euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastatsuak izan ziren Quebeceko Euskaldunak-en urteurrena eta NABOren Montrealeko bilkura

2011/09/21

NABOko ordezkariak eta Euskaldunakeko anfitrioiak Montrealeko Alde Zaharrean osteratxoa egiten (argazkia Argia)
NABOko ordezkariak eta Euskaldunakeko anfitrioiak Montrealeko Alde Zaharrean osteratxoa egiten (argazkia Argia)

PUBLIZITATEA

Iragan asteburuan Montrealen egin zen bilera NABOk (North American Basque Organizations) Ipar Amerikako Ekialdeko kostaldean egin zuen lehen topaketa izan zen. Urrun egonagatik NABOko ordezkariek ez zuten kale egin, eta elkarteko 40 euskal etxeetako erdia gutxienez bertan izan ziren. Egitaraua erakargarria zen oso: Quebec-eko Euskaldunak elkarteak asteburu zoragarria antolatu zuen, elkartearen 15. urteurren jaiarekin batera. Ordezkariek hiria ezagutzeko parada izan zuten eta kontzertuetaz, Quebeceko sukaldaritzaz eta Euskaldunekoen harrera beroaz gozatu zuten.

Montreal, Quebec. NABO osatzen duten euskal etxe gehienak Estatu Batuetako Mendebaldeko kostaldean daude, eta iragan asteburua arte hantxe egin izan ditu elkarteak bilkura guztiak. Montrealekoa izan zen Ekialdean egiten zen lehena, eta, nahiz eta urrun egon, ordezkariak ez ziren kikildu eta Queben izan ziren 20 bat euskal etxe (NABOn 40 euskal etxe daude guztira). Askok hiru eta lau mila kilometrotako hegaldia egin behar izan zuten bertara heltzeko. Hala ere, asteburua igaro ostean, ahobatezko balioespen baikorra egin zuten eta Quebec-eko Euskaldunak elkartearen abegi ona eskertu zuten.

Orain gutxi arte NABOk Ekialdeko kostaldean euskal etxe bakarra zuen, New Yorkeko Eusko Etxea. Duela urte asko, NABOko bazkide egin zen lehendabiziko Ekialdeko elkartea Washington DC-ko Euskal Etxea izan zen, eta gero New York etorri zen. Washington DC desagertu egin zen baina, eta luzaroan New York izan zen kostalde honetako ordezkari bakarra (Eusko Etxearekin eta Brooklyn-go Society of Basques Studies in America elkartearekin). Azken urteetan beste lau elkarte batu zaizkie: Washington DC, Miamiko Euskal Etxea, Quebec-eko Euskaldunak eta Rhode Island-eko Euskal Etxea.

Ekialdean sei elkarte egonik, NABOren bilkurak bertan egiteko aukera gero eta gehiago dago; batez ere asteburuko esperientzia onaren ostean. Elkartea txikia bada ere, Quebec-ko Euskaldunak hiru eguneko egitarau zabala antolatzeko gai izan da: arte erakusketak, kontzertuak, turismoa eta gastronomia. Harrera bikaina izan dela da ordezkarien balioespena.

Pouttine eta Kalakan

Ospakizunak ostiral gauean hasi ziren, Euskaldunak-en egoitzan. Bertan harrera egin zien ordezkariei elkarteko presidente ohiak, Jean Goyhenetchek (Kaliforniako Sacramento hirian familia du berak). Egoitza ezagutu ostean, NABOko ordezkariak Montrealen osteratxoa egitera eraman zituzten Euskaldunak-eko presidentak, Adelaide Daraspek, eta Sylvie Nadaudek. Taldeak Montrealeko alde zaharra ezagutu zuen eta han erosketa batzuk egin ostean Pouttine Montreal jatetxean elkartu ziren berriz. Jatetxean afaria egin zen eta Quebeceko plater tipiko bat dastatu ahal izan zuten bisitariek: poutine delakoa.

Ondoren, ordezkariak Ahuntsic-Cartierville-eko Kultur Etxera joan ziren eta bertan Kalakan talde euskaldunaren kontzertua entzun zuten. Kalakanekin batera, Quebec-eko Liette Remon eta Gabrielle Bouthillier kantariak aritu ziren.

Biltzarrerako prestatzen

NABOren bilkura larunbatean egin zen, Euskaldunak-en egoitzan, 8:30tatik 16:00ak arte. Buffaloko bilkuratik 9 aste baino ez ziren igaro, eta hartaz, taldeak datorren Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarrari buruz solasteko denbora gehiago izan zuen. Donostiako Kursaalean egongo den NABOren standean aurkezteko proposamenak bildu ziren eta NABOk Biltzarrean dituen helburuei buruz hausnarketa egin zen. 

Bilkuran jorratu ziren beste gai batzuk euskal etxeen jarduerak eta gazteei zuzenduriko egitasmo proposamenak izan ziren. Gazteen parte hartzea elkarte guztiek duten arazoa dela adostu zuten ordezkariek eta luze eta zabal hitz egin zuten gai honi buruz. 

Horrez gain, Evelyne Dufau Euskaldunak-en ikusgai zegoen Michel Halcala margolariaren erakusketari buruz mintzatu zen eta Iparraldeko Konpilazioa egitasmoa ere aurkeztu zuten. Mintzagai izan ere Angela Mejias argazkilariaren "Gero Itxaropena" erakusketa, bilera gelako hormetan ikusgai zena.

Urtebetzeko tarta

Bilera ostean ordezkariek eta Euskaldunakeko kideek Kalakan taldearen kontzertu bat entzun zuten eta afarira bildu ziren. Euskal Etxea jendez mukuru zegoen, eta afalostean, NABOko presidentak, Valerie Arrecheak, Euskaldunak-i abegi onagatik eskerrak eman zizkion. Jarraian Adelaide Daraspek prestaturiko tarta atera zuten, 15 kandelekin atondua, eta 'Zorionak' abestu zioten denek Euskaldunak elkarteari. Gaualdia Takatunk taldeak girotutako dantzaldiarekin bukatu zen. Eurekin batera taulagainean aritu ziren Kalakan-eko zenbait kide ere.

Igandean, ordezkariek Mont-Royal bisitatu zuten eta ondoren lagunarteko bazkari egin zuten Montrealeko Club Español delakoan. Denen ahotan izan zen igarotako asteburu ederra. Zorionak Euskaldunak, urteurrenagatik eta egindako lan bikainagatik!




« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia