euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina: 'Euskal Echea Kluba' eta 'Euskal Topaketak': Euskal Echea Elkartearen bi proposamen berri

2016/04/27

Euskal Echea elkartearen proiektu berriak: Kluba eta Euskal Topaketak
Euskal Echea elkartearen proiektu berriak: Kluba eta Euskal Topaketak

PUBLIZITATEA

‘Club Euskal Echea’ izeneko proiektua Euskal Echea Kultura eta Ongintza elkartearen baitan jaio da gizarte, kultur eta kirol ekintzak bultzatzeko. Eskolako egungo ikasle eta ikasle ohiak, euren familiak eta lagunak sar daitezke klubera –dagozkien izapideak bete ondoren– eta aktibitateak Eskolako Llavallolgo egoitzan izango dira. Euskal Topaketak, berriz, hiriburuko egoitzako Euskara eta Euskal Kultura departamentuak antolatzen ditu, euskal kultur dinamizatzaile. Bigarrena bihar izango da, sukaldaritza ikasgai.

Buenos Aires, Argentina. Aurten 112 urte beteko dituen Argentinako Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkarteak bi proiektu berri abiarazi ditu azken bolada honetan. Alde batetik, 'Euskal Echea Klub'ean mota askotako ekintzak garatzen ari dira jadanik, tartean helduentzako futbol txapelketak, emakumezkoentzako hockey klaseak eta helduentzako Antzerki Tailerra. Maiatzaren 7tik aurrera, gainera, umeentzako Futbol Eskola eta Dantza Eskola abiatuko dira. Klubeko proposamen guztiak Llavallolgo instalazioetan garatuko dira.

Klubeko kide izateko gonbitea zuzendu zaie Euskal Echea-ko ikasle eta gurasoei, ikasle ohiei, ikasle ohien gurasoei, erakundeko langileei eta elkarteko kideei. Kide gonbidatuak ere sartu ahal izango dira baina kasu honetan Euskal Echea-ren komunitateko bi kideren bermea izan beharko dute. Kide izateko baldintzak eta prezioak, hemen.

Euskal Echea Kluba Facebooken ere badago, Club Euskal Echea izenpean. Informazio gehiago jasotzeko, kontaktu helbideak hauexek dira: sociosclub@euskalechea.org.ar edota clubeuskalechea@euskalechea.org.ar.

Euskal Topaketak

Beste gonbite honekin batera, Euskal Echea-tik jakinarazten dute 2016 honetan 'Euskal Topaketak' ere hasi direla baina hauek elkarteak Buenos Aires hiriburuan duen egoitzako Euskara eta Euskal Kultura departamentuak antolaturik. Euskal Topaketak urtean zehar egingo dira, hilabete bakoitzaren azken ostegunean, arratsaldeko 6:30etan.

Lehenengo Euskal Topaketa martxoaren 31an izan zen eta edade guztietako jendea bildu zen euskararen inguruko hainbat ekintza egiteko. Euskararen gaurko egoera eta oinarrizko ezagutza batzuk izan ziren elkarretaratzearen ildo nagusia.

Bigarren topaketan, berriz, euskal gastronomia hartuko da abiapuntu eta Eduardo Oliveto sukaldariak klase praktiko bat eskainiko du pintxoak egiten irakasteko. Hitzordua bihar da, osteguna, apirilaren 28a, 18:30etan, Buenos Aires Hiriko Sarandi kaleko egoitzan. Lekua mugatua denez, aldez aurretik eman behar da izena euskalkultura@euskalechea.esc.edu.ar helbidean.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia