euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinara emigratu zuten 15.000 euskaldunen datuak eskuragarri sarean Apheza agentearen erregistroan

2010/11/03

Guillaume Apheza emigrazio agentearen erregistroak sarean jarri ditu Uztaritzeko Euskal Kultur Erakundeak (EKE)
Guillaume Apheza emigrazio agentearen erregistroak sarean jarri ditu Uztaritzeko Euskal Kultur Erakundeak (EKE)
1856 eta 1913 artean Guillaume Aphezak milaka euskaldunen Argentinarako bidaia antolatu zuen. Emigrazio agenteak datu guztiak zazpi kaieretan izkiriatu zituen --bidaiarien izen-deiturak, sorterria, zorrak, itsasontzia...-- eta orain Euskal Argentina elkarteak, Baxenabarreko Erakustokiaren Adixkideak eta Euskal Kultur Erakundeak sarean ezarri dituzte edonork kontsulta dezakeen datubase batean. Bilaketak izen-deitura bidez, sorterriaren arabera edo atzerriratze urtearen arabera egin daitezke. Sustrai bila direnentzat, altxor berri bat sarean.

PUBLIZITATEA

Baiona, Lapurdi. Guillaume Apheza Xiberoko Domintxaine-Berrueta herrian jaio zen eta 1856tik 1913ra emigrazio agente izan zen, Bordeleko Colson agentziarentzat. Argentinara joan nahi zuten euskaldunen bidaia antolatzen zuen, Buenos Airesen bizi zen Jean bere anaiaren laguntzarekin. Guztira 15.000 lagunen bidaia prestatu zuen. 1919an hil zen Nafarroa Behereko Behaskane-Laphizketa herrian. 1990an bera hil zen etxean Aphezak gordetako artxiboak aurkitu zituzten.

Artxibo horietan 1856-1913 artean Argentinara bidali zituen lagunen datuak bildu zituen Guillaume Aphezak. Zazpi liburutan, eskuz, Apheçak 15.000 lagunen bidaiari buruzko xehetasunak jaso zituen. Artxiboak aurkitu zituen Jean-Claude Massondok, Baxenabarreko Erakustokiaren Adixkideak elkartearen eskutan utzi zituen datuok. Euskal Argentina elkarteak artoski transkribatu eta EKErekin lankidetzan, Euskal Kultur Erakundearen web atarian eskuragarri jarri ditu.

Bidaiaren dirua zor

Aphezaren erregistroetako adibide bat: "1866an, Amorotze-Zokotzeko Sangla familia atzerriratu da, Bordeletik, "Saint- Jacques" untzia hartuz (Hiriart kapitaina). Jean aita, Marie ama eta 3 haur (8, 4 eta 2 urtekoak). Bidaiaren dirua zor dute (300 + 300 + 450), Apheçak aitzinatu diena eta Rodes & Hiriart bitartekariek, Argentinan, eskuratuko dutena".

Hau bezalako 15.000 sarreraren datuak, laburtuta, eskuratu daitezke EKE atariaren Guillaume Aphezaren erregistroetan. Bilaketak bidaiarien izenaren arabera, herriz herri edo urtearen arabera egin daitezke. EKEko Jakes Larre arduradunak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, bilaketa desberdinak gurutzatzea komeni da, batzuetan Aphezak izenen grafia aldatu egiten baitzuen, edo jaioterriaren izena jarri ordez bidaiaria une horretan bizi zeneko herria jartzen baitzuen.

Sareko bertsio egokituan ondoko xehetasunak erakusten dira bakarrik:

-Erregistroaren zenbakia
-Erregistroan emigranteak dakarren zenbakia
-Izen-deitura (batzutan sortizena neskentzat)
-Sexua (baliagarri dena, izena ez delarik idatzia edo argi ez delarik)
-Abiatze data (edo ordaintze data)
-Jatorrizko herria (edo emigranteak duen bizilekuaren herria abiatzean)
-Familia harremanak (beste emigranteekin)
-Itsasontziaren izena
-Abiatze portua

Aphezaren artxiboetan sarean ezarri diren baino datu gehiago agertzen dira, eta sarean begiraturik informazio gehiago nahi duenak zuzenean Euskal Argentina elkartearekin harremanetan jarriz eskuratu dezake. 1996an sortu den elkarte honek Ipar Euskal Herritik Hego Ameriketara, eta bereziki Argentinara eta Uruguai-ra, joan ziren euskaldun familien harremanak sustatzen ditu. Datozen hiru asteetan Euskal Argentinako talde bat, Pierra Lako elkarteko lehendakaria buru, Argentinan da, eta aste honetan Mar del Platan izanen dira, Bigarren Mendeurreneko Euskal Argentinar Aste Nazionalean parte hartzen.



Komentarioak

  • Mila esker anitx

    Mila esker anitx zuen lana rendako. Lan izigarri ederra ari da egiten Euskal Kultur Erakundea eta baita ere Euskal Argentina, Diaspora eta Euskal Herria laguntasunez eta elgar ezagutzaz loturik. Aphezaren artxiboa sarean egotea urrats berri garrantzitsua da Argentinako euskaldunak heien erroekin lotu eta estekatzeko.

    Eskualduna, 2010/11/03 04:20

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia