euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Paranán, Presencia Vasca irratsaioak 20 urte bete ditu eta saio berezi batez ospatuko du igandean

2010/03/26

Presencia Vsca-ko taldea: Mikel Ezkerro, zutabegile eta iritziemaile; Federico Borras Alcain, zuzendari, esatari eta factotuma; eta Sandro Lenart, teknikaria
Presencia Vsca-ko taldea: Mikel Ezkerro, zutabegile eta iritziemaile; Federico Borras Alcain, zuzendari, esatari eta factotuma; eta Sandro Lenart, teknikaria

PUBLIZITATEA

Federico Borrás Alcain zuzendari eta esatari, astero aireratzen da Presencia Vasca irratsaioa Argentinako Paraná herritik, Entre Rios probintzian, izan ere duela 20 urtedanik. Horixe, bere lehenengo 20 urteak ari da ospatzen egunotan, eta karia horretara ordu biko saio berezi bat egingo du datorren igandean, martxoak 28, bi hamarkada hauek eman dutena gogora ekarriz. Ohi bezala, saioa internet bidez ere segitu ahal izango da zuzenean, Argentinan 11:00etatik 13:00ak arte, eta Euskal Herrian bost ordu gehiago direnean, aurreko gauan aldatua izango baita ordutegi ofiziala. Saioa bukatuta, Paranán bildutakoek senidearteko bazkari bati ekingo diote. Lerro hauetatik, zorionak Federico, Mikel, Sandro eta 20 urte hauetan saioa posible egin duten eta astero astero posible egiten segitzen dutenei.

Paraná, Argentina. Bi hamarkadez astero-astero euskal saio bat egin ahal izatea jende askoren ekarpenari eta bultzadari esker izan da posible, baita ere irratsaioak izan duen entzulego finari esker, hogei urteko tartea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Urtebetetze festa heldu den igande honetan gauzatuko da, saioak ohi duen ordubeteko iraupena beste ordu berez emendatuko baita, ordu biko saio berezia eskainiz, goizeko 11etatik arratsaldeko 13ak arte, ordutegi argentinarrean, eta 16:00etatik 18ak arte Euskal Herrikoan (aurreko gauean ordua aldaturik, bost orduko tartea izango baitute Argentinak eta Euskal Herriak).

Astero bezala, saioa Euskal Herritik edo Diasporako beste edozein tokitik segitu nahi dutenek internet bidez (www.fmuniversidad.com) egin ahal izango dute, aipatu orduetan, zuzenean. Aldi berean, programan sartu eta iritziak, zorionak, iruzkinak edo bestelako aipamenak ere egin nahi izatekotan, zuzenean beti ere, aipatu orduetan, honako zenbakira deituz egin ahal izango dute: 00 54 343 4347777, edo, bestela ere, e-mail bidez helbide honetara joz: presenciavasca@gigared.com. Facebook-en, berriz, aski da 'Presencia Vasca Paraná' hitzak bilatzailean ipintzea programaren tokia topatzeko.

Zorionak eta Anitz urtez

Igandeko saioa bukatuta, bazkari herrikoi bati ekingo diote urtebetetzea ospatzeko asmotan irratsaioa egingo den lekura etorriko direnek, tartean langile, lagun, ohiko gonbidatu eta gonbidatu bereziek. Honetan parte hartu nahi dutenei, adierazten zaie, arren izena aldez aurretik eman dezatela, 0343-4225332 edo 4317676 zenbakietara deituz.

Lerro hauetatik EuskalKultura.com-ek bat egin nahi du egunotan Presencia Vascara zorion agiantzak bidaltzen ari diren lagun guztiekin. Agiantza onenak igorri nahi dizkie Federico, Mikel eta Sandrori eta oro har irratsaioa astero-astero hogei urte luzez posible egin duten lankide guztiei, tartean bidean gelditu direnei, eta baita ere oraindik, astero astero, ilusioz eta euren kemenaren, erabaki irmoaren eta Euskal Herria eta euskal kulturarekiko maitasunaren indarrez posible egiten segitzen dutenei. Zorionak eta urte askoan, anitz urtez!

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia