euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arreta berezia eta aktibitate handiak instituzioko 3 eta 12 urte arteko txikientzat Bahiako Union Vasca Euskal Etxean

2017/04/03

Umeak Barandiaran Liburutegian
Umeak Barandiaran Liburutegian

PUBLIZITATEA

Mota askotako ekintzetan parte hartu ahal izango dute Union Vasca Euskal Etxeko kide txikienek 2017 honetan ere. Proposamenak 3 eta 12 urte arteko haurrei daude zuzenduta, gai ugari jorratu eta lantzeko asmoz. Umeentzako sukaldaritza tailerrak, euskara eskolek eta Barandiaran Liburutegiak txikientzat propio prestatutako jarduerek osatzen dute Argentinan orain hasten den ikasturte berri honetan Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxearen apustu eta eskaintza bertako txikienentzat.

 

Bahia Blanca, Argentina. “Ezin da etxea teilatutik hasi”, diote, eta Unión Vasca Euskal Etxeko lagunak, erakunde sendoa eraiki eta mantentzeko oinarri sendoak beharrezkoak direla pentsaturik lan eta eskaintza berezia lantzen dute umeak euskal etxera erakarri, hazi eta ikasi eta euskal kultura jolas artean ezagun dezaten.

Lan horren bultzatzaile nagusietako bat Euskal Etxeko Barandiaran Liburutegia eta bertako arduraduna den Cecilia Jauli dira. Liburuzainak EuskalKultura.com-i azaldu dio “badirela urte batzuk liburutegia umeei begirako ekintza artistiko eta ludikoak antolatzen hasi zela". Cecilia bera, 2012an hasi zen, honako planteamenduz lan egiten dutela: "txikiak dantza klasetara datoz Euskal Etxera; beraz, klasera sartu aurretik edota klasetik ateratzen direnean Liburutegira etor daitezke jolastera". "3 eta 12 urteko haurrak dira eta eurak aukeratzen dute zein ekintzatan nahi duten parte hartu. Batzuk beren kabuz ibiltzen dira, margotzen edo eskuragai dauzkaten mahai-jokoetan jolasten eta hori da asmoa; Liburutegia eurentzat gustuko leku atsegin bat izatea nahi dugu”.

“Aldi berean, baina, beti prestatu eta eskaintzen diegu euskal kulturarekin lotura duen ekintzaren bat. Eta bertan gauza bat edo bestea egiten ari diren bitartean solasa bultzatzen saiatzen gara; azalpenak ematen dizkiegu eta eurak bururatzen zaizkien galderak egiten dituzte, eta solasaldi politak sortzen dira” azaltzen digu liburuzainak. "2012tik hona euskal gai ugari landu ditugu, tartean, mitologia, baserriak, euskal jantziak eta nola ez, euskara. Gaiok lantzeko, batzuetan eskulanak baliatzen ditugu, beste batzuetan ahozko kontakizunak, teknologia berriak…"

2017 honetan bi proiektuk izango dute lehentasuna: "Erabiltzaileen heziketa eta Historia laburrak" deitu ditugu. “Erabiltzaileen heziketa proposamenak umeek liburu-seinalatzaileak egitea proposatzen du. Haurrek markatzaileak diseinatuko dituzte; liburutegiaren arauak ere jarriko dituzte seinalatzaileetan eta gero Liburutegiko erabiltzaileei emango zaizkie liburuekin batera. Horrela Liburutegiko arauak ikasiko dituzte, erabiltzaileek eta baita, umeek ere. Bigarren proiektua Historia laburrak da. Euskal gaiekin, historiak sortuko dituzte umeek, eszenak koadrotan margotuz. Behin bukatuta, historia osoa ikusi ahal izango da eurek ere egingo duten paperezko bisore batekin”, azaldu digu Cecilia Jaulik. Liburutegian garatzen diren aktibitateok ostiraletan dira, 18:30etatik 21etara.

Sukaldaritza eta euskara

Liburutegiak antolatutako eskaintzaz gain, beste bi tailer burutuko ditu aurten Union Vascak umeei begira. Gastronomia tailerrean euskal plater tipikoak egiten ikasiko dute. Helburua da umeek errezeta horiek etxera eramatea eta batez ere txikitatik sukaldaritza kontuetan sartzea. Bestetik, Euskara tailerrean, jolastuz ikasiko dute hizkuntza. “Poliki poliki hitz batzuk eta esaldi batzuk ezagutzen eta erabiltzen hasiko dira; euskal jaiak ere ospatuko ditugu tailerrean, umeak gure jai nagusienen berri izan eta ezagutzen has daitezen”. 

Aktibitateak Edurne eta Amale dantza irakasleekin, eta Cecilia liburuzaina eta Ainara euskara irakaslea tarteko gauzatuko dira.

Facebook, Unión Vasca
Facebook, Biblioteca Barandiaran Union Vasca
Webgunea, http://unionvasca.weebly.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia