euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako euskal etxeek bat egingo dute asteburu honetan ‘Gora San Fermin’ ohiu tradizionalarekin

2012/07/06

La Platako 2007ko Sanferminetako ospakizuna (argazkiaEE)
La Platako 2007ko Sanferminetako ospakizuna (argazkiaEE)
Iruñeko txupinazoa eta festaren alaitasuna Diasporaraino ailegatzen ari dira eta gaurtik hasita asteburu osora luzatuko dira. Nahiz eta Iruñetik milaka kilometrora egon, jai giroa ez da, ez horixe, batere ahulduta iritsiko Argentinako euskal etxeetara. Are gehiago, erakunde askotan eten bat egingo da eguneroko ekintzetan Nafarroako hiriburuko jaiarekin bat egiteko. Artikulu honetan, EuskalKultura.com-era heldu diren Diasporako proposamenak bildu ditugu. Beraz, jantzi zapi gorria eta hurbil zaitez zure herriko euskal etxera San Ferminak ospatzera!

Buenos Aires, Argentina. 2012ko Sanferminak gainean ditugu eta Diasporako euskal erakunde asko festaren azken xehetasunak burutzen dabiltza. Gorriz eta zuriz margotuko dira bihotzak eta hiriburu nafarra gogoan Hegoamerika hegoalde honetan ere ospatuko da iruindarren jai nagusia. Topaketak eta ekintzak asteburu osoan zehar egingo dira; eta uztailaren 9an Argentinako Independentzia eguna denez gero, festa biak bat egingo dute euskal etxe askotan. Hona hemen Argentinako sanfermin giroko zenbait ospakizunen zerrenda:

La Platako Euzko Etxea

Uztailaren 8an: euskal etxearen 68. urtemugan, La Platako Euzko Etxeak egun osoko ekitaldia antolatu du Sanferminak ospatzeko.

-10:30etan, Meza Nuestra Señora de Guadalupe elizan (13. kalea, 57 eta 58.aren artean)
-11:30etan, Omenaldia Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean, Moreno Plazan (14. eta 53. kaleetan)
-13:00etan, txupinazoa, Rosita Ibarguren euskal etxeko alkatearen eskutik
-13:30etan, bazkaria (menua: enpanadak, paella, postrea, edariak / umeentzat: hanburgesa, izozkia, edariak), abesbatza, euskal dantzak etxeko dantzari eta dantzari gonbidatuekin, tartean Chascomuseko euskal etxeko dantzariak. Txokolate tartekin. Euskal etxekoek proposatzen diete etorriko direnei zapi gorria lepoan azaltzea

Tres Arroyoseko Hiru Erreka 

San Fermin jaiaren ospakizunen baitan zine ziklo bat jarri zuen martxan Hiru Erreka euskal etxeak joan den igandean, uztailaren 1ean. Proiekzioa bukatuta, askaria eskaini zitzaien gonbidatuei. Bihar larunbata, uztailaren 7an bertan, berriz, San Fermin afaria gauzatuko dute Tres Arrayoseko euskaldunek.

Tandilgo Gure Etxea

-Uztailaren 8an: Meza Santa Ana elizan. Elizkizunak bukatutakoan, euskal dantzak, zuzenean txistulari batek lagunduta. Segidan, euskal etxearen aurreko plazan, omenaldia Gernikako Arbolaren aurrean. Txupinazoa. Bazkaria, euskal dantzak eta ‘Gure Abestiak’ abesbatzaren emanaldia.

Coronel Pringleseko Eusko Biltzar

Urtero moduan zozketa berezi bat egingo dute Cnel. Pringleseko euskal etxeko lagunek Sanferminak ospatze aldera. Saria urdaiazpiko bat izango da eta saridunaren izena uztailaren 14an jakinaraziko da. San Fermin eta Argentinako independentzia gogoan, gainera, txokolatea eskainiko zaie kideei uztailaren 9ko arratsaldean. Uztailaren 15ean, berriz, meza izango da eta mezaren ostean, euskal dantzak.

Necocheako Euzko Etxea

Uztailaren 6an, gaur bertan, 22:00etan, San Fermin afaria euskal etxeko egoitzan. Aukeratzeko menuak: dilista gisatuak edo oilaskoa labean. Uztailaren 13an, berriz, Hator Hona programako partaideei harrera festa. Ordungo menua, arkume errea.

Gral. Villegaseko Villegas’ko Euskaldunak

Sanferminak direla eta, Euskal Sukaldaritza Tailerraren baitan, klase berezi bat egingo dute Gral. Villegaseko euskaldunek kari horretara. Hitzordua bihar da, uztailaren 7an, eta klasea bukatu eta gero, parte hartzaileek afaria egingo dute. Uztailaren 22an, berriz, tripaki kazolak egingo dituzte saltzeko.

Gral. Rodriguez-ko Eusko Aterpea

-Uztailaren 7an, 15:30etan, Mus Txapelketa. Sariak, 1. eta 2. postuentzat, garaikurrak; 3. eta 4. postuentzat, dominak. Izena ematea: $25. Euskal etxetik adierazi digute uztailaren 8an egingo zen errekia bertan behera geratu dela hala egitera behartu baitira. Jakinaraziko dute data berria.

Buenos Airesko Euskaltzaleak

Zine zikloaren baitan, San Fermini buruzko laburmetraia bat botako da Buenos Aireseko euskaltegi honetan, gaurko emanaldirako iragarrita dagoen ‘80 egunean’ pelikularen ondoren. Hitz batzuk ere esango dira eta Sanferminetako kantu tradizionalak abestuko dira. Hitzordua: gaur 20:00etan (filma) eta 21:30etan laburmetraia, afaria, pintxo eta babarrunak.

Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat

-Uztailaren 7an, 21:00etan, Sanferminak eta ikurrinaren eguneko ospakizuna. Afariko menua: dilista gisatuak, pankekeak, edariak. Txartelaren prezioa: $50. Dantzak, abestiak. Euskal etxekoek proposatzen diete partaideei zapi gorria jantzita agertzea.

Concordiako Ibaiko Izarra

-Uztailaren 8an, 13:00etan, San Fermin Bazkaria. Menua: sarrera, txorizo eta odolkia; bigarrena, arkumea entsaladarekin;  postrea. Txartelaren prezioa, $60. Euskal dantza emanaldia eta beste ikuskizun batzuk. Lekua: Circulo Italiano delako erakundearen aretoan.

General Rocako Gure Etxea

-Uztailaren 7an, 22:00etan, San Fermin afaria. Menua: euskal mokaduak, paella, izozkia, edariak. Txartelaren prezioa: $170. Lekua: Rio Negro probintziako Gral. Rocako Elkarte Espainiarrean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia