euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinar, Euskal eta Mbya-Guaraní Kulturen Lehenengo Jaia ospatu du Corpus Christiko Euskal Etxeak bere 12. urteurrenean

2017/07/26

PUBLIZITATEA

Erronka ederrak hartu ohi ditu Misiones probintziako Corpus Christiko Euskal Etxeak eta beti gainditu egiten ditu. Bere burua gainditzeko ahalmenaren proba ukaezina, ospatu  berri den Argentinar, Euskal eta Mbya-Guaraní Kulturen Jaia da. Aurrekaririk gabeko ekitaldi honetan oenaldi polita egin die elkarteak Euskal Herriko, Argentinako eta Misiones bertako Guarani herriko kulturei, beti ere Argentinako euskal gizataldeko hainbat erreferente lagun.

Corpus Christi, Argentina. Esker oneko hitzak baino ez ditu Euskal Etxeko lehendakari Olga Leiciagak uztailaren 22 eta 23an egindako jaiaz galdetzen diogunean. Izan ere, Argentinako beste euskal elkarte batzuen babesa jaso zuen Corpus Christikoak jaialdiak. Hala ere, lankidetzak gora-behera, corpustarrak izan ziren ekimen honen sortzaile eta bultzatzaile eta beraiei esker ari da zabaltzen euskaldunen berri Misiones probintziako txoko horretan.

Argentinar, Euskal eta Mbya-Guaraní Kulturen Jaia 9. ‘Kontaketa Harrigarriak’ Literatur Lehiaketako sari emanaldiarekin hasi zen. Lehiaketaren aurtengo edizioak nobedade polita izan du; txapelketak ateak zabaldu ditu gaztelaniaz ez ezik, euskaraz eta mbya guaraniz idatzitako testuak ere aurkezteko. Honako hauek izan dira irabazleak:

Gaztelaniazko kategoria
-Lehenengo saria, Jose Luis Chaparro-ren ‘La caja de Elisa’ (Elisaren kutxa) (Badajoz, Espainia)
-Bigarren saria, Norma Ester Morell-en ‘Almas perdidas’ (Arima galduak) (Arroyo Dulce, Argentina)

Euskarazko kategoria
-Lehenengo saria, David Birenbaum-en ‘Inauteriak’ (Buenos Aires, Argentina) eta Agurtzane Iturreren ‘Antxonen bizitza berria’ (Bizkaia, Euskal Herria)

Guaranizko kategoria
-Lehenengo saria, Juan de Dios Domínguez-en ‘Jahe´o’ (Negarra) (La Matanza, Argentina)

Olga Leiciagak azaldu digunez, “distantziak direla-eta, askotan ezin izan dira irabazle guztiak etorri. Bertaratu zirenen artean, Norma Morell eta gaztelaniazko kategorian aipamen berezi bat jaso zuen Juan Osvaldo Barrios-ek eskuetan jaso zituzten sariak. Juan de Dios Domínguez guaranizko kategoriako irabazlea ere animatu zen, eta Carlos Gabilondok jaso zuen David Birenbaum-en saria, biak Buenos Airesko Euskaltzaleak euskal etxekoak ikasleak direlako. Zeremonia ederra izan zen”.

Sari banaketa bukatuta, ibilbide turistikoa egin zuten irabazle eta anfitrioiek. Udalak utzitako konbi batean Puerto Mani, bergamota saila bat eta euskal etxeko kide den Markiewicz-en etxaldea bisitatu zituen taldeak. Ibilbidea bukatuta, erreki tipiko bat partekatu zuten.

Bigarren egunean Argentinar, Euskal eta Mbya-Guaraní Kulturen Jaiko bazkari nagusia eskaini zuten Corpus Christiko lagunek. Azken urteetan egin den legez, Cesar Arrondo buru duen Alkartasuna sukaldari taldea, Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeari atxikia, arduratu zen janaria prestatzea; menua, pintxoa eta dilistak euskal erara. Bazkaria Udal Aretoan izan zen eta bazkalostean Euskal Etxeak garatzen dituen tailerren erakusketa izan zen. Txikiek euskal eta argentinar abestiak kantatu zituzten, euskal dantzak dantzatu eta antzerki tailerreko kideek ere bere lana aurkeztu zuten. Ikuskizunari amaiera emateko Obera herriko ‘Nuestro Canto’ taldeak Argentinako kantu folklorikoak interpretatu zituen.

Arratsaldean, euskal zinearen txanda etorri zen eta Carlos Gabilondok “El Negociador” filma proiektatu zuen Euskal Etxean. Pelikularen ondoko debatean, Cesar Arrondok ere hartu zuen parte. Aipatzekoa da Gabilondok, Kubako Euskal Etxeak bidalitako oparitxo bat eskuratu ziela Corpus Christiko euskal gizataldeko lagunei. Gogora dezagun, Euskal Zine Ibiltariko arduradun diren Carlos Gabilondo eta Norma Carrizo La Habanako Euskal Etxearen 140. Urteurren programa hartu zutela parte uztailaren 8tik 16ra.

“Laburbilduz, gure memoria luzaro gordeko dugun jaialdi bat izan zen. Gogoz bizi izan ditugu egun hauek, guk baina baita gonbidatuek ere. Honelako ospakizunek animoa baino ez digute ematen aurrera bizkor jarraitzeko”, adierazi digu Corpus Christiko Euskal Etxeko lehendakaria den Olga Leiciagak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia