euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Lauburu Argitaletxeak Cesar Arrondoren eta Mikel Buenoren liburu bana plazaratu du

2016/03/15

Lauburu Argitaletxeak kaleratutako Liburu berriak
Lauburu Argitaletxeak kaleratutako Liburu berriak

PUBLIZITATEA

Arturo Campion Ikasgunearen baitan jaiotako argitaletxeak bi lan berri aurkeztu ditu: Cesar Arrondoren “Hojas para la formación” eta Mikel Bueno Urritzelkiren Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako Masterreko lana, “Amnistía `77, la lucha del pueblo vasco". Bi hauek eta argitaletxeak iaz argitaratutako beste lau liburuak salgai daude, eta munduko edozein lekutara bidal daitezke argitaletxearekin harremanetan jarri ezkero.

Laprida, Argentina. Gaztea da oraindik --urtebete baino ez-- Argentinako Lauburu Argitaletxea baina hala ere gogor egiten du lan bere helburu nagusia betetze aldera, esan nahi baita Argentinan euskal esparruan egiten diren ikerketa eta lanen zabalkundea egitea. Oraingoan, gainera, euren mugak gainditu dituzte eta Euskal Herriko ikerlari baten  --Mikel Bueno-- saiakera ere sartu dute euren bilduman.

Mikel Bueno Urritzelkiren Amnistía `77, la lucha del pueblo vasco

Lauburu Argitaletxeko arduradun Nicolas Chavesek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Mikel Bueno Urritzelkik behin baino gehiagotan idatzi du Arturo Campion Ikasguneko Guregandik argitalpenean. Eta Argitaletxearen berri izan zuenean idatzi egin zigun galdetuz aukerarik ba al zegoen berak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako Masterreko azken lana argitara genezan. Baietz esan genion eta liburua kalean da dagoeneko”.

Amnistía `77, la lucha del pueblo vasco liburuaz, egileak azaltzen duenez, “amnistien aldeko borrokek ez dute izan nire ustez merezi duten oihartzun historiografikoa. Autore batzuek aipatzen dituzte, baina gainetik; beste batzuek aipatu ere ez dituzte egiten. Hortaz, Espainiako trantsizioak lasaia ematen du eta herriaren inongo erantzunik gabea. Eta hori ez da egia. Badakigu trantsizioa oso bortitza izan zela eta hori bistan geratzen da, esaterako, Gasteizen eta Montejurran izandako gertakarietan".

"Liburu honetan Euskal Herri Hegoaldean euskal preso politikoen amnistiaren alde egin ziren manifestazioei buruz idatzi dut, Francoren diktaduraren amaieran. amnistia hori euskal herritarren borrokagatik –eta hainbat hildako eta zaurituengatik– lortu zen”, baiesten du Buenok.

Cesar Arrondoren Hojas para la formación

Lauburu Argitaletxeak kaleratu duen Cesar Arrondoren hirugarren izenburua da Hojas para la formación eta egileak berak azaltzen duenez, helburu didaktikoa du. “Lan hau euskal kulturaren aldeko eta Euskal Herriaren eskubide politikoen aldeko lan baten emaitza da. Duela hamabost bat urte hasi nintzaion forma ematen, FEVAko Batzordean nengoela. Garai hartan euskal etxe ugari bisitatu nituen eta konturatu nintzen nahiz eta gehienetan liburutegi handiak egon, gazteek zerbait arinagoa behar zutela euskal kulturara hurbiltzeko. Izan ere, uste dut beharrezkoa dela euskal etxeetako kideek euskal kulturari buruzko eta euskal egoera politikoari buruzko oinarrizko ezagutzak izatea”.

Liburuak salgai daude eta eskatu nahi izatekotan interesatuek Lauburu Argitaletxearekin jarri behar dira kontaktuan nicolasjchaves@gmail.com helbidean. Bi hauekin batera, beste zenbait izenburu ditu salgai Argitaletxeak. Hona hemen zerrenda, prezioak pesotan:

  • Cesar Arrondoren Hojas para la formación ($150)
  • Cesar Arrondoren Los vascos de Gandara ($100)
  • Cesar Arrondoren Los vascos de Laprida ($120)
  • Mikel Bueno Urritzelkiren Amnistía `77, la lucha del pueblo vasco ($100)
  • Mª. Eugenia Cruset-en Nacionalismos y Diásporas. Los casos vasco e irlandés ($150)
  • Guregandik 10 ($100)
  • Guregandik 11 ($100)


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia