euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Euskal Zine Ibilitariko arduradun Carlos Gabilondo eta Norma Carrizo Donostiako Zinemaldian izango dira irailean

2017/08/01

Norma Carrizo eta Carlos Gabilondo Habanako kaleetan
Norma Carrizo eta Carlos Gabilondo Habanako kaleetan

PUBLIZITATEA

Donostiako Zinemaldia irailaren 22tik 30era izango da aurten, ohi bezala programa oparo batekin eta izen handiko artistak lagun. Buenos Aireseko Euskaltzaleak Euskaltegian jaiotako Euskal Zine Ibiltariaren proiektuak urrats erraldoia emango du eta sortzaile eta arduradun dituen Carlos Gabilondo eta Norma Carrizo aurtengo edizioan hartuko dute parte, bisitari gisa. Donostiako egonaldiaren baitan, beste leku batzuen artean, Euskadiko Filmategiaren egoitza den Tabakalera bisitatuko dituzte.

Buenos Aires, Argentina. Kubatik iritsi berritan, garrantzi handiko beste berri bat banatu dute bi zinezaleok euskal komunitatearekin. Irailaren 22tik 30era Donostiako Zinemaldian egongo dira, euskal zinemagintzaren erreferenteak aurrez aurre ezagutze aldera. Aste osoan zehar, ideia eta iritziak trukatuko dituzte eta jaialdiaren programako hainbat aktibitatetan hartuko dute parte Carlos Gabilondok eta Norma Carrizok, antolatzaileek gonbidaturik.

Gabilondok azaldu digunez, “Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzaren bidez, akreditazioak lortuko ditugu proiekzioak ikusi ahal izateko; horretaz aparte, eta hau ere Sara Pagola ordezkariaren bitartez, Joxean Fernandezen gonbitea jaso dugu Tabakalerara bisita gidatu batean joateko, eta Euskadiko Filmategia barrutik ezagutzeko. Zinemira sari emanaldira ere gonbidatu gaituzte eta Argentinara ekartzeko materiala emango omen digute. Ilusio handiz goaz eta honek guztiak ametsa dirudi, laster beteko dugun ametsa”, adierazi du adituak.

Gogora dezagun Euskal Zine Ibiltariaren proiektua 2012an jaio zela Buenos Aireseko Euskaltzaleak Euskaltegian. Laster euskal etxearen eta Buenos Aires hiriaren mugak gainditu eta Argentina osora eraman zuen euskal zinea Gabilondok bere bikote eta laguntzaile Norma Carrizorekin. Bost urte hauetan 200dik gora film klasiko zein berri proiektatu ditu Buenos Aires probintziako herri ugaritan eta baita Neuquen, Misiones eta Entre Rios probintzietan ere. Eta hori gutxi balitz uztailaren 8tik 16ra Kubako Habanako Euskal Etxearen 140. urteurren jaian bikote argentinarra arduratu zen euskal zine zikloaz.

Orain, eta Donostiako Zinemaldira bidaiatu eta gero, une berri bat hasiko dute seguruenik. Itzulitakoan euren lan isil ibiltaria jarraituko dute egiten, euskal etxerik etxe, garai guztietako euskal zinea zabaltzen. Zorionak, lagunok!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia