euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinan euskal kultura irakatsi nahi al duzu? Parte har ezazu Hator Hona 2011 programan

2011/04/27

2008an Necocheako Euskal Etxeko 23 dantzari gaztek Euskal Herrira bidaia egin eta Hator Honako lagunekin bildu ziren (argazkia NecocheaEE)
2008an Necocheako Euskal Etxeko 23 dantzari gaztek Euskal Herrira bidaia egin eta Hator Honako lagunekin bildu ziren (argazkia NecocheaEE)
Necocheako Euskal Etxea Hator Hona programaren edizio berria antolatzen hasi da eta uztailean Argentinara euskal kultura irakastera etortzeko gogoa duten gazteen bila dabil. Gazteek euskara, pilota, dantza, musika... irakatsiko dizkiete bertako neska-mutilei, uztailaren 15etik abuztuaren 7a bitartean. Kultur truke hau 18 eta 30 urte bitarteko euskal gazteei zuzendua da eta Argentina eta Diasporako euskaldunak ezagutzeko modu interesgarria izan daiteke. Izena emateko epea maiatzaren 13an itxiko da.

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. Abentura gogoangarria da eta Argentina bertako euskaldunen eskutik ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen du 'Hator Hona-Vení a la Argentina' kultur-trukeak. Buenos Aires probintzian dagoen Necochea hiriko euskal etxeak antolatzen du Hator Hona, eta zazpigarren edizioa da jada aurtengoa. Urtero, euskal etxeak Euskal Herriko gazteei hilabateko egonaldia egiteko gonbitea luzatzen die, bertako gazteei  euskera, pilota, txalaparta, dantza... erakusteko. Aurreko edizioetan parte hartu duten gazteek esperientzia ahaztezina dela diote eta hilabeteko egonaldi laburrean bizitza osorako lagunak egin omen dituzte.

Programa 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendua da eta uztailaren 15etik abuztuaren 7a arte luzatuko da. Euskal Herriko gazteek bidaia ordaindu beharko dute, baina behin Necochean egonik, bertako euskal familien etxeetan biziko dira. Bete-beharreko baldintza bakarra euskera, euskal musika, dantza, gastronomia edo kirol ezagutza izatea da. Ez da titulorik eskatzen, esperientzia eta irakasteko gogoa besterik ez.

Gazteen egonaldi honi esker Necocheako euskaldunek berritu eta sakondu egiten dute euskal kulturarekin harremana, eta gaur eguneko Euskal Herria ezagutzen dute. Argentinara datozenek, aldiz, Euskal Herritik 11.000 kilometrotara euskal kulturak nola bizirauten duen ikusi ahal izango dute, Necocheako euskaldunen engaiamendu eta maitasunari esker.

Izena emateko epea maiatzaren 13an itxiko da. Euskal Etxeak blog honetan ematen du aurtengo eta aurreko edizioetako Hator Hona programaren berri: http://www.hatorhona.blogspot.com. Programan parte hartu nahi izanez gero, bete formulario hau eta 72 orduren buruan jasoko duzu erantzuna. 

Informazio gehiago eskatzeko edo zalantzak argitzeko idatzi e-maila hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia