euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakasta handiz taularatu da Bahia Blancan ‘Gu, nosotros’, euskal eta argentinar musika eta dantza ikuskizuna

2015/11/24

‘Gu, nosotros’ egin zutenen agurra
‘Gu, nosotros’ egin zutenen agurra

PUBLIZITATEA

Bertako Union Vasca Euskal Etxeko kideek ez ezik, komunitate osoak lagundu zien Beti Aurrera taldeko dantzariei eurak sortutako ikuskizunaren aurkezpenean Bahia Blancako Udal Antzokian. ‘Gu, nosotros’-ek Euskal Herria utzi eta Argentinan bere bizileku berria bilatzen duen Josune neskatoaren istorioa kontatzen du bi herrialdeetako kulturak batuz.

Bahia Blanca, Argentina. Produkzio handiko dantzaldia taularatu zuen joan den asteazkenean, azaroaren 18an, Union Vasca-ko dantza taldea den Beti Aurrera-k. Proposamena arrakastatsua baino arrakastatsuagoa suertatu zen eta antolatzaileek aitortu dugutenez, “espero baino askoz sarrera gehiago saldu genituen, euskal etxeko kideen artean baina batez ere herritar arrunten artean, euskal etxekoak ez direnen artean ere”.

Gu, nosotros ikuskizunak Josune neskatoaren bizitza kontatzen du. Txirotasuna, gerra eta diktadura atzean utzita, baina horiekin batera euren kultura, ohiturak eta bizimodua ere atzean utzita Argentinara etorri behar diren Josune eta bere neba txikiaren istorioa.

“Ikuskizunean Euska Herriko eta Argentinako kultura batu ditugu eta hori asko gustatu zaio publikoari” azaldu dio EuskalKultura.com-i Romina Larrañaga zuzendariak; “Gurekin batera, euskal etxeko kantariak eta Folklore Vivo taldea ere izan ziren emanaldiko parte. Helburua zen elkarrekin bizikide ditugun bi kulturak plazaratzea eta lortu egin dugu nonbait. Izan ere, amaieran chacarera bat dantzatu genuen, guztiok elkarrekin, eta momentu izugarri polita izan zen”, kontatzen du Rominak hunkituta.

“Poz-pozik gaude emaitzarekin eta lortutako arrakastarekin; eta esker beroak luzatu nahi dizkiegu euren babesa eman diguten guztiei. Hasteko, Nuria Villaltari berak utzi zigulako ikuskizuna Guk bere dokumentalean oinarritzen. Beti Aurrera taldeko dantzariei, dantzari ohiei, gure familiei eta Euskal Etxeko batzordeari ere eskerrak eman nahi dizkiegu gure proiektu guztiak bultzatzeagatik”, azpimarratu du ikuskizunaren zuzendariak.

Etorkizunari begira, beste zeregin polit bat dute Beti Aurrerakoek. Datorren larunbatean, eskualdeko Txikien Topaketa egingo dute. “Distantziagatik normalean ezin gara Buenos Aireseraino, Llavallolgo Umeen Topaketara joan, urrunegi baitago; beraz, inguruko herrietako euskal etxeko haurrak hona gonbidatzen ditugu, guk ere geure jaia izateko. Hitzordua datorren larunbatean da, azaroaren 28an, Euskal Etxearen egoitzan.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia