euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose C. Pazeko Toki Eder EEak euskal abesbatzara biltzeko deia egin eta irratsaioaren berri eman du

2008/06/02

Mariana Fernandez Castellik, ezker) lagundurik Elba Arburuak (eskuin) gidatzen du 'La hora de los vascos' irratsaioa
Mariana Fernandez Castellik, ezker) lagundurik Elba Arburuak (eskuin) gidatzen du 'La hora de los vascos' irratsaioa

PUBLIZITATEA

Jose C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeak, Argentinan, deia luzatu die kantua gogoko duten pertsona guztiei sortu berri duen abesbatzara bil daitezen. Honekin batera, bazkideek zein oro har josezepaztarrek euskal kultura sakonago ezagut dezaten abian jarri duen 'La hora de los vascos' irratsaioaren berri eman du. Saioa astean behin, ostegunetan, eskaintzen dute Sintonia AM 1000-n eta entzuleek interneten bidez ere jarraitu dezakete emisioa, munduko edozein bazterretik.

Jose C. Paz, Argentina. Buenos Aires probintziako Jose C. Pazeko euskal komunitateak, Toki Eder Euskal Etxearen bidez, bertako azken jarduerei buruz aditzera ematen du ohar baten bidez. Euskal Abesbatza sortzeko zabaldu den deialdian parte hartzeko interesa duten pertsonek 02320-442842 telefonora deitu dezakete astearte, ostegun eta larunbatetan 16:00etatik 19:00ra bitarteko ordutegian. Edo posta elektronikoaren bidez hona idatzi.

Elba Arburuak gidatu eta Mariana Fernandez Castelliren laguntza jasotzen duen La hora de los vascos irratsaioari dagokionez, ostegunetan arratsaldeko bostetatik seiak bitartean (Argentinako ordua) entzun daitekeela adierazi dute Euskal Etxetik, Sintonia AM 1000-n hain zuzen ("Radio Del Plataren ezkerraldeko emisorea da"). Internetek, ordea, entzuleei munduko edozein tokitatik entzuteko aukera ematen die, honako helbidean: www.sintonia1000.com.ar.

Irratsaioko arduradunek --aldi berean esatari dira-- programan Euskal Herriari buruzko gai garrantzitsuak jorratzen dituztela eman dute aditzera, euskal jatorria sakonago ezagutarazteko helburuarekin. Zuzenean, era atsegin eta hurbilean, Elba Arburuak eta Mariana Fernandez Castellik euskal arbasoei buruzko jakingarriez eta ohiturei buruz mintzatzen dira, baita kirolei, gastronomiari, ekologiari eta beste hamaika gairi buruz ere, bertako eta beste tokietako euskal Diaspora gaiak barnean. Argentinatik ostegunetan arratsaldeko bostetatik seiak bitartean, eta internet bidez Euskal Herritik, esaterako, gaueko hamarretatik hamabikak bitartean, programa emisioan dagoen bitartean, bateko edo besteko entzuleak esatariekin zuzenean harremanetan jarri ahal izango dute 02320-423306 telefonora deituz, edo atzerritik (54) 2320-423306ra hots eginez.


Lotura interesgarriak

Toki Eder Euskal Etxea
http://www.josepaz.com.ar/cym/centro_vasco.html

Sintonia 1000
http://www.sintonia1000.com.ar




« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia