euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastatsu Pascual Barturen organojole euskaldunaren bira argentinarra Pergamino Rosario, Posadas eta Gualeguaychun

2015/06/29

Pedro Pascual Barturen Bizkaiko abadea Posadasko Katedralean emandako kontzertuan (argazkia EE)
Pedro Pascual Barturen Bizkaiko abadea Posadasko Katedralean emandako kontzertuan (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxea babesle, lau hiri bisitatu ditu Pascual Barturen musikari bizkaitarrak 2015eko bere bira argentinar honetan, leku bakoitzeko eliza nagusietan errezitalak eskainiz. Tokian tokiko euskal gizataldeek, emanaldiak antolatzeaz gain, apaiz euskaldunarekin elkartzeko aukera ere izan dute. Kontzertuok ateak zabalik izan dituzte organo musika zale guztientzat eta harrera eta oihartzun polita lortu dute.   

Rosario, Argentina. 2013an egin zuen aurreneko biran bezala, aurtengoan ere konpartitu nahi izan du Pedro Pascual Barturen abadeak bere jotzaile-abilezia Argentinako publikoarekin, euskal etxeak medio, eta horretarako lau geltokiko bira gauzatu du maiatzaren 30etik ekainaren 14aren bitartean, Luis Maria Barrandeguy rosariotarra laguntzaile.

Bi zatitan banatu ditu aurkezpenak musikariak. Errepertorio erromantikoan, honako pieza hauek joz: A. W. Bach-en Requiema, Fanny Mendelssohn-en Preludioa, Clara Schumann-en Preludioa eta Fuga, J. Brahms-en 7. Preludioa Korala, eta T. Dubois-en Sarrera. Euskal errepertorioari dagokionez, berriz, honakoak: T. Manzarragaren bi kantu, Jose Luis Ibarzabalen Ofertorioa, Martin Gorostidiren Agur Jesus, Manuel Molaren Adoracion, Joaquin Broto Ofertorioa, eta Tomas Aragüesen Gora ta gora Euzkadi.

Emanaldi-bira Pergaminon hasi zuen, maiatzaren 30ean, Nuestra Señora de la Merced elizan eta Lagun Onak euskal etxeko kideak partaide. Bigarren kontzertua ekainaren 4an izan zen Misiones probintziako hiriburuko katedralean. Kasu honetan, Posadaseko Euskal Jatorri euskal etxea arduratu zen antolakuntzaz. Birarekin jarraituz, Rosario izan zen hirugarren geltokia eta bertan ekainaren 7an izan zen emanaldia, Santa Rosa de Lima Parrokian eta Zazpirak Bat antolatzaile. 2015eko bidaia bukatzeko, Parana ibaia zeharkatu zuen berriro ere ekainaren 14an musikari bakiotarrak oraingo honetan Gualeguaychuko Katedralean jotzeko. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia