euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrecifesko gizataldeek euren berri eman zuten Euskal Etxeak antolatutako 'Aiton-amonen Txokoan'

2009/12/24

Euskal Etxeko areto nagusian "ainguratuta" zegoen itsasontzia (argazkia EE)
Euskal Etxeko areto nagusian "ainguratuta" zegoen itsasontzia (argazkia EE)
Leku askotatik etorritako immigranteek eraikitako herrialdea da Argentina. Haiek pairatutako lazeria eta gabezien, eta egindako lanaren emaitza dira bertako hiri eta herriak. Etorkin bakoitzaren eskarmentua ez da ahaztuko iraganak gogoan segitzen duen bitartean. Eta hori da 'Aiton-amonen Txokoaren' helburua. Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak antolatuta, ekimenera bildu ziren Arrecifesko kolektibitateetako ordezkariak. Hiru egunez, gizataldeek objektu baliotsuak, dokumentuak eta oro har immigrazioaren lekukotasuna ematen zuten gauzak jarri zituzten ikusgai euskal etxeko areto nagusian. 'Nondik gatozen jakiteak jarraitu behar dugun bidea argitu dezake', azaltzen dute antolatzaileek, 'eta Aiton-Amonen Txokoa abiapuntu ona da atzerako begirada hori ematen hasteko'.

PUBLIZITATEA

Arrecifes, Argentina. Itsasontziak immigrazio prozesuaren ikur adierazgarrienak. Parekotasun horri segituz, itsasontzi zahar baten branka ainguratu zuen 'Aiton-amonen Txokoa'k  euskal etxeko areto nagusiaren erdian. Bi aldeetara gizataldeen standak muntatu ziren: Paraguai, Irlanda, Eskozia, Italia, Frantzia, Espainia, Katalunia eta Euskal Herrikoak.

Euskaldunak Denak Bat 01

[Irlanda eta Eskoziako gizataldeen stand-a (argazkia EE)]

Bitartean, erakustaldian parte hartzen ari ziren herriei buruzko dokumentalak eman zituzten Eusko Kultur Etxean, hitzaldiak, kontzertuak eta dantzaldiekin batera. Ekimenak iraun zituen hiru egunetako bakoitzean, Argentinako ereserkia abestuz eman zitzaion hasiera, eta Immigranteen hotelaren bideoak ikusiz. Izan ere, herri bakoitza bere ereserkia kantatuz aurkeztu zen. 'Aiton-amonen Txokoa' testuinguru hartuta, Arrecifesko euskaldunek Xabaltx kantari lapurtarraren bisita jaso zuten. Euskal musikak, beraz, leku garrantzitsua izan zuen Euskal Herritik etorritako musikari honen partaidetza medio. Arrecifes bertako Maral taldea ere igo zen oholtzara eta abeslari lapurtarrarekin abesteko aukera izan zuen.

Testuinguru hau ezin hobea izan zen zuhaitz genealogikoak egiten ikasi eta irakasteko. Laura Nobile de Abarrateguik izan zuen oinarrizko ikastaro hau ematearen ardura. Bere mintzaldian Nobilek zuhaitz genealogiko arloan nola ikertu azaldu zuen.

Euskaldunak Denak Bat 02

["Aiton-amonen Txokoa" erakustaldira hurbildu zen publikoa (argazkia EE)]

'Arrecifesen geratzea erabaki zuten etorkin haien ondorengo gara eta errespetu handia diegu antzinako usadioei', azaldu antolatzaileek EuskalKultura.com-i. 'Nondik gatozen jakiteak jarraitu behar dugun bidea argitu dezake, eta uste dugu Aiton-amonen Txokoa abiapuntu ona dela atzerako begirada hori ematen hastea'.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia