euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Euskal idazleak besteren zalantzei egin behar die aurre: zergatik idazten duzu hain txikia den ele batean?”

2012/06/22

Bernardo Atxaga idazle asteasuarra (argazkia EtxepareInstitutua.net)
Bernardo Atxaga idazle asteasuarra (argazkia EtxepareInstitutua.net)
Bernardo Atxagak Oxfordeko Unibertsitateko XV. Forum of Iberian Studies deitu jardunaldiak zabaldu zituen joan den asteazkenean, Euskal Herriaz eta euskarari eta euskal literaturari buruz egindako zenbait gogoetez eskaini zuen hitzaldiaz. Edmund Williamson katedradunak aurkeztu zuen Atxaga; euskal idazlearen nazioarteko ibilbidea eta Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kultura foro honetan lehen aldiz egon daitezen egindako ahalegina goraipatu zituen, Institutu horretako Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendari Mari Jose Olaziregi bertan zela, ekitaldian partaide erakundearen ordezkari eta aldi berean euskal literaturan katedradun eta aditu gisa.

Oxford, Ingalaterra. Euskal literaturaren azalerak” ipini zion grazia Atxagak bere hitzaldiari eta Euskal Herriak historian zehar hartu dituen izen ezberdinetaz eta haien atzean egon diren ideologiez aritu zen idazle asteasuarra: Euzkadi, Euskadi… Robert Williams idazleak ez hain aspaldian idatzi zuena ere gogora ekarri zuen: “euskaldunen jatorri edo izatearen gaineko aipamen guztiek erabateko izaera politikoa dute”. Horrek literaturan dituen ondorioetaz galdegin zion bere buruari, zer nolako eragina duen azalerak euskal idazleengan, tamaina horretako azalerak hain zuzen.

Atxagaren esanetan “euskal idazleak besteren zalantzei egin behar die aurre lehen-lehenik: zergatik idazten duzu hain txikia den hizkuntza batean?”. Euskarak literaturarako izango lukeen ustezko bideraezintasunaren eraginez egindako galdera izaten da sarritan. Bere ustez, ordea, “idazlearen hizkuntza gutxitua izateak ez du axola, itzulpena izena duen tramankulua, edozein hizkuntza munduan kokatzeko gauza dena, baitaukagu”.

Adibide gisa, aurten International Foreign Literature Prize sariketako finalisten artean islandiera eta euskara hizkuntza gutxituetan idazten duten bi idazle daudela aipatu zuen (Victoria Cribb eta Bernardo Atxaga bera).

Liebanako Beatoan ageri den munduko mapan tokiak ez daude ezagutzen ditugun lekuan kokatuta –azaldu zuen Atxagak-; leku biblikoak nabarmentzen dira bertan: “mapa lekuen balioaren araberako irudikapena da, eta kasu horretan Jesusen bizitzarekin zerikusia izan zuten tokiak gailentzen dira. Kontakizuna da maparen goiko aldean kokatzen dituena”. “Gaur egun –gaineratu zuen- New York bezalako hiriek hartuko lukete lehentasunezko leku hori”.

Idazleak gogoratu zuenez, Euskal Herriak ez zuen baliozko kontakizunik izan XIX. mendera arte. Aurretik aipamenak izan ziren, Estrabonenak kasu, eta Axularren Gero bezalako lanak, itzal handikoak, baina ez zegoen kontakizun hori bultzatuko zuen indarrik. Ilustrazioak kalte handia egin zion euskal hizkuntzari. Erromantizismoa heldu zenean, alabaina, gurea bezalako hizkuntza gutxituek balioa erantsi zien kontakizuna eskuratu zuten.

Adibideak ere jarri zituen idazleak: Herderren hitzak, Europako hizkuntza eta kultura aniztasuna goraipatzen, edota Humboldten ekarpena, hain garrantzizkoa izan zena euskal hizkuntza eta kulturarentzat. Mendeetan zehar, gure kultura krisi eta prekarietatean murgilduta bizi dela gogoratu zuen Atxagak bere hitzaldiaren amaieran, baina euskal egileentzat egoera hori akuilu bat ere izan dela azpimarratuz.

Euskara lehenengoz Forum for Iberian Studies-en

XV Forum for Iberian Studies jardunaldien programaren diseinua eta txostenen hautaketa egin dituen batzordea Oxfordeko Unibertsitatean katalana, galegoa, gaztelania, ingelesa eta portugesa irakasten duten irakurleek eta Xabi Paya Etxepare Euskal Institutuak Birminghameko Unibertsitatean duen irakurleak osatu dute.

Hemezortzi euskal ikerlari hautatu dituzte aurten; horietako hamaseik euskal gaiak jorratuko dituzte eta sei euskaraz ariko dira, Idoia Noble itzultzailearen laguntzaz. Asteazkenean inaugurazioa egin ostean, ekitaldiak atzo eta gaur ari dira gauzatzen.

EUSKAL HIZLARIAK ETA EUREN GAIAK

Ekainak 21ean

-Nekane Parejo: El otro “Poniente.” El flujo migratorio en el cine español
-Mari Jose Olaziregi: The Emigration as a Sympton, or On The Representation of Emigration in Basque Literature
-Itziar Azpeitia Iruretagoiena: Euskal Telebista (Telebista Publikoa, Autonomikoa). Kultur identitatea, programazioa eta programak. Entretenimendu formatuak
-Marian González Arbisketa: La construcción de la identidad nacional en los informativos televisivos. Un estudio conparativo de las noticias en TVE y ETB en campaña electoral
-Amaia Nerekan & Estitxu Garai: Euskarazko dokumentala: euskal talde nortasunaren isla
-Beatriz Zabalondo: “Basque” izatearen garrantzia edo euskararik gabeko identitate sozialaren eraikitze estetikoa
-Amaia Alvarez Uria: Nekane eta Axun. Euskaldunen armairuak zabaltzen
-Josu Amezaga: Komunikazio espazio nazionalak eta migrariak
-Lourdes Otaegi: Identidades Nacionales en la Intersección: Literatura y Medios Audiovisuales
-Xabier Paya: Impovissed communities: National Identity in Basque Oral Literature
-Iker Arranz: Joseba Sarrionaindia´s “Moroak gara behelaino artean?” and the Foundation of Universalism in Alain Badiou
-Iratxe Martin Esparza: Identidade likidoa eta erresistentzia-postmodernismoa Ixiar Rozasen poetikan

Ekainaren 22an

-Oscar Alvarez-Gila: The Image of Basque Immigration in American Cinema, 1916-2011
-Ibai Atutxa: How to Create the Sefl as other : a genealogy of Basque Identity. Construction through the Alien Word
-Izaro Arroita Azkarate: The convergence of conflicted memories in Basque novels
-Ur Apalategi: Basque identity, otherness and narcisistic enjoyment in “Rosseti´s Obsession” by Ramon Saizarbitoria
-Miren Gabantxo-Uriagereka: “Cartas de amor de una monja” (Grau, 1978), la versión española de un cineasta trangresor. Un caso de diálogo entre literatura y cine
-Larraitz Ariznabarreta Garabieta: Without exile who am I? Metaphors of Basque Exile and discursive traces of subalternity in the work of Martin Ugalde



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia