euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Xalbatx lapurtarrak etzi hasiko du San Miguelen, Argentinako euskal etxeetan egingo duen kontzertu bira

2009/11/04

Xabaltx-en 'Cymeus' disko berriaren azala
Xabaltx-en 'Cymeus' disko berriaren azala

PUBLIZITATEA

Diasporari begira pentsatutako proiektu bat sustatzera bidaiatu zen lehendabizikoz Argentinara 'Xabaltx' goitizenarekin ezaguna den Pantxoa Bergara. Iaz izan zen eta MMX taldearekin, esan nahi baita Maialen Errotabehere eta Mixu Mixelena lagunekin. Zenbait euskal etxetan kantatu zuen, baita iazko Euskal Astean ere, La Platan. Urtebete eta gero, esperientzia errepikatzeko asmoz itzuliko da abeslari lapurtarra bihartik aurrera Rio de la Platako agertokietara. Oraingoan banakako ikuskizuna prestatu du --tartean Cymeus bere bosgarren diskoko abestiak ere joko ditu-- eta San Miguelen, Buenos Airesen, Gral. Rodriguezen, Arrecifesen eta San Nicolasen aurkeztuko da.

Buenos Aires, Argentina. Lapurdin jaio zen Pantxoa Bergara 'Xabaltx', 1969. urtean, eta Iparraldeko musikaren ikur bihurtu zen Mixu Mixelena bere lagun zenarekin Ipar Haize izeneko taldea sortu zuenean 80. hamarkadan. Urte batzuk pasa eta gero, taldea desegin egin zen eta desegite horrek bakarka karrera egiteko aukera ireki zion. Geroztik, Euskal Herriko bazterretara zabaldu du bere jarduna eta baita Euskal Herritik kanpoetara ere.

Azken urteotan berriro bilduak ziren Xabaltx eta Mixu Mixelena, baina aldi honetan gazte baxenabartar batekin, Maialen Errotabehererekin. Hirurek MMX taldea sortu zuten eta cd bat prestatu zuten, batez ere Diasporako euskaldunei begira. Disko honi esker, hirukoteak Argentinako euskal etxe batzuk bisitatu zituen iaz eta Euskal Asteko ostiraleko erromerian baita igandeko banketean ere aurkeztu zen.

Bihartik aurrera hasiko duen bisitan, Xabaltx bakarlari dator. Alabaina, horrek ez du esan nahi musikaria bakarrik egongo denik tauletan. Buenos Airesen eta Arrecifesen Maral taldearekin joko du eta San Miguelen Ekin dantza taldearen laguntza izango du. Buenos Aires, Arrecifes eta San Miguelen egoteaz gain, Gral Rodriguezen eta San Nicolasen ere egingo ditu kontzertuak.

Baieztatuta dauden datak:

- Azaroaren 6an, ostiralean, arratsaldeko 8:30etan. San Miguelen. “Leopoldo Marechal” Antzokian, Charlone kaleko 1256 zenbakian. Antolatzailea: San Miguelgo Askatasunaren Bidea euskal elkartea

- Azaroaren 7an, larunbatean, arratsaldeko 6:30etan. Buenos Airesen, San Telmoko 'Plaza Defensa' Kultur Etxean, Defensa kaleko 535 zenbakian. Antolatzaileak: Buenso Airesko Euskaltzaleak eta Iparraldeko Euskal Etxea (CVF)

- Azaroaren 8an, igandean, arratsaldeko 8:00etan. Gral. Rodriguezen Eusko Aterpea Euskal Etxean. Mitre kaleko 370 zenbakian

- Azaroaren 11an, asteazkenean, gaueko 9:00etan. Buenos Airesko Eusko Kultur Etxean. Mexiko kaleko 1880 zenbakian. Antolatzailea: Buenso Airesko Eusketxe-Eusko Kultur Etxea

- Azaroaren 13an, ostiralean, gaueko 10:00etan. Arrecifeseko Euskal Etxeko tabernan, Lamadrid kaleko 236 zenbakian. Antolatzailea: Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxea

- Azaroaren 15ean, igandean, arratsaldeko 8:00etan.  San Nicolaseko Euskal Etxean, Belgrano kaleko 139 zenbakian. Antolatzaile: San Nicolaseko Euskal Etxea

Lotura interesgarriak

Agorila Diskoetxe
www.agorila.com

Xabaltx, Myspace-n
www.myspace.com/xabaltx

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia