikitan hitz egiten zuen euskera berreskuratzen ari da. Arteagaren zuzendaritzapean Madrilgo euskal saio honek astero musikari, idazle edo kultur eragile batekin elkarrizketa egingo du, bere lana aurkeztuz eta bultzatuz.

Diasporarentzat webgunea

Saioak Diasporan egiten diren ekimenen berri ere emango du. "Diasporako euskaldunei zuzenduriko saioa da eta horregatik egin dugu webgunea ere, munduko euskaldunek nahi dutenean entzun ahal izan dezaten", dio Arteagak.

Saio astelehenero emitituko da, 21:30tatik 22:30ak bitartean, eta mundu osoa entzun ahal izango da interneten bidez http://www.inforadioucm.es helbidean. Emisio orduan entzuteko aukerarik ez duenak podcast gisa (audio artxibo bezala) entzun ahal izango du saioaren webgunean  (www.etxetikhurbil.com).

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia