euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ayacuchoko Euskal Odola euskal etxe argentinarrak egoitza propioa lortu du, aspaldiko ametsa betez

2012/03/27

Egoitza berria egokitu arte, orain artekoan garatuko dituzte datozen asteetan ekitaldiak Ayacuchoko Euskal Odolakoek. Argazkian, euskal etxeko Mus arduradunak, Marcos Urra eta Marcos Lopepe (argazkia EE)
Egoitza berria egokitu arte, orain artekoan garatuko dituzte datozen asteetan ekitaldiak Ayacuchoko Euskal Odolakoek. Argazkian, euskal etxeko Mus arduradunak, Marcos Urra eta Marcos Lopepe (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Euskal kulturara hurbiltzen denak berehala sumatzen du euskaldunen artean etxeak duen garrantzia eta badirudi jarrera horretako partaide direla Ayacuchoko Euskal Odola euskal etxeko kideak, euren etxea jabegoan izatea erakundearen helburu nagusietako bat izan baitute. Orain, pozez adierazten dute pauso hori gauzatze bidean jarri dutela, horrekin euskal etxeko kideen aspaldiko nahia betez. Egoitza berria Sucre kalean dago kokatuta, Irigoyen eta 9 de Julio-ren artean eta erosketa bideratuta badago ere, lekua prest egon arte Euskal Odolak Sarmiento kaleko egoitzan segituko du funtzionatzen. Datozen asteetarako iragarri dituzten ekintzak –hitzaldiak, erakusketa eta afaria, batzuk aipatzearren– betiko elkargunean izango dira beraz.

Ayacucho, Argentina. Urte berezia izango da dudarik gabe aurtengoa Ayacuchoko Euskal Odola euskal etxeko kideentzat: duela egun batzuk, euren jabegoko etxe propioa eskuratzeko salerosketa-agiria sinatu dute eta dena ondo badoa, laster dagokion eskritura egingo da eragiketa burutzeko. Egoitza berria herriko Sucre kalean dago eta instituzioko arduradunek azpimarratu dutenez, “euskal etxeko kideena ez ezik, komunitate osoarena den ametsa gauzatu ahal izango da pauso honekin”. Bitartean, eta egoitza berria prestatu eta egokitu arte, euskal erakundeak betiko lekuan jarraituko du, Sarmiento kaleko 729. zenbakian.

Emakumeak, hitz eta argazkietan

Euskal Odolaren ekitaldi proposamenei dagokienez, “Garai ezberdinetako emakumeak” izenpean bazkideei eta komunitate osoari zuzendutako hitzaldi ziklo bat abiaraziko du Euskal Odolak martxoaren 31an, iluntzeko 8etan. Zikloa urte osoan zehar garatuko da eta lehenengo emanaldi hau Maria Jose Etcheverry psikologoaren esku utziko da.

Hitzaldiari lotua, baina arratsaldeko 7etan, euskal emakumeei buruzko argazki erakusketa inauguratuko da euskal etxean. “Euskal Herrian jaiotako emakumeen eta euren hemengo alaba eta ondokoen argazkiak bildu nahi ditugu eta nahi duena garaiz dago gai honetaz dauzkan bere argazkiak helarazi eta bildumari gehitzeko”, azaltzen dute euskal etxetik. Irudiak Maria Nilda Ilarregui-ri (Alem 872) edo euskal etxeko batzordeko kideei eskuratu behar zaizkie.

Askaria, afaria eta musika ikuskizuna

Euskal Odola-k datozen asteetan burutuko dituen ekintzekin jarraituz, behar da aipatu apirilaren 15ean karta-jokalarien topaketa egingo dutela, emakumeei zuzendua. Arratsaldean zehar, karta jokoetan arituko dira euskal etxeko emakumeak eta elkarretaratzeari zapore gozoa emateko, txokolate beroa partekatuko dute eskualdien arteko itxaronaldietan.

Apirilaren 21ean, bestalde, afari baterako deia egin dute Ayacuchoko euskaldunek. Jaian, herriko musika talde batek joko du eta parranda ordu txikiak arte luzatzea espero da.

Barneko Mus txapelketa, Junin-goari begira

Esan, azkenik, joan den igandean egin zela euskal etxean, Juningo Mus Txapelketa Nazionalari begira elkarte barruan prestatutako Mus Txapelketa, Marcos Urra eta Marcos Lopepe antolatzaile. Roberto Igarza eta Tito Orr izan ziren garaile eta eureak ordezkatuko dute Ayacuchoko euskal etxea Lehiaketa Nazionalean. “Uste baino askoz hobeto atera da eta poz-pozik gaude. Jendea norgehiagokan aritzeko baino gehiago momentu ona pasatzeko bildu zen euskal etxean”, azaldu du Urra-k.

Euskal Etxeko zuzendaritzatik, berriz, adierazi dute “Marcos Urrak eta Marcos Lopepek urte batzuk daramatzatela musa sustatzen gure erakundean. Ekintzak antolatzeaz gain paregabeko anfitrioiak izan ohi dira jendea etortzen hasten denean”, aitortu dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia