euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Euskaltzaleak-eko bost ikasle Euskal Herrian: 'euskarak ate bat baino gehiago ireki dizkigu'

2012/07/24

Euskal Herrira egindako bidaia kontatu zuten Euskaltzaleak-eko lagunek (argazkiak Euskalkultura.com)
Euskal Herrira egindako bidaia kontatu zuten Euskaltzaleak-eko lagunek (argazkiak Euskalkultura.com)
Ezohiko 'topaketa' bat egin zuten joan den ostiralean Buenos Aireseko Euskaltzaleak elkarteko kideek. Argentinan ‘Lagunaren Eguna’ ospatzen zen eta bost lagunek hitzaldi bat eman zuten euskaltegiaren egoitzan. Ez ziren nolanahi aukeratutako boskotea, duela hamar bat urte Buenos Airesen euskara ikasten hasitako jendea baizik, ikaskideak izanda Euskal Herrira elkarrekin joatea erabaki zutenak. Behin egin zuten, duela bost urte, eta oraingoan, bigarrenez, joan den ekainaren 12an, Roberto Aguirre, Andres Jaunsolo, Sylvia Saenz, Carlos Saharrea eta Elsa Usandizaga euren arbasoen lurrerara abiatu ziren hiru asterako. Buenos Airesera bueltan euren bidaia kontatu zuten, "izugarri ona", eta euskarari egozten diote erruaren zati handi bat.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Diasporako euskal etxeetan euskara ikasten hasten diren pertsona askorentzat, Euskal Herrira bidaiatzea amets edo proiektu handia bihurtzen da. Aipagai dugun lagun talde honek asmo hori errealitate bihurtzea erabaki zuen, eta hala egin zuten 2007an, eta aurtengoan, euskara gehiago jakinda, bigarrenez. Buenos Airesko Euskaltzaleak-en euskaltegian 2002an elkar ezagutu eta orain, bigarren bidaiatik bueltan, euskaltegiko gainontzekoekin partekatu nahi izan zituzten euren bizipenak Roberto Aguirre, Andres Jaunsolo, Sylvia Saenz, Carlos Saharrea eta Elsa Usandizagak.

Ibilbidea eta txangoak

Bost bidaiarien artean kontatu zuten ibilbidea, bakoitza tarte edo alderdi baten berri emanez. Andres-en kasuan, berari egokitu zitzaion taldeak egindako 4.000 kilometroak nondik nora eta zein errepideetatik egin zituzten kontatzea. Carlosek, berriz, txangoak deskribatu zituen. Eguraldi ona baliatuz eta Euskal Herriko bazter guztiak ezagutzeko jakin-minak bultzatuta, Otsozelaiko Harpeak, Santimamiñeko kobak, Balmaseda, Enkarterri, Erronkari, Larrungo trena, Urederraren iturburua, Ordiziako Azoka, Añanako Gesaltza, Orbaizetako Arma Ola, Aralarko San Migel, Arabako trikuharriak eta Azpeitiako Trenbidearen museoa bisitatu zituzten, besteak beste eta lekuetako batzuk aipatzearren, ongi baino hobeto aprobetxatutako bidaia trinkoan.

Gizartea, artea eta sukaldaritza

Elsa Usandizaga soziologoa da baina bere aurkezpena beste ikuspuntu batetik egin zuen. Berak klarki adierazi zuenez, “txikitatik Euskal Herriak herri independente eta aske bat izan behar zuela ikasi nuen aitarengandik; euskaldunen eskubideak errespetatzearen alde nago, ikuspuntu horretatik hitz egingo dut eta mesedez, ez ezazue espero objektiboa izan nadin” argitu zuen hasieratik. Sarrera honekin, herriz herri bidaiatuz nabaritu zituen gizarte mugimenduez hitz egin zuen Elsak.

Roberto Aguirrek Euskal Herriko adierazpen kulturalei buruz hitz egin zuen. Hainbat argazkiz baliaturik, bisitatutako jauregi, eliza eta herri askotako arkitektura deskribatu zituen Robertok. Euskal musikari buruzko xehetasun batzuk ere azaldu zituen.

Aurkezpenarekin bukatzeko, Sylvia Saenz-en esku ibilbide gastronomikoa ere egin ahal izan zuten Euskaltzaleak-en egoitzara bertaratutako lagunek. Sylviak Euskal Herriko gaztak – Idiazabalgoak eta Erronkarikoak – eta ardoak goraipatu zituen. Komentatu zuen baita ere nolakoa izan zen Ordiziako plazan egindako herri afaria eta Uharte Arakilgo tortilla txapelketa.  

'Euskarak ate bat baino gehiago ireki dizkigu'

Urte dezente daramatzate bost lagun hauek Euskaltzaleak euskaltegian eta egia da gaur egun elkarrekiko ikasleak baino gehiago direla esan daitekeela. Izan ere, denborarekin ardurak hartu eta guztiak pasatu dira erakundeko Zuzendaritza Batzordeko kide izatetik eta instituzioarekiko duten engaiamendua eguneroko zereginetan ikus daiteke. Euskara izan dute bilgarri 2002an Euskaltzaleak-en hasi zirenetik. Eta argi dute urte hauetan ikasitakoa altxor bat dela, "giltza bitxi bat".

“Euskaltzaleak-en, normala egiten zaigu euskara ikasi eta hitz egitea. Eta batzuetan ez gara konturatzen gurea batzuentzat fenomeno berezia dela. Bidaia honetan, horretaz jabetu gara, euskara genekielako primerako harrera egin baitigute leku bat baino gehiagotan, Pasaian gertatu zitzaiguna kasu. Joan ginen hango ontziola ezagutzeko asmotan baina eguerdian heldu ginenez, itxita zegoen. Hala ere, atera jo eta irten zen morroiak, bazkaltzen harrapatu genuenez haserre samar ireki zigun. Gure azentua entzun eta konturatzean euskaraz azaltzen geniola argentinarrak eta uruguaitarrak ginela (Andres eta Sylvia Montevideokoak dira), hura nahiko izan zen gizonaren jarrera aldatzeko. BostPasatzeko esan eta leku osoa bisitatzen utzi zigun. Oso harro sentitu ginen gure euskarak, hainbat urtetan landu diginak, nola sentiarazten gaituen eta zer nolako aukerak ematen dizkigun ikustean”.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia