euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina: Chascomuseko EEak antolatutako Udalekuak, iaz izandako partaide kopurua bikoiztu egin du aurten

2017/02/03

2017ko parte-hartzaile eta laguntzaileak igerilekuan
2017ko parte-hartzaile eta laguntzaileak igerilekuan

PUBLIZITATEA

Zingirako Euskaldunak euskal etxe chascomustarra antolatzaile, 44 nerabe bildu ditu iragan urtarrilean udaleku argentinarraren 7. edizioak, Maipu, Mar del Plata, Cañuelas, Bahia Blanca, Rosario, Posadas eta Chascomus bertatik etorriak. Euskal Etxeak balantze ezin hobea egiten du eta datorren urteari begira animatu nahi ditu euskal etxeak oro Udalekuaren partaidetza lehenbailehen antolatzen hastera.

Chascomús, Argentina. Urtarrilaren 3tik 7ra egin da 2017ko Udalekua, partaideak Maipuko Anaitasuna, Mar del Platako Denak Bat, Cañuelasko Denak Bat, Bahia Blancako Union Vasca, Rosarioko Zazpirak Bat, Posadasko Euskal Jatorri eta Zingirako Euskaldunak euskal etxeetatik etorritako gaztetxoak.

Aurreko edizioetan bezala, euskal kulturari lotutako hainbat aktibitate garatu ziren astean zehar, tartean pilota eta herri kirol eskolak, dantza, musika, sukaldaritza eta euskara tailerrak, eta euskal mitologia. Baina nobedadeak ere egon ziren: lau euskal futbol talderi buruzko hitzaldi bat eman zieten monitoreek umeei –ean nahi baita Osasuna, Alaves, Athletic eta Realari buruz, barka dezatela eibartarrek– eta horren ostean futbolean aritzeaz gain haurrek talde horien elastikoak margotu zituzten.

“2017ko Udalekua bikaina atera da”, azaldu du Berasainek. “Neska-mutilak poz-pozik amaitu zuten; nekatuta, ekintza guztietan parte hartu zutelako, baina gustura". "Batzuentzat lehen aldia izan zen eta zinez harrituta zeuden". "Eta guztiei ideia ona iruditu zitzaien mugikorra ez erabiltzeko egin genien proposamena. Hori ere arrakastatzat jo behar dugu!”, adierazi digu irri artean ekimeneko arduradun taldekoa izan den Paula Berasainek.

Koordinazio lanari dagokionez, antolatzaileek goraipatu nahi dute Euskal Etxeko begiraleek egindako lana eta, batez ere, Euskal Herriko Ondiz Furundarena eta Ioar Oteiza gazteen laguntza. “Ondiz ikasten dabil Argentinan, eta begirale izateko inguratu zitzaigun. Ioar, Eusko Jaurlitzaren Ordezkaritzak bidalia etorri zen, laguntzeko". "Egiari zor, harreman estua sortu zuten beraien eta nerabeen artean; giro ederra jarri zioten Udalekuari”, jakinarazi dio EuskalKultura.com-i Berasainek.

Geroari begira, deialdia indartu nahi dute antolatzaileek eta horretarako gonbitea luzatzen diete euskal etxeei 2018ko Udalekuko partaidetza ahalik eta azkarren prestatzen hasteko. “Konparazio, Bahia Blancako Union Vascako taldeak oso goiz erabaki zuen etortzea. Ondorioz, urtean zehar haurrek ekimenak egin dituzte dirua biltzeko. Baina dirua ez da izan lortu duten gauza bakarra; elkarrekin lan egiteak indartu egin du taldea; eta uste dugu eredu polita dela gainerako euskal etxeei proposatzeko”, adierazi dute chascomustarrek.

2017ko Udalekuari amaiera emateko, Lipdub bat egin zuten bisitari eta anfitrioiek.

Lipdub-a eta argazki gehiago, Udaleku Chascomus Facebook orrian.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia