euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Apirilean euskaraz Txekian: Korrika 17 eta poesia gaualdia Harkaitz Cano eta Asier Serranorekin Brnon

2011/04/20

Harkaitz Canok eta Asier Serranok Brnon eskaini zuten irakurraldi musikatua (argazkia AMaya)
Harkaitz Canok eta Asier Serranok Brnon eskaini zuten irakurraldi musikatua (argazkia AMaya)
Brnoko Masaryk unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura ikastaroak euskaraz jantzi nahi izan du txekiar hiria udaberri honetan eta urtero legez Euskal Kultur Astea antolatu du. Joan den apirilaren 14ean Harkaitz Cano eta Asier Serrano poetak izan ziren Brnon, Kristalezko Zelaia izeneko aretoan ilunabar poetiko-musikala eskaintzeko. Horrez gain, joan den asteburuan unibertsitateko euskara ikasleek eta Brnon bizi diren euskaldunek Korrika 17rekin bat egin eta hirian zehar ibilaldia egin zuten.

PUBLIZITATEA

Brno, Txekia. Brnoko Euskara eta Euskal Kultura irakurle programak hainbat kultur ekitaldi egin ditu apirilean Txekiar Errepublikako hiri honetan. Hasteko, joan den apirilaren 14ean Harkaitz Cano idazlea eta Asier Serrano poeta eta musikaria izan ziren bertan, 'Europaren bihotzean' izeneko euskal poesia gaua eskaintzeko. Ekitaldia 'Kristalezko Zelaia' (Sklenena Louka) izeneko aretoan egin zen. "Lubaki Banda oroituz, poesiaren lubakietan gotortu ginen ganbaran, Kristalezko Zelaian", azaltzen du Ainara Maya irakasleak.

Ilunabar poetiko-musikala euskaraz eta txekieraz izan zen, Brnoko euskara-ikasleen itzulpenei esker. Emanaldiaren ostean, giro ederraz eta poesiaz gozatzeko gogoa asetu gabe, kantuak eta musikak goizaldera arte luzatu ziren. "Euskal pastelaren inguruan eta garagardo edo pivo txekiarrez blaiturik zintzurrak kantuan aritu ginen gitarraren laguntzaz. Gauaren soka luzeari segika goizaldeko ordu txikitan oheratu ginen... ", kontatzen du Mayak.

Korrika 17 Txekian

Bestalde, Euskal Kultura ikastaroak antolaturik, joan den asteburuan Korrika 17 heldu zen Brnora, eta Ainara Maya irakaslea buru zelarik hiriko kaleetan barrena ibili ziren Txekiako euskaldunak eta euskara eta euskal kultura ikasleak. Korrikalariak lasterketaren petoak soinean eta Korrikaren pankarta handi batekin egin zuten ibilbidea.

Korrika 17 Brno

[Brnoko euskalakariak, lasterketa hastera zihoazela (argazkia AMaya)]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia