euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina ezagutu eta bertan euskal kultura ezagutarazi nahi duzu? Eman zure izena Hator Hona programan!

2012/03/07

Hator Hona proiektuaren irudia
Hator Hona proiektuaren irudia
Irekita dago jadanik -apirilaren 20ra arte- 2012ko Hator Hona programan parte hartzeko izena emateko epea. Necocheako Euzko Etxea euskal etxeak zabaldutako deialdia 18 eta 30 urte bitarteko Euskal Herriko gazteentzat dago zuzenduta eta proposatzen dena Argentinako Necocheara etortzea da, euskara, euskal musika, dantza, sukaldaritza eta kirol tailerrak ematera, egonaldiaren truke. Aurtengo edizioaren behin behineko data uztailaren 13tik abuztuaren 5erakoa da. Animatu (edo interesa izan lezakeen inor ezagutzen baduzu, esaiozu), esperientziak balio du-eta.

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. 2004an ekin zioten Necocheako Euzko Etxea-ko lagunek Hator Hona proiektuari eta hasiera-hasieratik arrakastatsua suertatu zen oso. Izan ere, orain arte egindako zortzi esperientzietan berrogeita hamabost gazte etorri dira Euskal Herritik Argentinara, kostaldeko hiri honetako lagunekin euskal kultura partekatzera.

“Gure euskal etxekoen euskal sentimendua sendo eta eguneratuta mantentzeko asmoz sortu genuen proiektua”, azaltzen digute Euzko Etxea-tik. “Gonbitearen helburua gazte euskadunak Necocheara etortzea da, euskara, dantza, musika, sukaldaritza eta kirol eskolak ematera eta horren truke, euskal etxeko familien etxean geratuko dira eta ostatu osoa emango zaie. Gaur egun euskal etorkin gehiago etortzen ez direlako eta gure herrialdearen egoera onena ez delako, euskal kultura mantentzea euskal etxekoon eskuz dago eta horrek bultzatu gintuen proiektu hau egitera. Izandako oihartzunak argi uzten digu asmo onak eta borondatea daudenean, euskal sentimendua bizirik mantentzeko baliabideak agorrezinak direla”, dio Necocheakoek zabaldutako gonbiteak.

Hauek dira Hator Hona proiektuan parte hartzeko baldintzak:

-18 eta 30 urte artekoa izatea,
-euskara, euskal musika, dantza, gastronomia edo kirolen ezagutza izatea
-ez da titulurik eskatzen, esperientzia eta irakasteko gogoa besterik ez
-bidaia txartela ordaintzea, ostatuaz euskal etxea arduratuko baita

Necocheako egonaldiaren behin-behineko data uztailaren 13tik abuztuaren 5era da, Buenos Aires probintziako neguko oporrekin batera. Data hauek, ordea, baieztatuko dira. Izena emateko epea, berriz, apirilaren 20ra arte luzatuko da eta ekimenak zabalik daukan blogean egin daiteke, www.hatorhona.blogspot.com helbidean.

Blogean bertan plazaratuko dira proiektuan parte hartuko duten Euskal Herriko neska-mutilen izenak. Nobedade gisa, Facebook-en ere aurki daiteke orain Hator Hona proiektua, “Proyecto Hator Hona” helbidean. Bestela, informazioa eskatzeko, hatorhona@gmail.com jo daiteke.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia