euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrasateko kooperatiben eskarmentua, partaide Entre Rios Unibertsitatean, Paranan, Urrundik Euskal Etxea lankide

2017/03/15

‘Negozioen garapena. Mondragon Korporazioko kudeaketaren lerroak’ ikastaroa martxoaren 27tik 31era izango da
‘Negozioen garapena. Mondragon Korporazioko kudeaketaren lerroak’ ikastaroa martxoaren 27tik 31era izango da

‘Negozioen garapena. Mondragon Korporazioko kudeaketaren lerroak’ izeneko ikastaroa Entre Riosko Unibertsitate Nazionalak antolatutako Nazioarteko Asteko parte izango da martxoaren 27tik 31ra, Paranako Ekonomia Fakultateko egoitzan. Antolatzaileek gonbidaturik, bertako Urrundik Euskal Etxea ere ekitaldiko parte izango da eta Urrundikeko dantzariek ikuskizuna eskainiko dute gonbidatu euskaldunak ohoratu eta jardunaldiei amaiera emateko.

 

PUBLIZITATEA

Paraná, Argentina. Bi erakundeen artean 2015ean sortutako harremanari jarraipena emanez, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko doktore eta magister den Jon Aldazabal Basaurik Entre Riosko Unibertsitate Nazionala bisitatuko du martxo amaieran. Astebetean zehar ‘Negozioen garapena. Mondragon Korporazioko kudeaketaren lerroak’ izenburuko ikastaroa emango du adituak unibertsitate paranatarrak antolatuko Nazioarteko Astean.

Graduondoko ikastaroa izan arren, partaidetza proposamena ez zaie arlo akademikoko adituei bakarrik zuzendu. Izan ere, Urrundik Euskal Etxeko lehendakari Juan Carlos Borrasek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Kooperatibismoan aritzen den eskualdeko jendea ere bildu nahi dute bertara. Duela bi urte jarri zen kontaktuan Entre Rioseko Unibertsitate Nazionala Mondragon Unibertsitatearekin, Entre Rios probintzian kooperatiba ugari baitaude. Lehenengo bidaia batean hemengo Unibertsitateko dekanoa eta idazkari akademikoa joan ziren hara eta orain Jon Aldazabal Basauri etorriko da ikastaro honetaz arduratzera”.

Borrasek onartzen du "oso pozik" daudela "Unibertsitateak euskal kulturaren erreferentetzat hartu duelako gure Euskal Etxea". "Eta gure kide eta lagunak ikastaroan parte hartzera gonbidatzeaz gain, euskal dantza erakusketa txiki bat egiteko eskatu digutelako, Euskal Herritik ekarritako aditua egoki ohoratzeko eta ekitaldiei agur polita emate aldera”. Urrundikeko dantzarien emanaldia martxoaren 31an izango da, gaueko 9etan.

Ikastaroaren xehetasunei dagokienez, ‘Negozioen garapena. Mondragon Korporazioko kudeaketaren lerroak’ modalitate trinkoan garatuko da, martxoaren 27tik 31era, arratsaldeko 6etatik gaueko 9etara, Paranako Ekonomia Fakultatean, Urquiza kaleko 552. zenbakian. Prezioa jakiteko edota informazio gehiago eskuratzeko, Unibertsitatearekin jarri behar da kontaktuan telefonoz (0343 4222172) edo emailez (afrancisconi@fceco@uner.ar edo ifinucci@fceco@uner.edu.ar).

Urrundiken 2017ko ekitaldiak

Berri honekin batera, Urrundik Euskal Etxeak aurtengo kultur eskaintzaren ordutegia ere helarazi digu udaoste honetan (elkartearen egoitzan izango dira, España kaleko 430.ean), hauexek:

-Antzerki tailerra, astelehenetan goizeko 9etatik 12etara
-Tango klaseak, astearteetan 20:30etatik 22etara
-Ahots teknika, asteazkenetan 18etatik 19:30etara
-Euskal dantzak helduentzat, asteazkenetan 20:30etatik 22etara
-Folklore tailerra, ostegunetan 19:30etatik 21etara
-Euskal dantzak umeentzat, ostiraletan 17etatik 19etara
-Xake, larunbatetan goizeko 10etatik 11:30etara
-Euskal dantzak gazteentzat, larunbatetan 5etik 8etara

Facebook, Asociación Vasca Urrundik



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia