euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Atzerrian euskara eta euskal kultura irakatsi nahi dutenentzat formakuntza EHUko Udako Ikastaroetan uztailaren 10-11an Donostian

2017/05/22

Donostiako Miramar Jauregia EHUko Udako Ikastaroen oro har eta ikastaro honen egoitza da (argazkia Zimentarri.org)
Donostiako Miramar Jauregia EHUko Udako Ikastaroen oro har eta ikastaro honen egoitza da (argazkia Zimentarri.org)

PUBLIZITATEA

Aurten zazpigarrenez, Etxepare Euskal Institutuak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, "Excellence in Basque Studies" bi eguneko ikastaroa eskainiko du atzerrian euskara eta euskal kultura irakatsi nahi dutenei zuzenduta, EHUko Udako Ikastaroen eskaintzaren baitan. Uztailaren 10 eta 11 bitartean Donostiako Miramar Jauregian gauzatuko da ikastaroa, eta izen ematea zabalik dago jada, maiatzaren 31era arte prezio murriztuan.

Donostia-San Sebastian. Etxepare Euskal Institututik azaldu dutenez, ikastaroak, aurtengoan, genero ikasketak izango ditu hizpide eta genero ikasketek beste diziplinekin –esaterako literaturarekin edo nazionalismoarekin– dituzten harremanak landuko ditu. Genero ikasketek nazioartean duten garrantzia ere azpimarratuko du ikastaldiak. Izen-ematea hemen egin daiteke. Gogoan hartu ikastaroek prezio murriztua izango dutela maiatzaren 31era arte, bai publiko orokorrarentzat (% 15), bai talde jakinentzat (ikasleak, erretiratuak, langabeak, familia ugariak); azken kasu horretan, murrizketa % 50ekoa izango da.

Mari Jose Olaziregik zuzendutako ikastaroak aditu ugari bilduko ditu eta zabalik egongo da matrikulatu nahi duen edonorentzat. Excellence In Basque Studiesen helburua atzerrian euskara eta euskal kultura irakatsi nahi dutenei eta etorkizuneko irakurleei formakuntza eskaintzea da. Ikastaroak euskalgintzari lotutako gai ezberdinak jorratzen ditu urtez urte.

Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroez, esan dezagun aurtengo edizioak 15 ziklo izango dituela, eta horietan 137 ikastaro, tailer, eskola eta jardunaldi profesional egingo direla. Gainera, 20 biltzar, 5 jarduera ireki eta 20 on-line ikastaro (azken hauek urte osoan zehar) egingo dira. Gaztelaniazkoez gain, euskaraz 24 ikastaro egingo dira, 2 frantsesez eta 20 ingelesez (biltzar zientifikoak, gehienbat).

-Oro har EHUko Udako Ikastaroei buruz informazio gehiago nahi izanez gero klikatu esteka honetan



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia