euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinan euskal kultura sustatzaile izan nahi ? Parte hartu uda honetan ‘Anima Zaitez!’-en 2. edizioan!

2017/03/27

‘Anima Zaitez!’ programaren logoa
‘Anima Zaitez!’ programaren logoa

‘Anima Zaitez!’ 2016an Cordoba probintzia argentinarreko Villa Maria herriko Euskal Etxeak sortutako programa bat da. Gonbitea luzatzen zaie Euskal Herriko gazteei Argentinara etorri eta euren euskal kultura partekatu dezaten, tailer batzuk emanez pare bat astez. Parte hartzaileek bidaia eta asegurua jarri beharko dituzte eta Argentinako partea egonaldiaz arduratuko da (ostatua, janaria). Uztailean egingo da maiatzaren lehena du hautagaiak aurkezteko epea.

PUBLIZITATEA

Villa Maria, Argentina. ‘Anima Zaitez!’ du izena Cordoba probintziako Villa Mariako Euzko Etxeak iaz sortutako truke ekimenak. Necocheako ‘Hator Hona’ proiektua eredu hartuta, Euzko Etxeak gonbitea luzatzen die Euskal Herriko 18 eta 30 urte arteko gazte euskaldunei Villa Mariara etorri eta bi astetan zehar, musika, dantzak, euskara, sukaldaritza edota beste euskal gai batzuei buruzko tailerrak eman ditzaten.

Villa Marian dauden bitartean gazteek euskal kultura landuko dute bertakoekin, gazteekin bereziki, partekatuz Euskal Herrian bizi den gazte batek euskal kulturaz hainbat alorretan izan ditzakeen ezagutzak, esate baterako euskaran, musikan, dantzan, euskal instrumentuetan, gastronomian edota kiroletan. Helburua, partekatzea da, ezagutzak zein eskarmentuak.


[Anima Zaitez! proiektua zabaltzeko bideoa]

Programan parte hartzeko baldintzak hauexek dira:

-Gazteek hizkuntzaz euskaldunak beharko dute izan, 18 eta 30 ure bitartekoak, eta gai hauetako bi behintzat menperatu: euskara, euskal dantzak, herri kirolak, sukaldaritza edota euskal musika. Ezagutzak izateaz gain irakasteko gogoa izan behar dute: agiririk ez da eskatzen, baina bai interesa eta konpartitzeko grina. Gazteak bi astez egongo dira gutxienez Villa Marian, datorren uztailean (data zehatza adostu eta jakinaraziko da), eta Euskal Herrira bueltatzean, programa zabaltzeko konpromisoa hartzen dute, datorren ediziorako begirale berriak lortu ahal izateko

-Klaseak eta tailerrak Euskal Etxearen instalazioetan izango dira. Aktibitateen programa, hautatzen diren begiraleek eskaini ditzaketen gaien arabera antolatuko da. Ostatua Euskal Etxeko familien etxeetan izango da eta otorduak ere etxeetan edota Euskal Etxean. Begirale kopurua ere aukeren arabera erabaki eta jakinaraziko da.

-Parte hartzeko hautatzen diren Euskal Herriko gazteek euren Argentinarainoko joan-etorria ordaindu beharko dute, bidai-asegurua ere barne. Argentinako partea, berriz, proiektuarekin lotura duten gastuez arduratuko da, hala nola aireportutik Villa Mariara iristeko bidaiaz, otorduez, ostatuaz eta irakasteko/ikasteko materialaz.

Informazio gehiago, cvascovm@gmail.com edo animazaitez.cvascovm@gmail.com helbideetaran lor daiteke (apirilaren 28a arte). Eskaerak helbide berberetara bidali behar dira eta epea maiatzaren 1ean bukatuko da.

Aukeratuen izenak Euzko Etxea Villa Maria izeneko FanPagen argitaratuko dira maiatzaren 8 eta 12aren bitartean.

(Mesedez, zabal ezazu eskaintza honen berri interesa izan dezaketen pertsonen artean, mila esker aldez aurretik)



Komentarioak

  • Miresmena

    Nere txaloak eta miresmena zuentzat

    Mirentxu Iriberri (Nafarroa), 2017/03/28 05:44

« aurrekoa
hurrengoa »

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia