euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Euskal Etxeek Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldiak prest dituzte, jaiaz gozatzeko zain

2007/11/29

2005ean San Luiseko Villa Mercedesen egin zuten Euskararen Eguneko besta
2005ean San Luiseko Villa Mercedesen egin zuten Euskararen Eguneko besta
Abenduaren hiruan ospatuko den festa honek Euskal Herriko mugak gaindituko ditu aurten ere, munduko lurraldeen artean Ameriketako Hegoalderaino ere iritsz. Urte asko daramatzate Argentinako euskal etxeek besta hau ospatzen eta jaiak bukaera bikaina emango die 2007 ikasturteko euskara klaseei. Abenduaren 1a eta 8aren arteko astean anitz jarduera izango dira Argentina euskal etxeetan, joku, musika, antzerki eta bateko eta besteko emanaldiz biziaraziz Aitorren hizkuntza zaharra.

PUBLIZITATEA

Abenduaren 1a eta 8a bitarteko astean zehar argentinar euskal etxeek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Esaterako, Jose C. Paz-eko Toki Ederren jarduerak etzi hasiko dira 18:00etan, "jolasten ere ikasten denez... jolas gaitezen" esaldiaren haritik. Txikien, hasierako eta goi mailako ikasleen jokoen ostean filme bat eskainiko dute eta jarraian etxeko dantza taldeak emanaldia. Azkenik, afariaz gozatzeko aukera izango da: paella, enpanadak, txoripan-a, ardoa eta freskagarriek osatutako menua.

Egun berean, Buenos Aires probintziatik atera gabe, Gral. Rodriguez-eko Eusko Aterpea Euskal Etxeak zazpiak aldera ekingo dio jaiari: Marcela Balbi ikasleak bandera argentinarra soinean eramango du eta euskara tailerreko txikiek, ikurriña. Ena M. Herartes ikasleak, berriz, euskararen ikur bereizgarria aurkeztuko du. Banderei harrera egin ostean María Carmen eta Alicia B. Itcea irakasleek Euskal Herriko ohitura eta historiari buruzko hitzaldia eskainiko dute. Zortzietan 'Gora Vasco' filma ikusi ahal izango da. Egun osoan zehar taberna eta kantina zabalik izango dira pintxoak, txistorrak-eta eskainiz.

La Platan Txano Gorritxu

La Platan Euzko Etxea-ko Zuzendaritza Batzordeak etzirako iragarri duen jaian parte hartzeko deia egin du. Besta eguerdian hasiko da, bazkari batekin eta jarraian urteroko mateada egingo dute Moreno plazako Gernikako Arbolan. Azkenik, arratsaldeko seietan txikien euskara taldeak 'Txano Gorritxo' antzezlana antzeztuko du.

Tres Arroyos-ko Hiru Errekak, berriz, bigarren urtez segituko dio deialdiari. Ekitaldiak bihar, etzi eta etzidamu gauzatuko dira, astelehenean egun handia gune kultural baten zabalkuntzarekin ospatzeko. Saladillo-ko euskaldunek ere astelehenean egingo dute beraien jaia, euskal laburmetraien erakustaldiarekin. Ekitaldian elastikoak eta opariak zozketatuko dituzte. Egun berean, Buenos Aireseko Eusketxen txalaparta ikastarotxo bat egiteko aukera izango da eta 20:30ak inguruan Euskal Herrira bidaitzeko hegazkin txartelen zozketa egingo da.

Cañuelas eta Buenos Aireseko Euskaltzaleak

Bestalde, Cañuelas-en festa abenduaren 7an egingo da, afari batekin. Jaki tipikoak dastatu ahal izango dira: tortila eta tximinoiak bizkaitar erara. Erakundeko abesbatzak euskarari omen eginez abestu egingo du eta txiki eta gazteek dantza ikuskizuna eskainiko dute. Horrekin batera, egunero erabiltzeko baliagarriak diren euskarazko hitzak eta hauen erdarazko esanahia agertzen duten horma irudiez apainduko da aretoa.

Larunbat 8an, Buenos Aireseko Euskaltzaleak-en, festa bederatziak aldera hasiko da, erakundeko abesbatza, Eusketxeko dantza taldea eta ikasleen erakusketekin. Afaria dastatzeko aukera ere izango da. Menua pintxoak, edaria eta gozokiek osatuko dute. Gaueko 24etatik aurrera taberna zerbitzua ere zabalik izango da. Txartelak $30 balioko du.

Astebeteko ekitaldiak Mar del Platan

Ohi bezala, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak astebeteko jaia antolatu du Euskararen Egunaren karietara, bertako Artaburu Euskara taldearen eskutik. Jai hau elkarteko kideek urteari bukaera emateko duten hitzordu nagusia izaten da eta lagun asko biltzen ditu. Ekitaldiak bihar bertan hasiko dira, haurrentzako lantegi batekin. Olentzerori gutunak idatziko dizkiote bertan. Etzi dantza taldeko txiki eta nagusiek "Casa Fraterna Los Pinares” jangelako haurrekin ekitaldia egingo dute, goxokiak banatuz.

Astelehenean lore eskaintza egingo da eta Pello Mari Otañoren 'Gu eta Guk' bertsoa irakurriko dute. Asteazkenean Bizkaiko ikastoletako haurrek bidalitako marrazkien erakusketa irekiko dute eta iazko Euskararen Eguneko Donostiako ekitaldi ofizialaren bideoa izango dute ikusgai.

Ostegunean “Aupa Etxebeste!” filma eskainiko dute, euskarazko jatorrizko bertsioan eta gaztelerazko azpitituluekin. Ostiralean “Obaba” filmaren txanda izango da, hau ere euskaraz eta erdal azpitituluekin. Artaburu Euskaltzale Elkarteak urtero argitaratzen duen aldizkaria banatuko da bertan. Aldi berean Ekitaldiei bukaera emateko, larunbatean, abenduaren 8an, Urte Amaierako Afaria egingo dute, eta bertara bilduko dira elkarteko kide eta lagunak urteko lana eta emaitza onak ospatzeko.


Lotura interesgarriak

Hiru Errekan Euskaraz, Tres Arroyoseko besta iaz
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 13an

Euskararen Eguna San Nicolaseko Euskal Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 7an

Euskararen Eguna, asteburua bestaz blai
Euskalkultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 1ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia