euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asteburuan abiatuko da Korrika 19 Diasporan, Pariseko Euskal Etxearen eta New England Basque Clubaren eskutik

2015/03/04

Edinburgoko Korrika 19 antolatzen ari den euskaldun taldeak bideo bat grabatu zuen ekitaldiaren berri zabaltzeko; hona, bideoko irudi bat
Edinburgoko Korrika 19 antolatzen ari den euskaldun taldeak bideo bat grabatu zuen ekitaldiaren berri zabaltzeko; hona, bideoko irudi bat

PUBLIZITATEA

Korrika 19 martxoaren 19tik 29ra bitartean egingo da Euskal Herrian, baina Diasporan euskaldunak irrikaz ziren nonbait, eta ekitaldiak asteburu honetan bertan hasiko dira. Aurrenekoak, Parisen eta AEBetako Newport hirian egingo dira, larunbat honetan bertan. Ondotik etorriko dira Edinburgh, Tolosa (Frantzian), Lima, Bartzelona, Madrid, Cancun eta Valentzia, besteak beste.

Donostia-San Sebastian. Badator Korrika, bai behintzat Diasporako euskaldunen artean, zenbait euskal etxek asteburu honetan bertan ekingo baitiote euskararen aldeko lasterketari. Aurrenekoak Paris eta New Englandeko euskal etxeak izango dira, larunbatean bertan. Jarraian, Diasporan egingo diren zenbait lastekerten datak eta egitarauak:

-Paris, martxoaren 7an: Korrika 19 antolatzen buru-belarri ibili dira Pariseko Eskual Etxean eta festa itzela egingo dute. Lasterketa Montmatre-eko Sacré Coeur eliza ezagunean hasiko da, eta Euskal Etxean amaituko. Ondoren, trikipoteoa auzoan, erromeria euskal etxean eta DJak goizaldeko ordu txikiak arte.  

-Newport (AEB), martxoaren 7an: Goiz hasi diren beste batzuk, New England Basque Club elkartekoak dira. Newport herrian bilduko dira eta lasterketa egingo dute KIing Park gunean, portu ondotik doan bidexka ederrean barrena. Ondoren, familia afaria herriko jatetxe batean.

-Tolosa (Frantzia), martxoaren 14an:  Tolosako euskaldunek Korrika 19 dela eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Hitzordua Capitolen dute egina, 11:00tan. Eguerdian, 14:00tan, piknika egingo dute Dauraden eta 16:00tan Korrika abiatuko da Capitoletik.

-Edinburgh (Eskozia), martxoaren 14an: Edinburgoko euskaldunek berriz ere Korrikari ongi etorria egingo diote (Korrika 17rekin ere egin zuten ekitaldirik). Egitarau zabala prestatu dute: 10:30etan Korrika, Edinburgo erdialdetik, Royal Mile-etik abiatuta, Gaztelura igo eta Meadows parkean bukatuz. Ondore, herri kirolak Meadows parkean, babarrun-jana, zozketak eta kantuak. Arratsalde partean, Euskal Ceilidhs, eta amaitzeko, Punk Rock kontzertua.

-Lima, martxoaren 15ean: Limako euskaldunek goizeko 10:30tan dute hitzordua, Miraflores auzoan. Lasterketa malekoiko itsasargitik hasiko da eta Parque del Amor delakoan amaituko. Ondoren, jaiak Euskal Etxean jarraituko du eta han mus partidak eta txikientzako herri kirol jokoak egingo dira. Bazkaria 14:00tan hasiko da eta hortik aurrera, bazkalondoa eta festa!

-Bartzelona, martxoaren 21ean: Bartzelonako euskal etxeak beti antolatzen du egitarau zabala ongi etorria egiteko Korrikari (edo Korricursari, haiek hala esaten baitiote). Lasteketa Bartzelonako erdigunetik, herri bazkaria eta kontzertuak Born-en, hori aurtengo plana.

-Cancun, Mexiko, martxoaren 21ean: Cancunen aurrenekoz egingo da Korrika, eta gainera ezaugarri berezia izango du lastekertak: euskararen aldekoa ez ezik, maya hizkuntzaren aldekoa izango da. Hiri honetako hainbat kultur eragilek antolatu dute ekitadia, euskaldunak tarteko, noski. Lasterketa malekoian egingo da.

Beste ekitaldi batzuk honako hirietan izango dira: Necochea, Buenos Aires, Madril (martxoaren 22an), Valentzia (martxoaren 28an)... Informazio gehiago izan bezain pronto eguneratuko ditugu azken datak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia