euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Athletic Boisera heldu da: Dave Bieter alkate euskaldunak harrera egin zien jokalariei aireportuan

2015/07/17

Boiseko Athletic zaleek harrera egin diote aireportuan taldeari (argazkiak Boiseko Athletic Club Peña)
Boiseko Athletic zaleek harrera egin diote aireportuan taldeari (argazkiak Boiseko Athletic Club Peña)

PUBLIZITATEA

Athletic Boisen da dagoeneko, eta hiria irrikaz dago bihar Tijuanako Xolos taldearen aurka jokatuko duen partida dela eta. Taldeak ongi etorri polita izan zuen aireportuan, dantzariak eta guzti, Boiseko alkate Dave Bieter euskalduna harrera-taldearen buru zela. Gaur jokalariek autografoak sinatuko dituzte Basque Center-en eta apurka apurka hiriko giro zurigorria ezagutu eta gozatu ahalko dute.

Boise, AEB. Harrera bikaina izan zuen Athletic-ek Boisen, aireportuan bertan 60 bat zale baitzituen zain, horien artean buru Boiseko alkatea bera, Dave Bieter euskalduna, Boiseko Athletic Club Peña taldeko kideak eta Oinkari Basque Dancers-eko dantzariak. Ikurrinak, bandera zurigorriak eta partidari buruzko kamisetak nagusi izan ziren. Boiseko Athletic zaleentzat une oso berezia izan zen, luze eta gogor lan egin dutelako euren taldea hirira ekartzeko.

Gaur, Athleticeko jokalariek entrenamendu saioa egingo dute goizez eta gero Boiseko Basque Center euskal etxean izango dira autografoak sinatzen hiruetatik lauetara. Partida antolatu duen zaletu taldearen egoitza ere bisitatuko dute, eta han jokalarientzako sorpresa prestatu dute: FIFA'15 futbol bideojolasean jokatzeko aukera.

Bihar, Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak Tijuana Xolos taldearen aurka jokatuko du hiriko futbol amerikarra hartzen duen zelaian: Boise State Unibertsitateko Albertsons Stadium delakoa. Neurketa 19:00tan hasiko da (AEBetako ordua, goizaldeko 3:00ak Euskal Herria). Partidaren ostean, Basque Block euskal gunean egingo den festarekin ospatuko dute Idahoko euskaldunek une historiko hau.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia