euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asier Polo biolontxelojoleak bost kontzertuko bira egingo du AEBetan Montereyko Orkestra Sinfonikoarekin

2009/03/03

Asier Polo, NoahShaye-ren argazki batean
Asier Polo, NoahShaye-ren argazki batean

PUBLIZITATEA

Asier Polo biolontxelo jole bilbotarrak Montereyko Orkestra Sinfonikoarekin bat egingo du aurten ere eta bost kontzertuko bira laburra egingo du Kalifornian hilaren 21, 22 eta 23an. Emanaldiak Salinas eta Carmel hirietan izango dira eta bertan Polok Dvorak-en Biolontxelo Kontzertua joko du bere instrumentuarekin, 1689an Italian Francisco Ruggieri maixuak egin zuen biolontxeloarekin. Asier Polo Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakaslea da.

Monterey, AEB.  Asier Polo euskal biolontxelo-joleak Monterreyko Orkestra Sinfonikoarekin bira egingo du AEBetan hilabete honetan, Kaliforniako Salinas hirian (21ean) eta Carmel-en (22 eta 23) emanaldiak eskainiz. Bilbotar musikariak Dvorak-en Biolontxelorako Kontzertua, lan oso ezaguna baina zaila, joko du emanaldi hauetan. 

Asier Polo Bilbon jaio zen eta bertan hasi zituen musika ikasketak Elisa Pascu irakaslearekin. Ondoren, Madrileko Reina Sofian ikasi zuen, eta ikasketa bereziak egin zituen Maria Kliegel-ekin Coloniako Hochschule fur Musik-en eta Ivan Monighetti-rekin Basileako Musika Eskolan. Natalia Gutman eta Mstislav Rostropovich-ekin master-class-ak egin ditu.

Colonia eta Madrilen ikasi bitartean ganbera musikan ere trebatu zen, Amadeus Quartet eta Quartetto Italiano taldeko kideekin. Harrez gero bakarlari gisa emanaldiak eskaini ditu Europan, Asian eta Amerikan. Maria Kliegel-ekin eta Alfredo Kraus zenarekin emanaldiak egin ditu. Krausekin harreman oparoa izan zuen eta Polok solista gisa jo zuen Krausen hainbat kontzertutan: Londreseko Covent Garden-en, Florentziako Maggio Musicale-en, Zurich-eko Tonhalle-n, Vienako Musikverein-en...

Bakarlari ezaguna

Gaur egun munduko biolontxelo-jole bakarlari ezagunenetarikoa da Polo. Hego Ameriketan hainbat bira egin ditu Espainiako Orkestra Nazionalarekin, Raphael Fruhbeck de Burgosen zuzendaritzapean. Nizako Opera Orchestrarekin, Bordeleko Orkestra Nazionalarekin, Prague Chamber Orchestra-rekin, Basel Philharmonic-ekin eta Israel Philharmonic-ekin ere jo du, besteak beste. Berriki New Yorkeko Carnegie Hall-en egin zuen debuta, arrakasta handiarekin.

Montereyko Orkestra Sinfonikoarekin 2005eko urtarrilean egin zuen lehen emanaldia Polok, Max Bragadoren zuzendaritzapean. Artistari buruzko informazio gehiago, hemen: www.iemeve.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia