euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina, Txile, Uruguai eta Brasilgo euskaltzaleen eskutik euskara ere protagonista Necocheako Astean

2011/08/16

Necocheako 2011ko Euskal Asteko logoa
Necocheako 2011ko Euskal Asteko logoa
Necochea izango da aurten Euskal Aste Nazionalaren egoitza eta bertan bilduko dira Argentinako eta munduko beste herrialde batzuetako euskaldunak. Eguneroko errutinatik urrun, azaroaren 7tik 13ra arte luzatuko den jai erraldoi honetan bihotzaren hizkuntzak erabiliko dituzte lagunek elkarren artean komunikatzeko: dantza, musika eta euskara. Euskarari dagokionez, hiru lehiaketa tradizionaletan parte hartzeko gonbitea luzatu du Euzko Etxeak. Euskara klaseak iragartzeko kartelak, idazlanak eta postalak aurkeztu nahi dituztenek irailaren 30era arteko epea dute.

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ez dutelako ikasten, dakitenek ez dutelako hitz egiten baizik”. Oso esaldi ezaguna da hau Euskal Herrian. Egiazkoa bezain ezaguna. Eta Hego Amerikako euskara ikasle eta irakasleen kopuruari erreparatzen badiogu geurea ere egin dezakegu esaera Necocheako Euzko Etxeak abian jarri dituen lehiaketetan partaidetza bultzatzeko. Hona hemen hiru txapelketen oinarriak:

Kartel Lehiaketa

Azken urteotan, Argentinako euskara klaseak iragartzeko erabiltzen diren afixak euskararen munduan dabilen jendeak berak diseinatzen ditu. Proposamena orain arte zinez arrakastatsua izan denez, aurten ere euskal etxe antolatzaileak, FEVAko Euskara Arloaren laguntzarekin, afixa lehiaketa antolatzea erabaki du, diseinu irabazleak 2012ko ikasturteko euskara klaseetarako deialdia egiteko erabilia izateko ohorea izango duelarik.

Aurtengo proposamenean Argentina, Brasil, Uruguai eta Txileko euskal etxeetako euskara ikasle eta irakasleek daukate parte hartzea, banaka edo taldeka, kartel bat edo gehiago aurkeztuz. Gaia 2012ko euskal etxeen euskara klaseen zabalkundea izango da, eta neurriak eta materialak hauexek: 0,35 0,50m, kartoizko euskarrian. Kartelean egilearen izengoitia jarri behar da, eta gutunazal itxi batean bere benetako datuak. Sarituak diploma/aipamena eta euskarazko materiala jasoko ditu eta bere kartela euskara klaseak sustatzeko material guztietan agertuko dela jakitearen poza.

Lehiaketa honetarako lanak bidaltzeko epea irailaren 30ean bukatuko da eta hona, bidaltzeko helbidea: Centro Basko Euzko Etxea de Necochea, Kartel Lehiaketa-Concurso de Afiches de Semana Vasca, Calle 65 N 2601, (7630) Necochea, Pcia. de Buenos Aires. Euskal etxeak aukeratuko ditu epaimahaikideak.

“Nire Herria” idazlana

Argentina, Brasil, Uruguai eta Txileko euskaltzaleak euren herriak nolakoak diren kontatzeko aukera izango dute lehiaketa honetan. Idazlana banaka zein taldeka aurkez daiteke, eta testu bat edo gehiago proposatu ahal dira.

Aurkezpenari dagokionez, testua euskaraz idatzi behar da, A4 tamainako orrian, 12 neurriko letra erabiliz, times new roman delako motan, eta lerro artean tarte bikoitza utziz. Testuak gutxienez 50 hitz izango ditu eta gehienez 200. Lanek izenburua behar dute izan eta CD batean bidali. Testuaren egileak izengoitia aukeratu behar du lana sinatzeko eta banaka edo taldeka egin duen, eta ikasle edo irakaslea den argitu behar die antolatzaileei, hau guztia dagokion kategorian sailka dezaten. Bestalde, gutunazal itxi batean honako datuak ezarriko dira: egilearen edo egileen izenak eta euren benetako datuak, alegia, izen-abizenak, NAN, telefono zenbakia, helbide elektronikoa, bere herriaren eta euskal etxearen izenak, euskal etxeko euskara arduradunaren izena, ikaslea edo irakaslea den, eta ikaslea baldin bada, zein urratsetan dagoen eta irakaslearen izena. Sarituek -- kategoria bakoitzean --diploma/aipamena eta euskarazko materiala jasoko dituzte.

Idazlanak bidaltzeko epea irailaren 30ean bukatuko da eta hona, bidaltzeko helbidea: Centro Basko Euzko Etxea de Necochea, Concurso de Textos de Semana Vasca, Calle 65 N 2601, (7630) Necochea, Pcia. de Buenos Aires. Euskal etxeak aukeratuko ditu epaimahaikideak.

Haurren postalak

Umeak dira etorkizuna eta euskararen etorkizuna ere haien esku dago. Hori dela eta sentsibilizatzeko ekintzak proposatzen dizkie euskal etxe antolatzaileak. Aurreko edizioetan bezala, euskal etxe guztietako haurrek postal erraldoiak egin ahal izango dituzte Euskal Asteko publikoak ikus ditzan. Postalen gaia umeek aukeratuko dute, beti euskal kulturarekin lotuta. Jarduera hau taldeka egingo da eta talde bakoitzak nahi adina lan bidali ahal izango ditu. Postalaren neurria 0,50 X 0,70m izango da eta lanarekin batera, umeen datuak --izen-abizenak eta adina; taldearen irakaslearen izena, eta herriaren eta euskal etxearen izenak-- atxiki beharko dira.

Umeek egindako irudiak irailaren 30era arte jasoko dira euskal etxean -- Txikien Postalak- Postales de los Txikis, Centro Basko Euzko Etxea de Necochea, Calle 65 N 260,1 (7630) Necochea -- eta sarituek euskaran aritzeko materiala eta diploma/aipamena jasoko dituzte. Euskal etxeak aukeratuko ditu epaimahaikideak.

Sari-ematea azaroaren 13an izango da, Euskal Asteko agur bazkarian.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia