euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako hainbat euskal etxetako euskaltzaleek Euskararen Eguna ospatu dute joan den asteburuan

2011/12/07

Euskararen Eguneko ospakizuna Euskaltzaleak-en (argazkia EuskalKultura.com)
Euskararen Eguneko ospakizuna Euskaltzaleak-en (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Urtero bezala, 2011 honetan ere Diasporako euskara ikasle, irakasle eta lagunek ekitaldi bereziak antolatu dituzte Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Proposamenak ugariak izan dira, helburua bat bera: euskal hizkuntzarekiko engaiamendua adierazi eta aldarrikatzea. Abenduaren 3an, San Frantzisko Xabier eta Euskararen Nazioarteko Egunean, hainbat hitzaldi, jolas, bideo eta kantarekin protagonista izan zen euskara. Hona Argentinako zenbait lekutatik iritsi zaizkigun berriak, euskal etxe hauetan: Chascomuseko Zingirako Euskaldunak, Lapridako Lagunen Etxea, Cordobako Gerora, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat, Rio Cuartoko Gure Ametza, eta Buenos Aireseko Euskaltzaleak euskaltegia.

Chascomus, Argentina. Elkartea sortu zeneko hogeigarren urtemugaren urtean, Zingirako Euskaldunak euskal etxeak Chascomuseko Idazleen Elkartea gonbidatu zuen bere egoitzara Euskararen Eguna elkarrekin ospatzeko. Bi instituzioek antolatutako ekitaldian, euskal literaturari buruzko hitzaldia eman eta Cursillo de Lengua Vasca (Euskara ikastaro laburra) bere liburua aurkeztu zuen Carlos Irisarri Argentinako Udako Euskal Unibertsitateko irakasleak.

Elkarretaratzearen baitan, Zingirako Euskaldunak-eko lehendakari Pedro Mauregui Larrandak hitz batzuk luzatu zizkion bildutako jendeari, Euskararen Eguneko ospakizunaren garrantzia azpimarratzeko. “Nahiz eta jazarpenak eta errepresioa jaso, euskara bizirik dago eta Euskal Herriko altxorrik preziatuena da”, adiera zuen Larrandak bere hitzetan.

Euskararen eguna Chascomusen 2011 01

[Roberto de la Canal eta Carlos Irisarri (argazkia EE)]

Roberto de la Canal Idazleen Elkarteko kideak ere hartu zuen parte aurkezpenean. De la Canal-ek Amerikako euskal jatorrizko izen handiko pertsonen aipamenak egin zituen.

Cordobako Gerora eta Lapridako Lagunen Etxea

Argentina erdialderantz joz, Cordoba hirian Euskara Astea ospatu zen azaroaren 26tik abenduaren 2ra arte, bertako Gerora euskal elkartearen eskutik. Ekintzekin hasteko, dantza, musika eta antzerki-lana batzen zituen “Hegan” izeneko ikuskizuna aurkeztu zuten Gerorakoek Cordobako Grote Etxean, larunbat 26an. Bideoak ere egin eta proiektatu zituzten dantzari gazteek. Horretaz gain, Julieta Martin (gitarra), Carolina Aguerrido (ahotsa) eta Noelia Bohe Aizpeolea (dantza) “Txakolin” interpretatu zuten. Topaketa bukatzeko, etxeko Hitzak abesbatzak “Guk Euskaraz” kantatu zuen publikoak lagunduta. 

Euskararen eguna Gerora-n 2011 02

[Gerorako kideak Elba Mocoroa euskara irakaslearekin (argazkia EE)]

Ekintza egitarauari jarraituz, azaroaren 30ean 'Zirt Zart'en II. edizioa burutu zen Cordobako Gernika Plazan, Txotx dantza taldearen eskutik. Dantzak eskaintzeaz gain, Gaspar Jaurena albokariak “Oinez” jo zuen eta dantzariek Aurreskua eskaini zieten inguruan zebiltzan oinezkoei. Astebeteko jaialdiari amaiera emateko, abenduaren 2an erromeria gauzatu zuten Geroratarrek. Gauean zehar, Euskal Herriko kantak eta musika entzun ahal izan ziren. Gustavo Zitto eta Facundo Zitto Uribarren bere semetxoak osatutako bikoteak, Gaspar Jaurena musikariak eta Txotx danza taldeak pieza batzuk jo zituzten euskararen gorazarre.

Buenos Aires probintzian, Lapridako Lagunen Etxean bi data esanguratsu ospatu zituzten abenduaren 3an: Euskararen Eguna eta erakundearen 22. urteurrena. Enrique Germade apaizak emandako meza batekin hasi zen eguna, predikua San Frantzisko Xabier-i buruz hitz egin zuelarik. Ondoren, lagunentzako antolatutako topaketan, Maria Ester Arrondok Eusko Txokoa liburutegiko ale batzuk jarri zituen ikusgai txoko batean eta Arturo Campion euskal ikastegiko kideek Euskal Gizataldeen V. Mundu-Batzarrean izandako partaidetzari buruzko txostena aurkeztu zuten.  

Euskararen eguna Lapridan-n 2011 03

[Etxeko neskatilek Jose C. Pazeko Toki Eder euskal etxeak dohaintzan emandako euskarazko liburuak erakusten (argazkia EE)]

Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat eta Rio Cuartoko Gure Ametza

Arrecifesetik ere heldu zaigu berria. Euskaldunak Denak Bat euskal etxean, larunbatean bertan “Kutsidazu Bidea, Ixabel” filma bota zuten euskara klaseen arduradunek eta horren ostean, etxeko neska-mutilek euskal karaokearekin abesti klasikoenak kantatu zituzten. Hogei bat umek hartu zuten parte kantaldian.

Euskararen eguna arrecifes-n 2011 04

[Euskaldunak Denak Bat-eko umeak karaokean (argazkia EE)]

Cordoba probintziara itzuliz, Rio Cuarton ere musika gailendu zen, Euskal Herrikoa zein Argentinakoa. 250 gonbidatuk izan zuten Gure Ametza euskal etxeko egoitzan 'Baietz' eta 'Cosa de Duendes' taldeak entzuteko aukera. “Euskal musika eta Argentinako folkloreak erakarrita normalean etortzen ez den jendea hurbildu zen euskal etxera eta horrek poz-pozik utzi gintuen”, adierazi dio Pablo Cufre euskara irakasleak EuskalKultura.com-i.

Euskararen eguna rio cuarto-n 2011 05

[Cosa de Duendes taldeak jo zuen Gure Ametzak antolatutako jaian (argazkia EE)]

Euskaltzaleak euskaltegia

Eta Argentinako hiriburuan, Buenos Aireseko Euskaltzaleak euskaltegiak ere Euskararen Eguna, eskolen eta urtearen amaiera ospatu zituen joan den larunbatean. Hitzordua iluntzeko 8:30etan izan zen, eta jaiari hasiera emateko, erakundeko abesbatzak, Eliseo Rodriguez zuzendari, “Aldapeko”, “Kanpai hotsak”, “Agur hondartzak” habanera, “Umorez”, “Ez bedi galdu euskara” eta “Agur Jaunak” kantatu zituen.

Jarraitzeko, erakundeko lehendakariorde Mariana Arlak euskaltegiak urtean zehar garatu dituen ekintzen laburpena eta euskaltegiaren webgune berria aurkeztu zituen. Etxeko sukaldariek – Sylvia Saez-ek eta Florencia Ispizuak -- prestatuta pintxoak dastatu ondoren, ikasle talde guztiek euren urte amaierako lanak eskaini zizkioten bildutako jendeari. Bideo, abesti eta jolasen bidez bururatu zuten Buenos Aireseko euskaltzaleek euskarari eskainitako omenaldia.

Euskararen eguna Euskaltzaleak-en 2011 06

[Euskararen Eguna “guitarreada” batekin bukatu zen Euskaltzaleak-en (argazkia EuskalKultura.com)]

Ekitaldi berean, Chaco probintziako Quitilipi herriko 664 zenbakidun eskolari laguntzeko proiektuan dauden Belgrano Eskolako ikasleek ere izan zuten aukera euren lana aurkezteko. Gazteek eskerrak eman zizkieten euskaltegiko lagunei urtean zehar eurengandik jasotako laguntza eta lekukotasuna eman eta jendaurrean kontatu zuten urrian Chacora egin zuten bidaiaren esperientzia.

Datorren urteari begira, Euskaltzaleak-eko arduradunek etxe propioa izateko asmoa bideratuta dagoela adierazi zuten eta eskertu zieten egoitzaren helburuan aurrera egiteko euren teilak jadanik erosi dituztenei.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia