euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Artzain Egunak Oçafrain anaiak eta 'Euskal Artzainak Ameriketan' elkartea omenduko ditu igandean Legazpin

2017/09/01

Bankatik Kalifornia eta mundura: Oçafrain anai-arrebak, euren artean igandean omenaldia jasoko dutenak (argazkia MO)
Bankatik Kalifornia eta mundura: Oçafrain anai-arrebak, euren artean igandean omenaldia jasoko dutenak (argazkia MO)

Gipuzkoako Artzain Egunak Oçafrain anaia euskal-kaliforniarrak eta Euskal Artzainak Ameriketan (EAA) elkartea omenduko ditu datorren igandean, urtero Legazpin egiten duen azoka eta elkarretaratzean. Izan ere, karia horretara, EAA elkarte honek urtero egiten duen elkarretaratze eta bazkari jendetsua ere Legazpin egingo ditu igande honetan. Zorionak Laura Igantzi buru duen elkarteari eta, Bankan jaio ondoren, bizitza Euskal Herria eta Kalifornia artean egin duten Oçafrain anaia omenduei.

PUBLIZITATEA

Legazpi, Gipuzkoa. Ameriketan urte batzuetan artzain ibilita Euskal Herrira itzuli ziren euskaldunak biltzen ditu Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak. Nafarroan dauka egoitza, eta izan ere Pirineo bi aldeetako nafarrak biltzen ditu gehienbat. Bere lana duela mende bat baino gehiago Ipar Ameriketara artzain izateko joaten hasi ziren euskaldunen alde garatzen du; euren istorio eta izatea bera ezagutuak izan daitezen; eta, horrekin batera, errekonozituak euren ekarpenak euren sorterriei eta euskal gizarteari.

Datorren igandean Legazpin egingo den Gipuzkoako Artzain Egunak Laura Igantzi kaliforniar lesakarra buru duen elkarte hau omenduko du. Eta elkarteak, bere aldetik, igandean bertan egingo du Legazpin bere urteroko elkarretaratze eta egunpasa nagusia, urtero Ameriketan lan egindako 400-500 bat artzain-ohi eta bere familiak biltzen dituena.

Programaren barnean baita ere, gipuzkoar artzainen ohiko omenaldia Segurako Jose Antonio Etxezarreta eta Lourdes Errazkini egingo zaie; eta Zegamako Joxe Larrea Aldasorori. Ameriketan artzain ibilitakoena, berriz, Bankako Henri, Domingo eta Jean-Louis Oçafrain euskal-kaliforniarrei.

Horrekin batera, egunak ohiko azoka eta baserritar eta artisauen saltokiak izango ditu, haragi, gazta eta mozkin dastaketak eta, baita Gipuzkoako Artzain Gazta Txapelketa ere (bere 33. edizioan), eta estimatuenetakoa duen beste ekitaldi oihartzuntsu bat: Gipuzkoako artzain-txakurren lehiaketa, aurten 49. ediziora iritsita.

Gipuzkoako Artzain Eguna Legazpiko Euskal Herria Plazan ospatuko da irailaren 3an, goizeko 10etatik aurrera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia