euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinan sortutako ‘Zutarriak’ musika taldeak euskal folklorea 8. Probintzian nola bizitzen den islatzen du

2016/07/11

Zutarriak taldearen grafika
Zutarriak taldearen grafika

PUBLIZITATEA

Ignacio Esquiroz albokariaren ideia batean oinarrituta, boskotea Nicolas Iribarren, Anabel Jaureguiberry, Francisco Gandara eta Franco Filippiren eskutik sortu zen. Esquirozen esanetan, “Zutarriak bi pasioren arteko lotura da: euskal folklorea, eta musikarekiko dugun maitasuna. Taldeak gure euskal, argentinar eta unibertsal nortasuna arbasoek piztutako sutondoren inguruan aldarrikatu nahi du, euskal instrumentuak eta mundu osokoak batuta, Euskal Herriko kantutegiari beste buelta berri bat emateko”.

Buenos Aires, Argentina. Sortu berri den ‘Zutarriak’ taldearen debuta, eta debutarekin batera taldea formalizatzeko erabakia 2016ko ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdiaren baitan gertatu zen. Ignacio Esquiroz musika irakasleak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “‘Buenos Aires Celebra’ko debuta esperimentala-edo izan zen; baina harrera paregabea izan genuen publikoaren aldetik eta horrek jarraitzera bultzatu gintuen, batetik, baina batez ere musikari gehiago gonbidatzera –momentu hartan hiru ginen– eta errepertorioa zabaltzera”.

“Zutarriak –jarraitzen du taldeko buruak– bi pasioren arteko ezinbesteko lotura izan da: euskal folklorea eta musikarekiko dugun maitasuna. Zortzigarren Probintziako artistok ere bil gaitezke gure arbasoek piztutako sutondoaren inguruan, haiek bezala, musika egiteko. Eta giro hori Argentinako euskal gizataldeak antolatzen dituen ekintzetara eraman nahi dugu”.

Izenak ere lotzen du taldea euskal herritarren antigoaleko ohiturekin. “Zutarriak: zutik dauden harriak… gure arbasoek lurperatu ohi zituzten harri luzeen muturrak. Hainbat interpretazio ditu ohitura horrek… esanguratsuena agian, mezu iraunkor baten euskarria izatea… Bertan ere badago motibatzen gaituena. Euskal Herria herri txikia baina indartsua da. Hainbat eraso jaso arren zutik jarraitzen du. Gu euskaldunen biloba eta birbilobak gara, jadanik argentinarrak eta askeak; baina gure odolean oraindik ere sentsibilitate hori daukagu… haritzak, harriak, euskarak eragiten digun sentsibilitate hori”, adierazi digu Esquirozek.

Ignacio ‘Iñaki’ Esquiroz zuzendari, honako musikari hauek osatzen dute gaur egun taldea: Nicolas Iribarren gitarra, pianoa eta koruen egilea da; euskara irakasle ede baden Anabel Jaureguiberry, pandero eta perkusio jotzaile da; Francisco Gandarak​, ‘bombo legüero’ delakoan, perkusioarekin eta koruekin ere laguntzen du; eta Franco Filippik, biolina jo eta koruak ere egiten ditu.

Zuzendariari, Iñaki Esquiroz-i, dagokionez, musika irakaskuntza ikasi zuen Buenos Aireseko Manuel de Falla Kontserbatorioan. Alboka ere ikasi zuen Mauro Telletxea irakaslearekin eta Gaztemundu 2013ren baitan baita Karlos Subijanarekin ere, Gasteizko Musika Etxean. Gaur egun, argentinar hiriburuko Euskaltzaleak Euskaltegiko Abesbatzaren zuzendaria ere bada.

Zutarriak-ek astero entseatzen du Euskaltzaleak-en “hori baita gure elkargunea”, azaltzen dute musikariek; “baina gure musika Argentinako euskal etxe guztietara helarazteko asmoa daukagu”, luzatzen dute boskoteko kideek.

Zutarriak Facebook-en dago, Zutarriak izenpean. Euren abesti bat entzuteko, klik hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia