euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AT! ikuskizunak munduratzeko prest dagoen euskal sorkuntza aurkeztuko du bihar Arriaga Antzokian

2011/03/14

50 bat aktore, dantzari eta musikari aritu dira egunotan ikuskizuna prestatzen (argazkia AgerreTeatroa)
50 bat aktore, dantzari eta musikari aritu dira egunotan ikuskizuna prestatzen (argazkia AgerreTeatroa)

PUBLIZITATEA

Etxepare Euskal Institutuaren 'izpiritua eta filosofia' biltzen omen ditu bihar arratsaldean Bilboko Arriaga antzokian aurkeztuko den AT! ikuskizunak, erakundearen arduradunen esanetan. Euskal kultura munduan ezagutaraztea eta zabaltzea da institutuaren helburua, eta bide horretan puntako euskal idazle, aktore, musikari eta dantzariek talde-lanean sorturiko ikuskizun hau erabiliko du Etxeparek bere burua euskal gizartearen aurrean aurkezteko. "Euskal sortzaileak batzeko gogotik" sortu da AT!, Etxepareko zuzendari Aizpea Goenagak azaldu duenez, "kohesio eta batasun hori mundura ateratzeko" bidea dela gehituz.

Bilbo, Bizkaia. AT! ikuskizunaren aurkezpen prentsaurrekoa egin dute gaur Bilbon. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Blanca Urgell; Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria, Aizpea Goenaga; Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria, Mari Jose Olaziregi; eta Fernando Bernues antzerki zuzendaria.

AT! ikuskizunak 25 euskal idazleren testuak oinarri hartuta musika, dantza eta antzerki emankizuna taularatuko du bihar arratsaldeko 19:30etatik aurrera Arriaga antzokian. Fernando Bernues da emankizunaren zuzendaria eta berarekin batera Iñaki Salvador arituko da musika zuzendaritzan eta Jon Maya koreografo gisa. AT! Etxepareren aurkezpen-txartela izango da euskal gizartearen aurrean, eta hori dela eta nahi duenak gonbidapenak eskuratzeko aukera izango du bihar arte erakudenaren webgunean izena emanda.

Kohesioa eta sinergiak

Etxepare Institutuko zuzendariak, Aizpea Goenagak, AT! institutuaren filosofiari erabat lotuta sortu den ikuskizuna dela azpimarratu du, elkarlana eta batasuna Euskal Herriko ahalmen sortzaileak erakusteko bidea direla azalduz. Ikuskizuna talde sormenaren aldeko apustua dela azpimarratu du Goenagak. AT!-en parte hartu duten idazleek testu bilduma aparta eskaini omen diote Etxepareri, eta testu horiek guztiek ikusleen artean banatuko duten liburu elebidun batera bildu ditu Institutuak. Etxepare Institutuaren webgunearen bitartez ere eskuragarri egongo dira.

Bestalde, Blanca Urgell Kultura sailburuak azpimarratu du Bernart Etxeparek "euskara jalgi hadi mundura‟  hura idatzi zuenez geroztik euskal poeta, idazle, margolari, musikari eta artista asko izan direla euskal  kulturaren enbaxadore eta baieztatu du Jaurlaritzak Etxepare Institutuari euskara eta euskal kultura zabalteko bide horretan laguntzeko konpromezu sendoa duela.

Eta gehiago...

Aurkezpenean, Etxepare Institutuko Euskara Sustatzeko Zuzendariak, Mari Jose Olaziregik, erakundearen azken lorpenen berri eman du. Unibertsitate eta euskal kultura irakurlegoen arloan Olaziregik azaldu du datorren urtean AEBetako Stanford University ospetsuak euskal irakurlego bat jarriko duela abian, eta New York City University-k euskal literatura katedra bat eskainiko duela.

Bestalde, datozen egunetan egingo diren jardueren artean datorren martxoaren 27an Bernardo Atxagak Bruselako Passaporta literatur jaialdian parte hartuko duela aipatu du. Egun batzuk beranduago, martxoaren 30ean, Etxepare Institutuak Birmingham Unversityko Professor Lawrence Trask Lecture jardunaldietan parte hartuko du Ingalaterran.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia