euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AthletiKuba taldeak bi urte bete ditu, "aurreikuspenak gainditu" dituen kultur egitasmo oparoarekin

2011/05/23

Bigarren urteurreneko bilkuran izan ziren bazkideak (argazkia MMarotta)
Bigarren urteurreneko bilkuran izan ziren bazkideak (argazkia MMarotta)
Futbol zaletasunak lagunen arteko hika-mikak sortzen ditu sarri, baina jendea biltzeko aitzaki ezin hobea da beste hainbatetan. Horrelaxe gertatu da Kuban: duela bi urte sortu zen AthletiKuba taldeak bazkide asko bildu ditu (tartean realzaleak ere) eta egun irlako euskal talde aktiboenetakoa da. Kirolaz gaindi kultur ekimen ugari ere sustatu ditu taldeak, eta bigarren urteurrena betetzen duten honetan, ibilbidearen balioespen baikorra egin dute. Josemi Arrugaetak urteurreneko bilkuraren kronika bidali digu Habanatik.

PUBLIZITATEA

Habana, Kuba. 2011ko lehendabiziko bost hilabeteotan egindako lana izan zen hizpide AthletiKuba taldearen bigarren urteurreneko batzarrean. 2009ko maiatzaren 19an sortu zen elkartea eta, antolatzaileek aitortzen dutenez, ekimenak "hasierako aurreikuspen guztiak gainditu ditu". Egun 40 bazkidek osatzen dute taldea: Kuban bizi diren euskaldunak zein kubatarrak euskaltzakeak (eta "hiru realzalek ere", elkarteko idazkariaren esanetan). AthletiKubak ehun bat ohorezko bazkideen sostengua jasotzen du Euskal Herritik.

Bilkuran elkarteko antolakuntza arduradunek aurtengo bost hilabete hauetan eginiko lana laburbildu zuen: hileko azken ostiraleko topaketak, Athletic-en, Realaren eta Osasunaren partiden emanaldiak, danborrada, lehendabiziko patata tortila lehiaketa eta ospatu berri duten Aberri Eguneko jaia, besteak beste.

AthletiKuba 2011 (3)

[Batzarreko eguneko gaiak jorratzen, Josemi Arrugaeta berdez (argazkia MMarotta)]

Partehartzea zabaldu

Ondoren, elkarteko diruzainak urteko kontuen laburpena aurkeztu zuen eta bereziki azpimarratu zuen ohorezko bazkideek Aberri Eguneko bezperako ekitaldien antolakuntzarako emandako diru laguntza. AthletiKuba izan zen bezperako ekitaldien antolatzailea. Azkenik, elkarteko kideek euskal-kubatar gizataldearentzako interes handiko zenbait gai aztertu zituzten, elkarteak gizarte eta kultur gaietan duen partehartzea sakondu aldera.

Bilkuraren ostean, elkarteko kideek eta zenbait gonbidatuk bazkaria egin zuten. Menua honakoa izan zen: izkirak maionesarekin, entsalada errusiarra (Felix Sarasola sukaldariak prestatua), txerri errekia yuca eta "congrí"-arekin eta urtebetetze tarta zurigorria.

AthletiKuba 2011 (2)

[Batzarraren ostean egin zen bazkariaren une bat (argazkia MMarotta)]

Lehoi-bihotza

Bazkalondoan, bazkideek, ohi bezala, talde argazkia atera zuten eta bi laguneri omenaldia egin zieten: batetik, diploma berezia eman zioten elkarteko ohorezko bigarren bazkideari, Julian Bienvenido bilbotarra berau, bere sostengu etengabearengatik; eta, bestetik, "lehoi-bihotza" saria eman zioten Antuanet Mayarí kubatarrari, taldearen ekimenetan izan duen parte-hartze aktiboa eskertuz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia