euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aritz Galarraga, irakurle Bartzelonako UABn: "Euskal Herrian zer etorriko zain daude gure ikasleak ere"

2011/05/09

Aritz Galarraga klasea ematen Universitat Autonoma de Barcelonan (argazkia AGalarraga)
Aritz Galarraga klasea ematen Universitat Autonoma de Barcelonan (argazkia AGalarraga)

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Universitat Autonomako euskara eta euskal kultura irakaslea da Aritz Galarraga, jardun erdikoarekin, 1999az geroztik bertan irakurle den Jon Elordiri laguntzen. Urtero 150 ikasle inguru trebatzen dituzte bien artean, eta topikoak topiko eta Katalunian euskal kulturarekiko estimua izanagatik, egiaz "ezagutza oso da urria, orokortasunez betea" dela dio. Erruak bi aldeetara bota daitezkeela gehitzen du: "euskaldunok katalanei buruz dugun ezagutza parekoa dela esango nuke". Unibertsitateko erreformek euskal ikasketak ez kaltetzea da bere kezka nagusia orain.

Bartzelona, Katalunia. Universitat Autonoma de Barcelonan euskal ikasgaiak aukera askekoak dira egun eta edozein karreratako ikasleek egin ditzakete, zientzia zein humanitate arlotakoek ("zientziakoak ez dira izaten makalenak, ez horixe!" dio Aritzek). Baina burutzen ari diren erreformak direla medio, euskal ikasketak kaltetuak izango ote diren beldurrak da Galarraga. Horregatik, ahalik eta egoera sendoenean utzi nahi ditu Galarragak eta Jon Elordik osatzen duten lantaldeak. Bien bitartean, euskal kultura ezagutarazteko Bartzelonako euskal komunitatearekin lanean ari dira. Hilabete honetan, adibidez, puntako euskal idazleak gonbidatu dituzte Literaldia euskal literatur jaialdiaren baitan.

- Noiz abiatu zen programa Bartzelonan?

Nik orain betetzen dudan irakurle postua 2007ko maiatzean hasi bazen ere, aurretik beste irakurle bat zegoen UABn, Jon Elordi, 1999tik. 2007/08 ikasturtetik, beraz, Jon eta biok ari gara, irakurle eta erdi, bera jardun osoko kontratuarekin eta ni jardun erdikoarekin.

- Zenbat ikasle daude irakurlegoaren klaseetan? Ze profilekoak? Euskal jatorridunik?

Aurtengo ikasturtean 150 ikasle inguru ditugu. Ikasle kopurua beti izan da zifra horretatik gorakoa. 200 ikasle izatera iritsi gara ikasturteren batean. Gure ikasgaiak aukera askekoak izanik, edozein lizentziaturako ikasleak egin ditzake eta profil oso diferenteetakoak dira. Batek pentsa dezake humanitateetako ikasleak izan ditzakegula gehienbat, baina ez da beti horrela, zientzietako ikasle ugari izaten baitugu urtero, eta ez dira izaten makalenak, ez horixe. Euskal jatorriko ikasleak ere izaten ditugu tarteka, baina gutxi dira eta helburu jakin batekin egiten dituzte ikasgaiak: kredituak erraz lortzea. Motibo horregatik (ere), ikaslearen ezagutza maila baino garapena hartzen dugu kontuan ikasturte amaieran.

- Zer dakite EHri buruz?

Ikasleek, oro har, ezer gutxi dakite Euskal Herria zein euskarari buruz. Nahiz eta ustez badagoen nolabaiteko gertutasun edo estimu edo dena delako bat euskaldunonganako, ezagutza oso da urria, mugatua, orokortasunez betea Katalunian. Gutxi ezagutzen dute Euskal Herria zein euskararen egungo egoera, gutxi historia, zer esanik ez euskara bera (bide batez, euskaldunok katalanei buruz dugun ezagutza parekoa dela esango nuke).

- Zer/nola irakasten diezu klasean?

Guztira lau ikasgai eskaintzen ditugu euskal irakurleok: Euskara I eta II, Euskararen historia eta Euskal literatura. Euskara modu instrumentalean irakasten dugun ikasgaiei dagokienez, gure helburua ikasleak euskararen ikaskuntzan barneratzea da eta horretarako hizkuntza ahalik eta era praktikoenean irakasten saiatzen gara, ez hainbeste hizkuntzaren alde teoriko edo historikoak azaltzen. Helburu horiek lortzeko euskararen irakaskuntzan erabiltzen den materiala erabili ohi dugu, guk geuk sortutako materialarekin batera.

- Ze inpresio dute euskara entzuten dutenean?

Hasierako egunetan jakinminez egoten dira, zer izango den, nolakoa, haientzat ezezagun den hizkuntza hori. Gero, badira segituan hizkuntzari, nola esan, gustua hartzen dioten ikasleak, hizkuntzaren txanpa hartzen dutenak, sartzen direnak nolabait euskararen logika berri horretan. Gozatua izaten da orduan lan egitea, bai ikaslearentzat, bai, noski, irakaslearentzat ere.

- Zerk sortzen die jakinmin gehien?

Bada, batetik, hizkuntzaren egoera soziolinguistikoak berak, lehen egunetan lantzen dugunak, oso gutxi ezagutzen baitute egun zenbat jendek ezagutzen duen euskara, non hitz egiten den eta abar. Eta gero, hizkuntza ezagutzen hasten direnean, dena ez nuke esango, baina ia dena egiten zaie harrigarri, edo gutxienez berri, desberdin. Eta, noski, ez didate sinesten euskarazko hitzen portzentaje altu bat latinetik edo hizkuntza erromantzeetatik datorrela esaten diedanean.

- Euskal Herriaren egoerari buruz zer diote?

Ikasleen iritziak askotarikoak dira, baina jakinmina erakusten dute guztiek ere, eta nahiz hizkuntzari buruzko ikasgaia ematen ari zaren, beti sartzen dira tartean bestelako galderak, zalantzak, bataren eta bestearen iritziak. Ezin esan inor indiferente uzten duenik Euskal Herriko egungo egoerak, eta zer etorriko zain daude gure ikasleak ere.

- Zure esperientzian oinarrituta, erraza al da euskal kultura atzerrian ‘saltzea’?

Euskal kultura saltzea erraza da, baldin eta erosi nahi duenik aurkitzen bada, noski. Erosi nahi duena aurkitzea da akaso zailagoa. Ez hainbeste Katalunian, euskal izenlaguna daraman ororenganako interesa erakusten baitu hemen, eta orokorrean, jendeak. Baina, berriz diot, gauza bat da interesa, ustezko interesa, eta beste bat benetako ezagutza.

- Ze erronka dituzu etorkizunari begira?

Etorkizun hurbilean erronka nagusi bat dugu UABn, graduen berehalako ezarpenari erantzun ahalik eta duinena ematea. Ikusteko dago graduen behin betiko egokitzapenak nola eragingo duen gure ikasgaietan, nola geratuko diren ikasgaiok ikasketa plan jakin baten baitan, eta horrek zer ondorio ekarriko duen ikasle kopuruari dagokionez, adibidez. Horretan ari gara orain lanean, eta ahalik eta sendoen aterako gara prozesu horretatik.

- Klaseez gain, kultur ekitaldiak ere egiten dituzue. Zeintzuk?

Bartzelonan euskararen inguruan lanean ari diren gainontzeko unibertsitate, zentro eta elkarteekin hainbat gauza egiten ditugu elkarlanean, urte osoan zehar. Oraintxe bertan, esaterako, bete-betean dugu Literaldia, euskal literaturaren inguruko jaialdia. Hilabete oso batean hainbat eta hainbat jende ekartzen dugu Euskal Herritik, lehen lerrokoak guztiak ere, literaturaz aritzeko. Baina euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren inguruan antolatzen diren hainbat gauzatan hartzen dugu parte UABko euskara sail gisa.

- Orain arte egindako lanetik, zerk sortzen dizu satisfakzio gehien?

Satisfazio handiena, zalantzarik gabe, hainbat laguni euskararen bidean abiatzen laguntzea da. Eta pentsatuz gainera gure unibertsitatean euskal ikasketak existituko ez balira, segur aski, urtero 150 lagun inguru geratuko liratekeela euskararen mundura hurbildu gabe.

- Zer sentipen dituzu lan honetan? Ze itxaropen?

Gure nahirik handiena euskal ikasketak egonkortzea da. Garai zailak datoz orain, alde batetik unibertsitateak lotuta daudelako egoera ekonomikoagatik eta bestetik unibertsitateko erreformek ez dakigulako nola utziko dituzten euskal ikasketak. Saiatuko gara orain daukagunetik abiatuta, euskal ikasketen atala ahalik eta gehien sendotzen, eta ahalik eta eskaintza onena eskaintzen ikasleei.

- Bertako bizimodura ohitzea kosta egin al zaizu?

Ez gehiegi, azken batean, eta aldeak alde, han eta hemen jendea oso antzekoa baita.

- Bertako euskal komunitatearekin harremanik ba al duzu?

Bai, badut, balio handiko jendea ari da hemen lanean euskararen inguruan eta elkarrekin lan eginez gauzak txukun eta sendoago ateratzen direla ziur naiz.

- Ze beste proiektu dituzu esku artean?

Proiekturik behinena datozen hiru urteetarako irakurle plaza eskuratzea izango da, irakurle plaza nahiz euskal ikasketak sendotzen laguntzea, eta maila pertsonalagoan, doktoretza ikasketekin jarraitu eta, deabruak guarda, bukatzea.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia