euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Arturo Campion' Euskal-Argentinar Ikastetxeak web gune propioa aurkeztuko du bihar Lapridan egingo duen bileran

2007/03/02

Argentinako Lapridako Arturo Campion Ikasketa Zentroko kide talde bat artxiboko argazkian
Argentinako Lapridako Arturo Campion Ikasketa Zentroko kide talde bat artxiboko argazkian

PUBLIZITATEA

Argentinako Arturo Campion Ikasketa Etxeko arduradunek zentroak sekula izan duen lehenengo web orrialdea aurkeztuko dute bihar. Teknologia berriek eta sareak eskaintzen dituzten aukerak profitatuz, bihartik aurrera elkarteko kideek internet bidez jaso ahal izango dute Arturo Campion Zentroak antolatzen dituen jarduerei buruzko informazioa. Aurkezpen ofiziala Javier Ibaldo-k egingo du Lapridako Euskal Etxearen egoitzan, Eduardo Torry eta Cesar Arrondo elkartekideek lagundurik.
Buenos Aires probintziako Lapridako Euskal Etxeak bilera orokorrerako deia egin die Arturo Campion Euskal Kultura eta Nazionalismoaren Ikasketa Zentroko kideei. Hitzordua bihar goizeko hamaiketan hasiko da eta beste jardueren artean, Zentruko bilkura orokorra egunean zehar egin ostean, Arturo Campion elkartearen web orrialdea aurkeztuko dute arratsaldeko zazpi t'erdietan.

Aspaldi zebiltzan Arturo Campioneko lagunak euren web gunea abian jarri nahian, internetek ematen dituen komunikaziorako aukerak eta erraztasunak aprobetxatzearren. Bihartik aurrera sarean egongo den web gunean elkarteko kideentzako albisteak eta informazio praktikoa emango dute. Horrez gain, web guneak elkartearen ekimenak Argentinan, oro har Diasporan eta Euskal Herrian bertan ere ezagutzera emateko erabiliko dute. Bihar egunean zehar garatuko den Zentruaren bilkuran aztertuko diren gaien artean honakoak daude: 2006ko balantzea, Guregandik urtekariaren 2. aleari buruzko txostena, aurtengo hitzaldi egitaraua, web gunea eta Euskal Herriko berri eguneratua, besteak beste.

Magdalena Moujan Otañoren 'Gu ta Gutarrak'

Web orrialdearen aurkezpenaz gain, larunbateko arratsaldeko aurkezpenak beste zenbait ekitaldi hartuko ditu. Hasteko, Magdalena Moujan Otañoren hilondoko liburua --Gu ta Gutarrak izenburuduna-- aurkeztuko du Verónica Domingo abokatuak, Mar del Platako Euskal Etxeko euskara irakasleak. Horrekin batera aurkezgai hartuko den bigarren kontu bat 2003, 2004 eta 2005eko 'Urrezko Euskal Liburu'-en erakusketaren antolakuntza izango da.

Igandean ere, azkenik, ekitaldi gehiago izango dira Lapridako Euskal Etxean. Goizeko 10:00etan, 'Santos Joaquin y Ana' Elizan meza egingo da Magdalena Moujan Otaño eta Daniel Gustavo Palma hildako elkartekideen oroimenean. Bi eguneko egitaraua bukatzeko, bazkariari ekingo zaio Gure Etxea nekazaritza eta abeltzaintza tokian.


Lotura interesgarriak

Lapridako Euskal Etxeak gazte kanpamendua atzeratu du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrilaren 30ean

Torry hil egin da, Laprida Euskal Etxeko kidea
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 14ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia