euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Apelli2 Vascos' aldizkariak urteak bete ditu eta ospatzeko genealogia liburu bat oparituko die harpidetu berriei

2008/06/17

Argentinako Concordiako Inchauspe-Ugartemendia sendiko sema-alabak
Argentinako Concordiako Inchauspe-Ugartemendia sendiko sema-alabak
'Apelli2 Vascos' aldizkaria e-mail bidez zabaltzen den genealogiari buruzko buletin elektronikoa da. Aurten bostgarren denboraldia du eta hilabete honetan bertan urteak betetzen dituela aitzaki hartuta, aldizkariko arduradunek urtemuga harpidetuekin ospatzea erabaki dute: hilabete bukaera harte azken alea erosi edo harpidetu egiten direnek genealogia liburu bat jasoko dute opari. Horrezaz gain, aldizkariaren portadarako antzinako famili argazkiak bidaltzen jarraitzeko gonbitea egiten diete irakurleei. Arrakasta handia du atal honek, batez ere Diasporako euskaldunen artean.

Donostia-San Sebastián. ‘Apelli2 vascos’ aldizkari elektronikoa 2004 urtean jaio zen, ‘Euskal Abizenak’ aldizkaria sareko buletin bihurtu zenean. Argitalpenaren arduradun Fernando Lopez Permisánek azaltzen dizkigu aldaketaren arrazoiak:  ‘Euskal Abizenak paperean argitaratzen zen, bi hilero eta lau hizkuntzatan (euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa). Ahalegin handia zen baina bi hilean behin argitaratzen zenez ezin genuen aktualitatea bildu'. Sarera eta PDF formatora aldatzean aldizkaria astekari bihurtu zen eta dagoeneko 192 ale argitaratu dituzte.

Irakurleen harrera urte hauetan 'oso ona' izan da eta aldizkariak herrialde desberdinetan ditu harpidetuak: Euskal Herria, Katalunia eta espainiar estatuan gehienak, baina baita AEB, Argentina, Frantzia, Mexikon... ere. ‘Harrigarria da, baina AEBko harpidetuak ez datoz Idaho edo Nevada bezalako estatu euskaldunagoetatik, baizik eta Texas, Arizona edo Floridatik... Mexiko, Kuba eta Puerto Ricoko emigrazioa jaso zuten estatuetatik, alegia', azaltzen du Lopez Permisánek. ‘Eta gero kasu  bitxiak ere badaude, adibidez Korea eta Japoniako harpidetuak'.

Urteurrena irakurleekin ospatu asmoz aldizkariko arduradunek genealogiari buruzko liburu bat oparituko diete hil bukaera bitartean azken alea erosi edo harpidetzen direnei  (buletinaren ale baten prezioa 3 euro dira eta urteko harpidetza  - 48 buletin inguru- 18 euro). Gainera aldizkariak irakurleei euren familien antzinako argazkiak bidaltzen jarraitzeko gonbitea egiten die. Argazkiak buletinaren portadan agertzen dira eta aldizkariaren webgunean ikusgai dagoen Argazki Galerian plazaratzen dira.  

antzinako argazkiak apellidos vascos


[Goiko irudian Paranako Ricardo Marcó Muñoa irakurleak bidalitako argazkia: Juan Jose Marcó Laurencena eta bere sendia. Marco Gualeguay-n (Entre Ríos, Argentina) jaio zen 1858an. Gurasoak Jean Marco (Senpere, Lapurdi) eta María Bautista de Laurencena y Laurencena (Zugarramurdi, Nafarroa) zituen. Argazkia Buenos Airesen atera zen, 1895an
]


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia