euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argazki erakusketa batekin hasiko da Santa Rosako ‘Zelaiko Euskal Etxea’ EEa bere 20. urteurrena ospatzen

2012/05/22

Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxea-ko lagunak elkartearen egoitzan artxiboko irudi batean (argazkia EE)
Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxea-ko lagunak elkartearen egoitzan artxiboko irudi batean (argazkia EE)
Bi hamarkada beteko dira aurten La Pampa probintzia argentinarreko hiriburuko euskaldunak biltzen hasi eta ‘Zelaiko Euskal Etxea’ izeneko elkartea sortu zutenetik. Karia horretara elkartekideek ekintza berezi batzuk antolatuko dituzte urteurrena nabarmendu eta behar bezala ospatze aldera. Ekintzen egitaraua datorren asteko ostegunean abiatuko da, Udal Kultur Gunean estreinatuko den argazki erakusketa batekin. “Hogei bat lagunek ekarri dizkigute euren argazkiak eta orain material guztia taxutzen bukatzen ari gara kultur gunean ikusgai jartzeko. Erakustaldiaren muina probintziara heldu ziren lehenengo euskaldunen irudiak dira”, azaldu digu Zelaiko Euskal Etxea-ko kide den Dora Valsecchi Sarrateak.

PUBLIZITATEA

Santa Rosa, Argentina. Erakundearen 20. urtemuga ospatzen hasteko asmoarekin La Pampa probintziako Santa Rosako ‘Zelaiko Euskal Etxea’ko lagunek ‘Euskal Irudiak’ izeneko erakusketa inauguratuko dute. Erakusketa osatzeko, deialdi ireki bat egin zuen euskal etxeak eta horri erantzunez hogei bat herritarren materiala lortu dute. Argazkiak ekainaren 1etik aurrera egongo dira ikusgai Udaletxeko Kultur Gunean eta irudien arteko lotura Euskal Herritik La Pamparaino heldu ziren etorkinak eta garai hartako paisaia eta irudiak dira.

“‘Euskal Irudiak’ ekimena hogeigarren urtemuga ospatzeko egingo dugun ekintzetako bat da. Urrirako beste erakusketa bat egiteko asmoa dugu, oraindik ez dago baieztatuta baina xedea pintura, grabatu eta oro har artista plastiko batzuen erakusketa bat egitea da”, iragarri dio Dora Valsecchi Sarrateak EuskalKultura.com-i.

2012 osoan zehar Euskal Etxeak bere ohiko gainerako ekimenekin segituko du, tartean lagun arteko ohiko bazkariekin.  Azpimarratu behar da euskal etxeko egoitzan egiten diren topaketa hauetan ere egoten direla ikusgai hainbat artisten lanak, hala nola pinturak eta egurrezko artelanak. “Bitartean saiatzen ari gara euskal etxeko dantza taldea berrantolatzen. Beste alde batetik, uztailaren 31an beteko da zehazki euskal etxearen urtebetetzea eta egun horretan bilkura berezi bat egiteko asmoa dugu”, azaldu digu Valsecchi Sarrateak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia